Skip to main content
The Worshipful Company of Carmen elkarteak Irizar e-mobility eta  Go-Ahead London saritu ditu

The Worshipful Company of Carmen elkarteak Irizar e-mobility eta Go-Ahead London saritu ditu

Aduna, 2025eko apirilaren 30a

Irizar e-mobilityk eta Go-Ahead Londonek “Sir Henry Royce Memorial Foundation Award” sari ospetsua jaso dute, aukerako karga ultrabizkorreko Londresko lehen autobus lineagatik.

Irizar ie tram hogei autobuseko flota batekin ekin zaio proiektuari. Autobus horiek Londresko 358. ibilbidean zehar doaz, eta kargagailuak dituzte kotxetegietan eta ibilbidean. Autobusek 12 metroko luzera dute eta %100 elektrikoak dira. 

Autobusek Irizar Taldearen azken belaunaldiko bateriak dituzte, eta sistema alderantzikatuko karga ultra azkarreko bi pantograforen bidez kargatzen dira. Horiei esker, autobusak 6 minutu baino gutxiagoan kargatu, eta eskatutako zerbitzua erraz egin dezakete. Ibilbidea amaitutakoan, autobusek birkarga labur bat jasotzen dute, kotxetegietako kargagailuak erabiliz.

Irizar ie tram diseinu abangoardistagatik nabarmentzen da. Irudi hori bat dator gure planeta errespetatzen duten ingurune bizigarriagoen aldeko apustua egiten duten hiri modernoekin; esaterako, Londresekin. Zero igorpenen, zarata eta bibrazio maila baxuaren eta segurtasun eta irisgarritasun ezaugarrien ondorioz, autobus bereziki egokia da Londres bezalako hiri batean erabiltzeko.

“Worshipful Company of Carmen”  Londresen kokatutako elkarte bat da, 1517an sortu zena. Gaur egun, karitatearekin eta onginahiarekin konprometituta dauden elkarteetatik handienetako bat da, 600 kide baino gehiago baititu. Carmen elkarteak industriako lorpenak eta aurrerapenak sustatzen eta babesten jarraitzen du, eta hainbat hitzaldi eta jarduera egiten ditu. 

Hogei irizar ie tram autobus horiek iazko azaroan jarri ziren martxan 358. ibilbidean. Horixe da, hain zuzen, Londresko autobus linearik luzeenetakoa, Crystal Palace eta Orpington artean dabilena. 

Autobus horren ezaugarri estetikoek tranbia batenak gogorarazten dituzte, baita edergarriek ere. Atzerako ispiluen ordez, kamerak jarri dira, eta ibilgailuen barruko bi pantailetan –gidatze eremuaren bi aldeetan– proiektatzen dira irudiak. Halako itxura hartzen zaio, halaber, ibilgailuaren karrozeria inguratzen duen eraztun perimetral kromatuari. Eraztun perimetralak alboetako kristalezko azalera handia barne hartzen du.