
Irizarrek bere ibilgailu berriak aurkeztu ditu Busworld 2025en
Irizar Taldeak Efficient gamako azken belaunaldiko bi autobus elektriko berri aurkeztu ditu primizian Busworlden: belaunaldi berriko Irizar ie bus bat eta Irizar i3 Normal Floor berria, biak ere %100 elektrikoak.
Irizar Taldea Busworldeko Nazioarteko Azokan da berriro ere, beste edizio batez, Efficient gamako autobus eta autokar multiteknologikoekin, eta baita beste berrikuntza askorekin ere, guztiak sektorearen deskarbonizazioa bultzatzera bideratuak.
6. Hall-eko 602. standean, 1.710 m2-koa, Irizarrek eta Irizar e-mobilityk Efficient gamako autobus gama osatua dute erakusgai, hiriko eta hiri arteko modeloetatik distantzia luzeko autobusetaraino: Irizar ie bus ereduaren belaunaldi berria, Irizar i3 elektriko berria Normal Floor II klasea, Irizar i6S Efficient bi unitate eta Irizar i8 unitate bat. Gama hori guztia irtenbide osoak eta osagarriak eskaintzeko diseinatuta dago, mugikortasunaren egungo erronkei erantzuten dieten jarduera mota guztietarako egokituta.
Irizar Taldearen aurkezpena gaur goizean egin da bere standean eta hainbat bezero, partner eta nazioarteko prentsako ordezkari izan dira bertan.
Imanol Regok, Irizar Taldeko CEOak, deskarbonizazioaren bidean jarraitzearen garrantzia nabarmendu du, berrikuntzaren aldeko apustua eginez eta azken aurrerapen teknologikoak integratuz: “Deskarbonizaziorako bidean aurrera jarraitzen dugu, neutraltasun teknologikoaren bidetik. Uste dugu posible dela deskarbonizatzea ibilgailu multiteknologikoko gama batekin. Gure helburua da gure bezeroei, herritarrei eta pertsonei irtenbiderik onena ematea”.
“Azken urteetan, Efficient gama handitu egin dugu, mugikortasun garbiago eta bizitza hobe baterako bidea bizkortzeko. Gama berri horrekin, urtean 150.000 tona CO2 aurreztea lortzen ari gara”.
Une gorena Irizar ie bus berriaren eta Irizar i3 Normal Floor berriaren aurkezpen publikoarekin iritsi da, biak ere ibilgailu %100 elektrikoak, eta ikusmin handia sortu dute bertaratuen artean. “Ibilgailu berri horiek, eraginkorragoak izateaz gain, CO2 gehiago aurrezten ere lagunduko dute, eta emisiorik gabeko mugikortasunarekin dugun konpromisoa indartu", adierazi du Imanol Regok.
Irizarrek eutsi egiten dio nazioarteko bokazioari eta mundu osoan duen presentzia sendoari. Europako merkatua Irizar Taldearen salmenten %60 inguru da. Era berean, Mexiko, Hego Amerika edo Australia bezalako merkatuak merkatu estrategiko eta garrantzitsuak dira Irizarrentzat.
Irizar i3 Normal Floor berria, %100 elektrikoa Efficient
Irizarrek, primizian, II klaseko Irizar i3 elektriko berria aurkeztu du Normal Floor bertsioan. Low Entry Irizar i3 elektrikoa 2024ko urrian abiarazi ondoren, Irizarrek Normal Floor bertsio honekin hiri arteko gama %100 elektrikoa osatu du.
Irizar i3 elektriko berriak Normal Floor diseinu erabat abangoardista du, bidaiarien edukiera maximizatuz, bai eta maletategiarena ere. Aurrealde agresiboago batekin eta lerro markatuagoekin, gainerako Irizar ibilgailu gamarekin lerrokatzen da. Hiri arteko ingurunearen etorkizun jasangarrirako erabat pentsatuta dagoen Normal Floor ibilgailua: isila eta zero emisiokoa.
Hiri arteko joan-etorri mota guztiak eta bidaiarien erosotasuna errazteko pentsatuta dagoen Irizar i3 elektrikoak Normal Floor 7 m3 baino gehiago ditu bodegan. Bodegaren edukiera ibilgailuaren luzeraren eta konfigurazioaren araberakoa da.
Gainera, diseinu berri honetan material arinagoak eta erresistenteagoak integratu dira, eta horri esker 1.000 kiloko pisua murriztu da. Nabarmentzekoa da bere autonomia, 450 km baino gehiago eskaintzen baititu egunean karga bakar batekin, bezero guztien mugimenduak errazteko.
