Skip to main content
Europako lehenengo elektromugikortasun lantegiaren inaugurazioa

Europako lehenengo elektromugikortasun lantegiaren inaugurazioa

Aduna 2018ko maiatzak 11

Gaur inauguratuko da Adunan Irizar e-mobilityren lantegia, Europako lehenengo elektromugikortasun lantegia. 75 milioi euroko inbertsioa izan da, eraikitako 18.000 m2ko azalera du eta ia 4 hektareako lursailean dago.

Autobus elektrikoak ez ezik, hirien elektromugikortasun beharrak osatuko dituzten beste ibilgailu industrial batzuk ere fabrikatuko dira han. Hasieran urtean 1.000 ibilgailu egiteko gaitasuna duen lantegi berrian, ibilgailuez gain osagai eta sistema nagusiak ere fabrikatuko dira.

Hasierako produkzio erritmoa hiru egunez behin autobus bat egitea izan zen eta gaur egun bi egunez behin egiten da autobus bat.

Dugun eskaera zorroaren ondorioz produkzioa bikoiztu egingo da irailean eta eguneko autobus bat egingo da.

Irizar e-mobilityren lantegi hau eraikitzeko elementu berritzaileak eta abangoardiako irtenbideak erabili dira eta indar berezia egin da ekoiraunkortasuna definitzen duten kontzeptuetan. Berezitasun batzuk aipatuko ditugu: planimetria altuko zolarria uzkurtze junturarik gabe; indukzio bidez finkatutako xafladun teilatua; eraikinaren barneko nahiz kanpoko LED argiztapena; eraikinaren instalazioen eta produkzio prozesuaren (argiztapena, klimatizazioa, berogailua, pneumatika, pinturako kabinak…) kontrol zentralizatua; aretoen kudeaketa ukipenezko agintearekin…

Lantegi osorako berogailu sistema du eta beharrezko ur beroa biltegiratzeko sistema bat ere bai; hori ondoko lursailean dagoen enpresa baten bero-soberakinarekin lortzen da.

Lantegian probetarako pistak eta entsegu bankuak daude ekipoen fidagarritasuna eta eraginkortasuna bermatzeko eta ibilgailuek daramaten teknologia, osagaiak eta sistemak egiaztatzeko.

Aipatutako horiei guztiei esker energia eraginkortasuneko A ziurtagiria lortu du, gaur egun Europan aitortzen den maila gorena.

Ezagutzari eta talentuari irekitako lantegi berritzaile eta abangoardista

Nabarmendu beharreko beste arlo bat aberastasuna eta enplegua sortzearekin lotutakoa da. Dagoeneko 150 lanpostu sortu dira eta 200 izango dira urtea bukatzerako; datozen bost urteetan beste 300 eta 500 artean sortzea aurreikusten da.

Eta aurrekoa bezain garrantzitsua da ezagutza eta talentua geureganatzea eta horrela gaitasuna areagotzea berrikuntzarako eta etorkizuneko erronkei erantzuteko teknologia sortzeko. Enpresako pertsonen batez besteko adina 26 urtekoa da. Mundua aldatuko duten tamaina handiko proiektuekin konprometitutako pertsona grinatsuak dira.

Irizar Taldearen teknologia aitzindaria

Irizar e-mobilityren produktu gamak, zero igorpeneko autobus eta ibilgailu elektrikoak, taldeko teknologiarekin garatu dira; teknologia abangoardista, fidagarria eta europarra. dituzte Europako ikerketa eta garapen zentro entzutetsuenekiko lankidetzan egindako sektoreko ekarpen tekniko aitzindariak txertatzen.

Teknologia horiek Europako araudi guztiak betetzen dituzte eta Irizarko laborategi eta proba bankuetan eta ibilgailuetan bertan probatuta daude eta 2014tik hirietako operadoreek berretsi dituzte.

Gaur egun, Irizar Taldea Europako tamaina handiko proiektuetan parte hartzen ari da aktiboki hirien etorkizuneko elektrifikazioaren eta bidaiarien garraio publikoaren arloan. Nazioarteko dimentsio hori egiaztatuta geratzen da hainbat proiektutan: gidatze autonomoa, energia biltegiratzeko sistemetan hobekuntzak, energia efizientzia, karga sistemen estandarizazioa, konektagarritasuna, big data, adimen artifiziala… guztiak dira oinarrizkoak garraio garbi, eraginkor, azkar, estandarizatu, inteligente eta konektatuaren belaunaldian.

