Image

Irizar e-mobility UITP Global Public Transport Summit azokan egongo da

Irizar e-mobilityk UITPren Global Public Transport Summit azokan parte hartuko du berriro, Bartzelonan, 2023ko ekainaren 4tik 7ra.

Hirietan garraio publikoa iraultzen ari diren bi autobus elektriko aurkeztuko ditugu eta Irizar e-mobilityren gertaera garrantzitsuak errepasatuko ditugu. Gainera, aukera hori baliatuko dugu zuzendaritza talde berria aurkezteko.

Prentsaurrekoa ekainaren 5ean izango da, 12:00etan, gure 6G100 standean.

UITPren Global Public Transport Summit azoka agertoki ezin hobea izango da gure elektromugikortasun-soluzio guztiak erakusteko eta teknologian eta berrikuntzan egin ditugun azken aurrerapenak aurkezteko.

  • Datak: 2023ko ekainaren 4tik 7ra
  • Stand: 6G100
  • Lekua: Fira Bartzelona

Irizar e-mobilityren hamabos autobus elektriko berri Bremeneko kaleetan izango dira datorren urtean

Bremer Straßenbahn AG operadoreak aukeratutako modeloa Irizar ie bus 18 metrokoa da. Autobus isila, segurua eta erosoa da, eta trantsizio energetikoan eta hiri mugikortasun jasangarrien helburu antiziotsuak lortzen lagunduko du.

Kontratua Jebsen & Jessen Industrial Solutions GmbH banatzailearen bidez sinatu da.

Irizar e-mobilityko autobus elektriko berriak Leonerako!

Aurreko astean Leongo autobus elektriko berrien aurkezpenean egon ginen. Guztira 12 metroko bi ie tram eta 10,6 metroko ie bus modeloko autobus bat izango dira hiriko garraio publikoko sarean sartuko direnak. Ibilgailu horiek, isilak eta ingurumena errespetatzen dutenak, herritarren bizi-kalitatea hobetzera deituta daude.

Zaragoza izango da Digizity proiektuko Irizar ie tram autobus adimendun eta konektatua garatzeko probetarako laborategia

  • DIGIZITY industria ikerketako proiekturik handinahiena da, soluzio berritzaileak diseinatu eta inplementatzeko asmoz sortua, zero igorpeneko autobusekin hiri garraioa automatizatu, deskarbonizatu eta digitalizatzeko.
  • Proba honetarako garatutako autobusa 12 metroko luzerako Irizar ie tram modeloa da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa, eta 74 bidaiari garraiatzeko gaitasuna daukana.

Avanza enpresak eta Zaragozako Udalak ibilgailu elektriko eta konektatuaren Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoetako (PERTE) I+G proiekturik handiena aurkeztu dute, gaur, komunikabideen aurrean. Duela bi urte hasi zen proiektua, eta zero igorpeneko autobusekin hiri garraioa automatizatzea, deskarbonizatzea eta digitalizatzea izango du helburu.

Proiektu honetan Avanza enpresa da buru, baina beste bost enpresak ere hartzen dute parte; horien artean, Irizar Taldeak, Irizar, Jema eta Hispacolden bitartez. Bestalde, Telnetek, Nextiumek eta hiru zentro teknologikok ere parte hartzen dute (Aragoiko Itainnovak, Galiziako CTAGek eta Euskal Herriko Tecnaliak), baita Novadaysek ere, kudeaketa publikoan espezializatutako aholkularitza enpresak. Horrek guztiak dakar automobilgintzaren sektoreko segmentuetako bat balio katean txertatzea: autobus garraioa, hain zuzen. Eta, horretarako, elkartu egin dira autobus, motor, osagai eta sistema txertatuen fabrikatzaileak, telekomunikazioetako lantaldeak eta mugikortasun globaleko operadore bat.

DIGIZITYk, bazkide guztien ahaleginari esker, bere garapenean aurrera egiten jarraitzen du egunetik egunera. Proiektu hau Zaragozako Udalaren eredu integralaren barruan kokatzen da, zero igorpeneko hiri bat sortzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko, ibilgailu pribatutik garraio publikorako trantsizioaren bidez.