Irizar i3 Normal Floor elektrikoak gainerako Irizar modeloekin partekatzen ditu osagaiak eta kanpoko elementu gehienak Low Entry Irizar i3 elektrikoarekin bateragarriak dira. Horrela, ordezko piezen stocka minimizatzen da, eta, ondorioz, Irizar i3 elektrikoa Normal Floor ibilgailu eraginkorrago eta jasangarriagoa bihurtzen da eragiketetarako, mantentze lanetarako eta konponketetarako.
Ibilgailuak segurtasun estandar gorenak betetzen ditu GSR2 araudi berriaren esparruan, osagai aurreratuen integrazioarekin, hala nola kamerak eta radarrak, gidariaren eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Irizar i3 berriak R155 eta R156 Europako araudiak betetzen ditu, zibersegurtasuna kudeatzeko sistemari eta ibilgailuetan softwarea eguneratzeari buruzkoak. Horrela bermatzen da sistemek aurreikusitakoaren arabera funtzionatzea eta planteatzen diren segurtasun arriskuak arindu ahal izatea. Berrikuntza garrantzitsu gisa, Irizar i3 Normal Floorrek R29 araudia betetzen du, gidarien eta bidaiarien babesa hobetzen duena aurrealdeko inpaktua izanez gero. Araudi hori dagoeneko inplementatu da gainerako Irizar ibilgailu gaman.
Gainera, ibilgailuaren arkitektura elektronikoak diagnostikorako datuak aztertzeko eta mantentze prebentiboko neurriak ezartzeko aukera ematen du. Era berean, gidaritza eremuan unitate elektrikoa eta fusibleen unitatea inplementatu da, horrela sarbidea erraztuz eta errepidean esku hartuz gero mantentze lanetako pertsonen segurtasuna hobetuz.
Irizar i3 elektriko berriaren karrozeria eskuragarri dago bai konfigurazio autosostengatzaile integralean zein txasis elektriko desberdinekin.
Irizar ie bus Efficient berria
Irizar e-mobilityk I klaseko Irizar ie bus berria aurkeztu du Busworlden, ibilgailu erabat elektrikoa, efizientzian, gaitasunean, irisgarritasunean, erosotasunean, segurtasunean eta jasangarritasunean aurrerapen garrantzitsuak dituena.
Egitura kontzeptu berri bati esker, 1.000 kg inguruko pisua arindu da, eta, horri esker, bidaiarien edukiera %5 handitu da aurreko belaunaldiarekin alderatuta.
Irisgarritasunari dagokionez, eredu berriak ate eta korridore zabalagoak ditu, bai eta bidaiari fluxu optimizatuak ere, eta horrek sarbide errazagoa, erosoagoa eta inklusiboa bermatzen die pertsona guztiei.
Gidarien erosotasunean pentsatuz, gidarien guneko klimatizazio independentea hobetu da, une oro sentsazio optimoa ziurtatuz. Gainera, ibilgailuaren altuera eta pisua jaisteak gidatzeko dinamikaren portaera hobetzen laguntzen du.
Bidaiarien esperientzia hobetzeko asmoz, Irizar ie bus berriak espazio handiagoa eta argitasun hobea eskaintzen du, bidaiarientzat giro erosoagoa eta atseginagoa sortuz.
Motor trinkoagoa, belaunaldiko berriko bateria eraginkorragoak eta kudeatzaile termiko berri bat sartzeak, besteak beste, energia kontsumoa %10eraino murriztea ahalbidetu dute, aurreko belaunaldikoekin alderatuta.
Plataforma berri honetan, jatorri birziklatuko materialen erabileran aurrerapen nabarmena lortu da, bikoitza aurreko plataformarekin alderatuta. Mugarri horrek Irizarrek garraioaren jasangarritasunarekin eta etorkizunarekin duen konpromisoa islatzen du.
Irizar ie bus berriaren kanpoko diseinuan nortasun sendoa nabarmentzen da, markaren gainerako modeloetan inspiratuta. Bere lerro markatuek, aurrealdeko estetika definitu batekin batera, bere izaera bereizgarria indartzen dute. Alboko elementuak bisualki integratzen dira, beirak, panelak eta ateak multzo harmoniatsu bakar batean lotzen dituen diseinu baten bidez.
Jakina, autobus berri honek merkatuan indarrean dauden araudi zorrotzenak betetzen ditu, une oro segurtasun handiena bermatuz.