Taldeko berrikuntza eta teknologia oinarri izanik, autobusaren erabilera bultzatu nahi da hirietan behin betiko, hiri inguruneetan pertsonen garraio masiborako aukerarik onena delakoan; eta era berean, Irizar Europako abangoardia teknologikoan kokatu nahi dugu, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa izango den hiri autobus honekin.

Irizar e-mobility Giltza eskura produktu eta zerbitzuak

Irizar e-mobilityren helburua hirietarako elektromugikortasun irtenbide pertsonalizatu eta integralak ematea da, bai autobus %100 elektrikoen fabrikazioari dagokionez, bai karga, trakzio eta energia biltegiratzeko azpiegitura sistema nagusiak fabrikatu eta instalatzeari dagokionez. Horiek guztiak Taldearen teknologiarekin diseinatu eta fabrikatu dira %100, Irizarren zerbitzuaren berme eta kalitatearekin.

Horrela, operadoreak beste abantaila bat du, proiektuaren fase guztietan solaskide bakarra izatea, salmenta ondoko zerbitzua, mantentze-lanak eta konponketak neurrira egitea barne, eta ibilgailuei arreta osoa ematen zaie.

Lantegi berri honetan 2014tik Europako hainbat hiritan dabiltzan 10,8 eta 12 metroko hirietarako autobusak eta autobus artikulatuak egiten dira, eta berehala biartikulatuak eta beste zenbait ibilgailu elektriko.

Irizar e-mobilityren ibilgailuen gaman hiru modelo daude gaur egun: Irizar ie bus, Irizar ie tram eta Irizar ie truck

Irizar e-mobilityk aholkularitza lanak ere egiten ditu. Irizarrek operadoreen zerbitzu lineatan egindako energia azterketetatik eratorritako datuekin (ustiapen datuak, abiadura, klima, orografia…) aholkularitza ematen da jarri beharreko energiaz, optimizazioa estrategiez, potentzia parametroez, karga denborez eta baterien bizitzaz.

Irizar e-mobilityk ibilgailuaren sistema eta osagai nagusien mantentze-lan prediktiboa eta integrala egiten du eta horrek eragin zuzena du bizitza zikloaren kostuetan, ibilgailuaren erabilgarritasunaren hobekuntzan eta aktiboaren hondar-balioan. Monitorizazio tresnak erabiliz lortzen da hori, batez ere. Ibilgailua monitorizatzen dute (ateak, bateriak, klimatizazioa eta berogailua, pantografoa, trakzio katea…) eta busaren erabilgarritasun eta fidagarritasun estatistikak ematen ditu, mantentzeko denbora optimizatzen da eta sistemaren jarraipena egiten da denbora errealean.

Teknologia inteligentea Irtenbide errentagarri eta abangoardistak eskaintzen ditugu, eta txertatutako sistemetan eguneratzeak egiten ditugu etengabe ibilgailu bakoitzaren bizitza ahalik eta gehien aprobetxatzeko erronkari eraginkorrago erantzuteko, eta hartara aktiboen balioa optimizatzeko.

Irizar e-mobilityk, azkenik, flotak kudeatzeko sistema erabat pertsonalizagarria eskaintzen du, kostuen eta eraginkortasunaren jarraipen zorrotza egiten du, flota bakoitzaren errendimendua eta errentagarritasuna optimizatu daitezke, eta gidatzean segurtasuna emateaz gain.

Irizar ie busa

Autobus modelo erabat seguru, fidagarri eta errentagarria da, egiaztatutako autonomia eta efizientziarekin, eta gainera, operadoreei egokitzeko aukera handiak eskaintzen dizkie, bai produktuari, bai zerbitzu integralari eta ibilgailuaren bizitza osorako mantenimenduari dagokionez.

12 metroko autobus modelo honek 200 eta 220 kilometroko autonomia du 15-17km/h abiaduran. 14 eta 16 ordu artean gidatzea bermatzen du zirkulazio handiko inguruneetan, hirian nahiz hiri artean eta hainbat baldintza klimatologikotan. Proba horiek ibilgailuen autonomia eta eraginkortasuna bermatzen dute.