Horregatik guztiagatik, ostegun honetan, beste pauso bat eman da, eta proiektuaren INGURUNE GARRANTZITSUA aurkeztu da: ikerketa azpiegitura mugatu eta %100 segurua, PERTEren esparruan eta ibilgailu elektriko eta konektatu batekin, hots, Irizar ie tram modeloarekin. Proba hau Zaragozako garraio publikoaren 40. linean egingo da, eta gaurtik aurrera jarriko da martxan, bere lehen etapan. Horrek, jakina, proiektuan garatutako sistema guztiak test bidez aztertzea eta txertatzea ahalbidetuko du. Gainera, proba guztietarako, Vodafoneren laguntza izango da, 5G komunikazioen hornitzaile eta arlo horretan aditu gisa.

Proba horietarako erabilitako autobusa, Irizar ie tram modeloa, ibilgailu isila da, eta ingurumena errespetatzen du. Autobus honen bertute handienetako batzuk, hain zuzen, tranbiaren pareko diseinu berritzailea, pertsonalizazio maila handia, edukiera handia, barrura sartzeko erraztasuna eta erosotasuna dira.

4.0 MUGIKORTASUNA IRITSI DA

Proiektu honen garapenarekin, 4.0 mugikortasuna Aragoiko hiriburura iritsiko da, eta adimen artifizialaren bidez, etorkizunaren, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren abangoardian kokatuko da. Zaragoza izango da proiektu aitzindari hau probatuko duen lehen hiria, bai estatuan, bai nazioartean: garraio publiko garbiagoa, eraginkorragoa, seguruagoa eta erosoagoa lortzeko helburua izango duten 50etik gora produktu, sistema eta azpisistema. Bestalde, hiriak segurtasuna areagotuko du San Jose etorbidean, zirkulazioari dagokionez bereziki arazotsua den eremuan.

Gaur egun, gidatze autonomoak ekarpen handia egiten dio ingurumen jasangarritasunari, energia kontsumoak modu eraginkorragoan kudeatzea dakarrelako. Gainera, elektrifikazioaren eta zero igorpeneko ibilgailu teknologien ezarpenaren eskutik doa.

Ibilgailu automatizatuak, zero igorpeneko eta 12 metroko Irizar ie tram modeloak, gidatzeko laguntza ematen du, eta, hala, segurtasuna bermatzen da eta istripuak izateko aukerak gutxitu egiten dira. Gidatzeko laguntza horrek ez du gidariaren figura ezabatzen; aitzitik, segurtasun handiagoa izaten laguntzen dio: giza akatsak murriztuta (nekea, akidura, gehiegizko abiadura...), gorabeherak/istripuak murriztea, besteak beste.

Proiektuaren helburuak argiak dira: ibilgailu adimendunaren eta automatizatuaren erabilera, 5G eta Wifi6 konektibitatea, azpiegitura teknologikoak eta smartcitie-ak, hots, adimen artifiziala eta punta-puntako soluzioak erabiltzaileentzat. Proiektu honetan ibilgailu konektatu, adimendun eta zibersegurua garatu da. Denbora errealean konektatuta dago (5G), bereziki horretarako zabaldu den sare bati esker.

DIGIZITY proiektua Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatu du, 2021erako egindako ‘Automobilgintza Jasangarrirako Programa Teknologikoa’ deialdiaren bidez, Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Aurrekontua, guztira, 9 milioi euro baino gehiagokoa da, 5,4 milioiko laguntza publikoa jasoko du, eta 2023ko abenduaren 31ra arteko iraupena izango du.

12 metroko luzera duen Irizar ie tram hau EMT Palmaren sarean integratuko da probetan

Guztira 12 autobus sartuko dira laster EMT Palmaren sarean.

Nobedade gisa, ibilgailu horiek eguzki plakak izango dituzte goiko aldean, autobusaren sistema osagarriak elikatzeko.

Ibilgailu horiek, Irizar baterien teknologia izango dutenak, isilak izango dira eta ez dute emisio kutsatzailerik sortuko.

Irizar ie tram autobusak diseinu minimalista du, apaindurarik gabea, eta ezaugarri guztiak alderdi funtzional zehatzei dagozkie, erabiltzaileek erraz ezagutzeko moduko nortasuna eta irudia sortzeko aukera emanez.