Irizar i6S Efficient, Irizarren historiako autokar eraginkorrena
Irizar i6S Efficient Irizarren historiako autobusik eraginkorrena bihurtu da, kontsumoak eta emisioak %13 arte murriztuta, 950 kg arteko pisua murriztuta eta koefiziente aerodinamikoa %30 hobetuta.
Gainera, belaunaldi berriko trakzio Integraleko sistemak kontsumoen %5eko murrizketa gehigarria eta pisuen optimizazioa eragiten du, eta, gainera, GSR2 eta zibersegurtasun araudi berri guztiak betetzen ditu. Hobetutako gama horrek gidatze postu berria, bolante berria, tekla eguneratuak eta erloju koadroaren bertsio berria ditu, diseinu eguneratuarekin eta gidatzean gau modua hautatzeko aukerarekin. Gainera, ispilu elektronikoen sistemak ikusgarritasun hobea eskaintzen du edozein baldintza klimatikotan.
Hidrogenoko bertsioaz gain, Irizar i6S Efficient-a diesel, biodiesel, gas natural, hibrido eta biogas teknologian dago eskuragarri gaur egun.
Neke saiakuntzak eta iraunkortasun probak Idiadan egin dira, mundu mailako ikerketa aplikatuko institutu ospetsuenetako batean, eta proba horiek bere eraginkortasuna, fidagarritasuna eta kalitatea bermatu zuten.
Irizar i6S Efficient-en 2.000 unitate baino gehiago mundu osoko errepideetan zirkulatzen ari dira, baldintzarik zorrotzenetan, fidagarritasun eta kontsumo emaitza bikainak lortuz. Ibilgailu horren eraginkortasunari esker, 76.800 Tn CO2 metatu aurreztu dira urtean.
Irizar i6S Efficient-ek presentzia bereziki garrantzitsua du Espainian, Frantzian, Italian... Kontsumo murrizketak duen balio erantsia eta Irizar i6s Efficient berriaren diseinu berritzailea faktore giltzarriak izaten ari dira Irizar eskualde batzuetan izaten ari den hedapen geografikoan, hala nola Eskandinavian, Alemanian edo Baltikoko herrialdeetan.
Irizar i8, luxua gure bezeroen zerbitzura
Irizar i8-ak, gure markaren ontzi intsigniak, erreferente izaten jarraitzen du konfortean, luxuan, diseinuan eta berrikuntzan. Europan modelo horren belaunaldi berriko autobusek Efficient gamaren eguneratze batzuk barne hartzen ditu, hala nola ispilu elektronikoak, eta horrek erregai kontsumoa murrizten eta gidatzeko segurtasuna hobetzen laguntzen dute.
Belaunaldi berriko trakzio integraleko sistemak kontsumoen %5eko murrizketa gehigarria eta pisuen optimizazioa dakar eta, gainera, GSR2 eta zibersegurtasun araudi berri guztiak betetzen ditu.
Irizar i8-a bezeroen irtenbide gogokoena da luxuzko zerbitzuetarako, ibilbide luzeko lineetarako eta erabilera berezietarako. Europako kirol talde handiek ere Irizar i8aren aldeko apustua egin dute garraiobide gisa.
Bidaiarien guneko lurzoru lauak 2+1 formako konfigurazioak ahalbidetzen ditu. Horrek bereziki erakargarri egiten du erosotasun maila handiarekin distantzia handiak egiteko, baita Mexikoko merkatuan eskuragarri dagoen Efficient bertsioan ere, bezeroen lehen aukera bihurtu baita.
Jasangarriak gara, zirkularrak gara
Standean jasangarritasunari propio eskainitako gune bat ere badaukagu, eta bertan Irizar Taldeak mundu hobe baten alde duen konpromisoa erakusten dugu, baita Izir produktu gama osoa ere, Irizarren ekonomia zirkularreko marka, hain zuzen ere, produkzioko material soberakinekin sortutako produktuez osatua.
Eskuz fabrikatutako produktuak dira, hainbat elkarte eta markarekin lankidetzan: motxilak, zorroak, eramangarrien poltsak eta askoz gehiago, ekoizpen inklusibo eta arduratsuan fokua jartzen duen proiektu honen barruan eginak.
Busworld, hortaz, Irizar Taldea sektorea deskarbonizatzeko bidean bultzatzen ari den irtenbide berritzaileak bertatik bertara ezagutzeko agertoki ezin hobea bilakatu da.