2014tik Irizarko zero igorpeneko ehun autobus baino gehiago dabiltza Europako hirietan gelditu gabe:

Bi bertsio gehitzen zaizkio orain 12metrokoari, 10,8 metrokoa eta 18 metroko artikulatua bi, denak motor % 100 elektrikoarekin eta zero igorpenekin.

Irizar ie tram

Modelo hau 12 m eta 18 m-ko artikulatuaren arteko bertsioetan egiten da, eta gehienez 155 pertsonarentzako gaitasuna du. Tranbia baten ezaugarri estetikoak dituen autobusa da. Tranbia baten gaitasun handia eta sartzeko eta irteteko eta barruan ibiltzeko erraztasuna ditu, hiriko autobus baten malgutasunarekin.

Irizar ie tram hizkuntza estetiko minimalistatik abiatzen da, apaingarririk gabe, eta bere ezaugarri guztiek alderdi funtzional zehatzei erantzuten diete. Horrek erabiltzaileek berehala identifikatzen dituzten identitatea eta irudia ematen dizkio. Irisgarritasunak, segurtasunak, zirkulazio joan-etorriak eta bidaiariaren erosotasunak inspiratu du barrualdeko arkitektura eta gune argitsu, eroso, espaziotsu, atsegin eta segurua osatzen da.

Irisgarritasuna eta bidaiarien joan-etorria erraztuen duten hainbat ezaugarri ditu: 8 ate lerrakor, zoru baxua, eserlekuen antolaera, barruko banaketa joan-etorrirako korridore handiekin, gurpildun aulki/umeen aulkiei erreserbatutako guneen

seinaleak, gelditzeko eskaera soinu bidez, txartela balidatzeko gailuen kokapena, gidariaren lanpostuaren diseinua eta 250-270 mm arteko “belaunikatzea edo kneelinga” erraz eta eroso sartu eta irteteko.

Entretenimendurako, berriz, Irizarrek hainbat aukera eskaintzen ditu: USB kargagailuak, WIFIa, braille botoiak, bidaiariarentzako informazioa, barruko biniloak…

Irizar ie truck

Hiriak elektrifikatzeko ikuspegi orokorrak, karga azpiegiturekin bilatutako sinergiak eta Taldean sortutako gaitasun teknologiko handiak hirietarako ibilgailu industrialen munduan sartzea ahalbidetu digute.

Horrela jaio da Irizar ie truck, hirietan hainbat erabilera industrialetarako pentsatutako kamioia mugikortasun elektrikorako bokazioarekin. Lehen erabilera hiri hondakinak jasotzea izango da.

Gainerako Irizar ibilgailu gamak bezala Irizar Taldean garatutako sistemak eta osagaiak ditu.

Produktu gamaren barruan gaur 6X2 bertsioa aurkezten dugu. Motor elektrikoa du eta ioi litiozko bateriak. Hiri inguruetan ibiltzeko autonomia-luzagarria du GNKra, eta teknologia horrek ahalbidetzen du lanegun luzeagoei aurre egitea. Ibilgailuen luzera 8 metro ingurukoa izango da eta gaitasuna 18Tn ingurukoa.

Irizar ie truck segurtasun aktiboko azken teknologiarekin gaitu da, eta, beraz, egonkortasun kontrola, esekiduraren berdinketa moldatzailea, erraiez nahigabe aldatzerakoan abisua emateko sistema eta larrialdiko balaztatzerako laguntza ditu.

Segurtasun pasiboari dagokionez, kabinara sartzeko maila irisgarri bakarra du eta horrek gidariari eta harekin batera doazenei joan-etorria errazten die. Hartara, ibilgailua gaur egungo merkatuan sartzeko altuera txikiena duena da.

Gainera, garrantzi berezia eman zaio gidariaren postuari. Aginte-botoi, kontrol eta aginte-mahaiko pantailara erraz iritsiko da eta ikuseremuari dagokionez baldintza onenetan gidatuko du.

Irizar ie truckak trakzio elektrikoa du, eta horregatik hirietan eta hiri inguruetan kutsadura atmosferikoa eta akustikoa eragin gabe ibiliko da.

Zarata gutxi sortzeak lanak gauez egitea ahalbidetuko du eta zirkulazioa gutxitzea dentsitate handieneko orduetan.Gure autobus elektrikoetan dagoeneko erabiltzen diren teknologiak ditu trakzio elektrikoari, energia biltegiratzeari eta kontrol elektronikari dagokionez, eta baita gainerako sistemak ere.