Madrilgo Udalak Irizar e-mobilityren ie tram-ak aurkeztu ditu, hiriko lehen BRT linea elektrikoa martxan jartzeko

Aduna, 2023ko otsailaren 8a

  • Guztira %100 elektrikoak diren hamar Irizar ie tram autobus izango dira. Bakoitzak 100 bidaiari garraiatzeko edukiera izango du, eta 8 eta 12 minutu bitarteko maiztasuna izango dute
  • Autobusek diseinu minimalista eta modernoa izango dute, tranbia baten antzekoa, eta horrek bereiziko ditu udal flotako gainerako ibilgailuetatik
  • Lineak 31 kilometroko luzera du guztira, horietatik 19 bide esklusiboetatik bereizita, eta lehen aldiz, 68 bidegurutzetako semaforoetan lehentasuna izanda

 Astearte honetan aurkeztu da Madrilen maiatzean hirian zirkulatzen hasiko den lehen Bus Rapid linea. Madrilerako edukiera handiko autobus azkarreko lehen linea elektrikoa izango da, Valdebebas eta Sanchinarro auzoak Ramon y Cajal Ospitalearekin errei bereizi baten bidez lotuko dituen sistema eta, lehen aldiz, semaforoetan lehentasuna izango duena.

Aurkezpen ekitaldia Fuerzas Armadas hiribidean egin da, Valdebebasen; zehazki, BRT hau –ingelesezko Bus Rapid Transit izenetik datozen siglak– ezartzeko obrak egiten ari diren ibilbideko zati batean. Lineak Irizar ie tram modeloko hamar autobuseko flota izango du.

10 autobus horiekin, Madrilgo EMTk zero igorpeneko Irizarren 175 autobus izango ditu, guztira, bere flotan.

Irizar ie tram - Edukiera eta erosotasun handia, tranbia baten ezaugarriekin

Madrilerako edukiera handiko lehen linea azkarrak hamar autobus erabat elektriko izango ditu: 12 metroko luzerako Irizar ie tram modeloko ibilgailuak. Ibilgailu horrek hiri autobus baten berezko malgutasuna eta tranbia baten edukiera eta barne zirkulaziorako erraztasuna uztartzen ditu. Diseinu moderno eta minimalista dauka: arku perimetral kromatua, kristal gainazal handia alboetan, eta, horrenbestez, erraz bereizten da gainerako udal flotatik.

Ibilgailuak atzerako ispiluen ordez kamerak ditu, eta horiek gidariaren eserlekuaren alde banatan dauden bi pantailetan proiektatzen dituzte beren irudiak. Barruan, elementuen kokapena erabiltzaileentzako erosotasun eta irisgarritasun unibertsalerako berme guztiak dituen edukiera handia onartzeko pentsatuta dago. Ibilgailuek sarrera eta irteera ateak dituzte eskuin albotik eta orri bakarreko aurreko atea.

Irizarren zero igorpeneko ibilgailu horiek 430 kWh-tik gorako azken belaunaldiko bateriak dituzte. Eta unitate eragilea 206 kW-ko motor zentral bat da.

Ibilbide azkarragoa eta arinagoa

Linea honi esleitutako ibilgailuak bereziki diseinatu dira gainerako zirkulaziotik bereizitako bideetatik joateko, eta gehienez 100 bidaiari garraiatzeko. Noranzko bakoitzeko tarteetan 19 geltokik osatutako ibilbide baten bidez (gehi geltoki buru bat Valdebebasen eta beste bat Ramon y Cajal ospitalearen ondoan), bus azkarreko lehen linea honek gainerako zirkulazio erreietatik bereizitako plataforma bat erabiliko du, berezitasun honekin: galtzadaren erdialdea lehenesten da, ahal den guztietan, gainerako ibilgailuekiko gatazka guneak saihesteko. Tarteko 12 geltokik mezularitza panel aldakorrak dituzte.

Linea hirigunetik igaroko da, eta ibilbide horretako bidegurutzeetan lehentasuna izango du semaforoetan. Hartara, ibilbide azkarrago eta arinago bat lortuko da, eta bidaia denborak nabarmen murriztuko dira. Lineak 8 eta 12 minutu bitarteko maiztasuna izango du puntako orduetan, eta EMTko beste linea konbentzional batzuk baino batez besteko abiadura handiagoan ibiliko da.