Irizar ie truck hirietan nahiz hiri artean ibiltzeko pentsatua dago. Bere txasiaren diseinuari esker gaur egungo edozein karrozeria jarri dakioke ia egokitzerik egin gabe. Aplikaziorako bereziki garatutako ardatzek eta direkzioak ibilgailuari karga eta maniobragarritasun gaitasunak gehitzen dizkiote.

Sistemak eta osagaiak

Bezeroei ahalik eta balio erantsi handiena emateko helburuarekin, kudeaketa erraztu nahi zaie ibilgailu eta sistema nagusientzat hornitzaile bakarra izanda, eta horretarako Irizarrek bere teknologiarekin sortu ditu ibilgailuetako osagai nagusiak.

IG (IrizarGroup) energia kudeatu eta biltegiratzea Irizarren bateria sistemak kontzeptu modular bati erantzuten dio, edozein operadoreren premietara egokitzeko diseinatu baita. Europako azken araudiei erantzuten dien sistema solidoa, segurua eta birziklagarria: R100, R10 y UN38.3 Gainera, erraz isolatzea eta azkar aldatzea ahalbidetzen du, moduluetako batek huts eginez gero, gainerakoen funtzionamenduari kalte egin gabe.

Bateriek kimika ezberdinak daramatzate operadore bakoitzak egingo duen erabileraren arabera.

IG motor elektrikoa Beste proiektu batzuk ez bezala, motor estandarizatuagoak behar dituztelako, motorrak Irizar Taldeak esklusiboki diseinatu eta garatutako teknologietakoak dira erabat, eta ibilgailuen betekizunetara guztiz egokitzen dira. Talde eragileak Alconzan eta Jeman fabrikatutakoak dira, biak Irizar Taldekoak.

IG klimatizazioa. Hispacolden (Irizar Taldea) klimatizazio elektrikorako sistema zero igorpeneko ibilgailu elektrikoentzat dago diseinatuta berariaz.

IG ateak. Ibilgailuei jarri zaizkien ateak nahiz arrapalak, elektrikoak edo eskuzkoak, Irizar Taldeko Masatsek garatutakoak dira.

IG gidariari laguntzeko sistemak Gidariarekiko komunikazio segurua ahalbidetzen du, eta horrekin gidaria eraginkorragoa izan daiteke, eta eguneroko lana zein bidaiariei ematen dien zerbitzua hobetu. Datiken (Irizar Taldea) asmakuntza honek gidariari laguntzen dio gerturatze maniobretan, geldialdietan eta berriz errepidera irteterakoan.

Datik Autodocken errendimenduaren optimizazioan ere laguntzen du. Izan ere, gidarien arabera frenatzeko eta arrankatzeko tarteetan gertatzen da kontsumo aldaketarik handiena eta bakoitzaren gidatzeko moduak, stress mailak edo zerbitzua bukatzeko presak geldialdietan kontsumoa areagotzea ekar dezake. Segurtasuna eta erosotasuna hobetzen ditu gainera, eta puntualtasunarekin lotutakoak ere bai.

IG karga sistemak

Taldeko Jema Energyk 60 urteko esperientzia eta ezagutza du potentziako elektronika industrialaren sektorean. Irtenbide sendo, fidagarri, seguru eta errendimendu handikoak diseinatzen ditu eta kargarako hainbat aukera eskaintzen ditu bezeroen baldintzen arabera, bai potentzia mugei dagokionez bai espazio edo operazio murrizketari dagokionez.

Karga kotxetegian Karga sistema erraz eta ohikoena da, autobusari konektatuta egiten da, normalean gaueko geldialdi orduetan. Kanporako nahiz barrurako dago erabilgarri.

Karga Pantografo bidez Ibilgailuak lanaldi osoa egiteko autonomia nahikorik ez izateagatik kotxetegikoaz gain ibilbidean hainbat karga egin behar dituenean erabiltzea gomendatzen da. Karga estazioak hirietako leku estrategikoetan kokatuko dira (linea bakoitzaren bukaera/hasiera) autobus linea bat baino gehiagoren karga premiei erantzun ahal izateko.

Karga inteligenterako sistema. Kontrol gune bat da, zeinaren bidez kargarako baldintza/mugapen guztiak eraginkortasunez kudeatzen baitira. Autobus bakoitzak dituen karga behar desberdinak identifikatzen ditu eta, horrela, behar den guztirako potentzia optimizatzen da.

For a better life – Herritarren bizitza hobetzeko

Irizar e-mobilityk garatutako ibilgailu eta irtenbideak hirian mugitzeko irtenbide jasangarria eta ekoefizientea eskaintzen dute, eta hiriko garraioaren gaur egungo eta etorkizuneko beharretarako erantzuna.

Irizar Taldearen asmoa da garraio eraginkor, garbi eta irisgarrien erabilera bultzatzea, ingurumen, ongizate eta pertsonen osasunaren alde egiten baitute, hiri ingurune hobeak sortzen dituzte.

Ibilgailu elektrikoen teknologiak ahalbidetzen du berotegi efektuko gasen eta NOx bezalako gai toxikoen eta partikula kaltegarrien zuzeneko igorpenak deuseztatzea.

Teknologia elektrikoak motorraren zarata desagerrarazten du, eta beraz, kanpora ez du zaratarik ateratzen ez geldi eta ez arrankatzerakoan (0dBA).

Irizar Taldea

Irizar nazioartean presentzia duen enpresa taldea da. Gaur egun sei jarduera sektoretan ari da: bidaiarien garraioa, elektromugikortasuna, elektronika, motor eta sorgailu elektrikoak, konektagarritasuna eta energia.

Irizar Taldea 7 enpresak osatzen dute (Irizar, Irizar e-mobility, Alconza, Datik, Hispacold, Masats eta Jema) eta haien jarduna 13 lantegitan garatzen dute Espainia, Maroko, Brasil, Mexiko eta Hegoafrikan. Gainera, I+G Zentro bat ere badu.

3.300 pertsona baino gehiagok osatutako talde sendoa da, bost kontinenteetan presentzia komertziala duena eta 2017an 620 milioi euro baino gehiagoko salmenta bolumena.

Irizar S. Coop da Taldeko enpresa matrizea eta egoitza nagusia Ormaiztegin dago. Han dago Creatio ere, Irizar taldearen Ikerketa eta Garapenerako Zentroa.

1889an sortu zen eta gaur egun Irizar Taldea talde sendo bat, geografikoki eta industrialki dibertsifikatua eta etengabe hazten ari dena. Markaren, teknologiaren eta iraunkortasunaren aldeko apustu argia egiten du.

Negozio arloak

Bidaiarien garraioa

Hala, Irizarrek autokar eta autobusen gama zabala eta soluzio teknologiko ugari eskaintzen ditu, tartean autokar integralak, autobus %100 elektrikoak eta teknologia hibridoko II klaseko ibilgailuak hiriko eta hiri arteko zerbitzuetarako, ohiko autokarrez gain.

Taldean errepideko eta treneko bidaiarien garraiorako sistemak eta osagaiak ere garatzen dira. Masats aditua da irisgarritasunean eta azpiegituretan. Hispacoldek klima teknologiak, aire garbitzaileak eta defrosterrak garatzen ditu. Datikek ibilgailuek sortzen duten informazioa jaso eta kudeatzeko gailuak garatzen ditu gidatzean, diagnostikoan eta mantenimendu prebentiboan laguntzeko.

Elektromugikortasuna

Irizar e-mobilityrekin Taldean prest gaude hiriei eta herritarrei mugikortasun sistema osatuak eskaintzeko, bai autobus %100 elektrikoak, bai karga, trakzio eta energia biltegiratzeko beharrezko azpiegituren sistema nagusiak.

Motorrak eta sorgailuak

Energia sortzeko edo trakziorako sistemak garatu eta fabrikatzea itsas sektorerako, hidraulikorako eta industrialerako.

Elektronika

Jema arkitektura elektronikoaz arduratzen da; %100 multiplexatua eta inteligentziaz hornitzen duena sistema bakoitza funtzio berriak eskaintzeko, kableatu kopurua murrizteko eta ibilgailuaren diagnostikoa errazteko. Aipagarriak dira gidatzen laguntzeko AEB-LDW sistema eta HMI kontrol eta kontsola.

Energia

Jema, batez ere, elikatze iturriak eta smart-gridak diseinatu eta fabrikatzen aritzen da energia berriztagarriak bihurtzeko; eguzkiarena, haizearena eta hidroelektrikoa biltegiratzeko moduko energia bihurtu eta ondoren sarean txertatzeko.