Egungo Udal Gobernu taldearen kalkuluen arabera, linea berri hau Madril 360 Ingurumen Jasangarritasun Estrategiaren esparruan jarri da abian, eta auto partikularrean egin ohi diren joan-etorriak aintzat hartuta, urtean 700.000 kilometro baino gehiago aurreztuko dira, eta 125 tona CO2 inguru eta 200 tona NOx gutxiago isuriko dira.

Aurreko astean, Stara Zagora hirirako zero igorpeneko lehen autobusen aurkezpenean izan ginen

Trolleybus and Bus Stara Zagora udal operadorearen flotan integratuko diren lehen autobus elektrikoak dira, Irizar ie tram 12 metroko modelokoak.

Autobus hauek diseinu moderno eta berritzaileagatik nabarmentzen dira, Irizar ie tram-aren ezaugarri estetikoak dituztenak, ibilgailu bereizgarri eta erakargarri bat sortuz, gidariarentzako eta bidaiarientzako erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna maximizatzen dituena, hiriarentzako bidai iraunkorragoak eginez eta ingurumena errespetatuz.

AUVASAko autobus berrien aurkezpenean izan gara Valladoliden

Lehen autobus artikulatu elektrikoak dira, 18 metroko luzera duten Irizar ie tram modeloko zero igorpenekoak, AUVASAko flotaren parte izango direnak eta datozen egunetan 1. linean martxan jarriko dira.

Irizar ie tram autobusak, diseinu moderno eta berritzailearekin, hiria bereizten duten erakargarritasuna eskaintzen du, eta, aldi berean, gidariarentzako eta zerbitzuaren erabiltzaileentzako erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna maximizatzen ditu.

Lehen Irizar ie bus-a Liechtensteingo kaleetan dabil

Guztira lau autobus izango dira LIEmobilen lineetan sartuko direnak. 12 metroko luzeerako autobus %100 elektrikoak zero igorpenekoak dira eta BUS Ostschweiz AG-ek operatuko ditu.

Autobus hauen entrega JJ Industrial Solutions Schweiz AG banatzaile suitzarraren bidez egin dira.

Irizar e-mobilityk zazpi autobus elektriko entregatuko dizkio EMT Fuenlabrada enpresari

Aduna, 2022ko abenduaren 20a 

Irizar e-mobilityk merkatu nazionalaren buru izaten jarraitzen du, eta beste kontratu bat gehitu dio bere eskaera zorroari; hain zuzen, EMT Fuenlabrada enpresarekin sinatutakoa, zero igorpeneko zazpi autobus %100 elektriko hornitzeko.   

Operadoreak aukeratu duen modeloa 12 metroko luzerako Irizar ie tram da. Diseinu abangoardista eta berritzailea duen ibilgailua da, tranbia baten antzekoa, Fuenlabrada hirian garraio publikoak orain arte izandako irudia aldatzea ekarriko duena. 

Besteak beste, ateratzen duen zarata txikiagatik (70 dB-tik behera, aire girotua martxan dagoela), edukiera handiagatik, sarbide errazagatik eta barruko bidaiarientzako espazio zabalagatik nabarmentzen den ibilgailua da. Autobuseko bidaiarien eremua argitsua, erosoa, zabala, atsegina eta segurua da. USB konektoreak ditu, bidaiariek beren sakelako telefonoen bateriak karga ditzaten. 

Irisgarritasunari dagokionez, solairu bakarreko ibilgailua da, eta arrapala bat, espazioak eta lehentasunezko eserlekuak ditu mugikortasun urriko pertsonentzat, baita atea irekitzeko sakagailuak seinale akustiko eta argitsuekin, edo gelditzeko eskaera braillez egiteko aukera ere. 

Autobus erabat segurua da, eta, besteak beste, bideozaintzako kamerak eta oztopoen hurbileko radarrak ditu. 

EMT Fuenlabrada enpresaren flotara sartuko diren ibilgailuek hiru ate eta 26 eserleku izango dituzte, eta 80 bidaiari ere hartu ahal izango dituzte. 430 kWh-ko Irizar bateriak izango dituzte, eta pantografo alderantzikatu baten bidez edo Combo 2 karga hargunearen bidez kargatu ahal izango dira. Unitate eragilea 206 kW-ko motor zentral bat izango da. Ie tramek 16 orduz zerbitzua emateko behar besteko autonomia izango dute. 

Zalantzarik gabe, ibilgailu iraunkor eta berritzaile horiek lagungarriak izango dira Fuenlabradako garraio publikoa deskarbonizatzeko proiektuan.

Irizar e-mobilityren autobus elektrikoak Krakoviako kaleetan barrena ibiliko dira datorren urtean, Polonian

Aduna, 2022ko azaroaren 25a

Irizar e-mobilityk Europako iparraldean merkatu berriak lortzen jarraitzen du, eta kontratu bat sinatu du MPK Krakow poloniar operadorearekin (Miejskie Przedsiebiorstwo Komunikacyjne), zero emisioko lau autobus %100 elektriko hornitzeko. Kontratuak hiru autobus gehiago entregatzeko aukera aurreikusten du.

Horrenbestez, Krakovia Poloniako lehenengo hiria da bere flotan Irizar e-mobility autobus elektrikoak gehitzen.

Operadoreak aukeratu duen modeloa 12 metroko luzerako Irizar ie bus da. Autobus isil, seguru eta erosoa da, eta, zalantzarik gabe, lagundu egingo du hiri horren trantsizio energetikoan eta mugikortasun jasangarriaren arloan dituen helburu handiak betetzen.

Ibilgailuek Irizar teknologia propioko bateriak dituzte, eta 3 ate, gidariarentzako eserlekua, 26 eserleku eta 91 bidaiari eramateko lekua. Irtenbideak dituzte mugikortasun urriko pertsonentzat eta gurpil aulkietarako guneak, irisgarritasuna errazteko eta autobus barruko zirkulazioa arintzeko. Bottom-up pantografo baten bidez kargatu ahal izango dira, edo kotxetegietan, Combo 2 motako karga hartune baten bidez 1. ardatzean. Kargagailuen horniduraz Irizar Taldeko Jema Energy enpresa arduratuko da.

Segurtasun sistemei dagokienez, besteak beste, autobusek CCTV sistema osoak dituzte, pertsonak zenbatzeko sentsoreak eta angelu hiletarako kamerak.

“Oso pozik gaude Krakoviako bidaiariek urtebetean Irizar e-mobilityko autobus elektriko berrietan bidaiatuko dutelako. Hau izango da Poloniako lehen elektromugikortasun proiektua konpainia horrentzat. Etorkizunean lankidetza ona espero dugu Irizar e-mobility-rekin”, dio Marek Gancarczyk MPK Krakoviako bozeramaileak.

“Lehenengo aldia da gure mugikortasun jasangarriko soluzioak Poloniako hiri batean ezartzen ditugula, eta horrek harrotasunez eta pozez betetzen gaitu. Gure autobus elektrikoekin, espero dugu Krakoviako hiritarren bidaien esperientzia aberastea, eta haien bizi kalitatean eragin positiboa lortzea”, adierazi du Mikel Irizarrek, Irizar e-mobilityko Europa ekialdeko arduradun komertzialak.

Aurtengo urtarrilean, hiriko biztanleek Irizar e-mobilityren autobus elektriko batean bidaiatzeko aukera izan zuten, zehazki, ie tram batean, zeina probak egiten ibili zen Europako hainbat hiritan.

Zalantzarik gabe, kontratua beste urrats bat da Irizar Taldea Europako merkatuan mugikortasun jasangarrirako soluzioen inguruan posizionatzeko estrategiaren barruan.

Tuterak Irizar e-mobilityren autobus elektrikoen aldeko apustua egin du

Tuterak hiriko garraio zerbitzu berria aurkeztu du, datorren urtean zehar martxan jarriko dena. Bere flotan Irizar ie tram modeloko bi autobus jarriko ditu martxan, 12 metro luzerakoak eta % 100 elektrikoak

 Zerbitzuaren aurkezpenean, komunikabideek, hiriko hainbat taldetako kideek eta nahi izan duten herritarrek ibilgailu moderno hau probatu ahal izan dute, Tuterako hiri-garraioan zero igorpeneko erronka lortzeko.

Image