Konektagarritasuna

Datikek gidariari laguntzeko sistema inteligenteak sortzen ditu eta hautazko ekipamendu gama bat, gidariari eta bidaiariei mugikortasun modu onena eskaintzeko. Ikusmen artifizialean eta deep-learningean duten esperientzia handiak flotak kudeatzeko sistemak, mantenimendu prebentibo eta prediktibokoak eta gidatze autonomokoak eskaintzea ahalbidetzen die.

Kopuruak

- 1889an sortua, 129 urteko historia

- I+G zentro 1

- 7 enpresa, bakoitza bere jardueran lider

- 3.300 langiletik gora

- Finantza sendotasuna

- 620 M euro (2017ko fakturazio estimazioa)

- 5 kontinenteetan

- 13 produkzio zentro mundu guztian

Mugarri garrantzitsuak

2009 Irizar karrozero izatetik marka propiodun autokar fabrikatzaile izatera pasatu zen

Industria dibertsifikaziorako estrategia definitu zen Talde sendotzeko giltzarri gisa. Taldera enpresa horiek gehitzeak posizionamendua eta gaitasun teknologikoa sendotu zituen.

2011 Elektromugikortasunaren negozio arloa sortu zen

Europarako Irizar hiri autobus %100 elektrikoaren proiektuari heltzeko erabakia hartu zen. Erabaki hori Taldearen etorkizuneko estrategiaren parte da, urteak baitaramatza iraunkortasunarekin konprometituta.

2012 Irizar Europako ZeEUS proiekturako aukeratua

2012an proiektua Irizarrek lehiakortasun iraunkorrarekin duen konpromisoaren zutabe adierazgarriena bihurtu zen. Irizar Europako ZeEUS (Zero Emission Urban Bus System) proiekturako aukeratutako enpresetako bat izan zen

2013 12 metroko eta zero igorpeneko lehen autobus %100 elektrikoaren fabrikazioa

Zero igorpeneko lehen autobus %100 elektrikoari iraunkortasun probak egin zitzaizkion.

2014 Irizar ZeEUS proiektuaren barruan bi ibilgailuak entregatu zituen sektoreko lehen fabrikatzailea izan zen Europan.

2014an Irizar sektoreko lehen fabrikatzaile bihurtu zen Bartzelonari bi ibilgailu %100 elektriko eta Donostiari bat entregatzerakoan.

2015 Lehen unitateak entregatu ziren Europako hirietan. Urteko autobusa saria

2015ean lehen unitateak entregatu ziren Londres, Marseilla eta Bartzelonako metropoli barrutian (Mohn, SA) eta probak egin ziren Europako hainbat hiritan.

Irizar ie bus autobusak 2015eko Autobusaren saria eskuratu zuen Espainian.

2016 Industriako Ibilgailu Ekologikorik Onenaren saria Espainian.

i2e busek Industriako Ibilgailu Ekologikorik Onenaren saria eskuratu zuen Espainian. Autobus linea %100 elektrikoa inauguratu zen Marseilla hirian.

2016an Marseillarako 6 unitateak entregatu ziren Frantziako lehen linea %100 elektrikorako, eta beste hainbat unitate Donostia eta Bilborako. Lehen autobus artikulatua ere fabrikatu zen eta dagoeneko 6 hilabete daramatza iraunkortasun probak gainditzen Idiadan (Tarragona)

2017 Irizar ie tramen aurkezpena

Dagoeneko bazeuden 12 metro luzeko modeloei 10.8 metrokoak gehitu zitzaizkien eta 18 metroko autobus artikulatuaren bi bertsio merkaturatu ziren.

2018 Irizar e-mobilityren instalazioen inaugurazioa

2018a bi sari garrantzitsurekin hasi zen. Irizar ie tram zero igorpeneko autobús elektriko artikulatuak bi sari jaso ditu: 2018ko urteko autobusa eta 2018ko Industriako Ibilgailu Ekologikorik Onenaren saria Espainian.

Maiatzean inauguratuko da lantegi berria eta Irizar ie truck aurkeztuko da

  DOSSIER PRENSA IRIZAR INAUGURACION EMOBILITY (PDF) Galería de fotos   [divider height="150" style="default" line="none" themecolor="0"]