
Irizar e-mobilityren autobus %100 elektrikoen eskaera berria Suitzarako
Aduna, 2025eko ekainaren 20a
Irizar e-mobilityk kontratu berri bat sinatu du TRAVYS-Transports Vallée de Joux, Yverdon eta Ste-Croix operadore suitzarrarekin, Yverdon-les-Bains hirirako %100 elektrikoak izango diren autobus berriak hornitzeko. Eskaera berria 2029ra arte indarrean dagoen esparru kontratu baten barruan egin da, zeinean Transports Publics du Chablais (TPC) eta Transports de Martigny et Régions (TMR) auzo operadoreak ere sartzen diren.
Autobus berriak datorren urtearen hasieran entregatzea aurreikusten da. Autobusak Yverdoneko hiriguneko hiri lineetan arituko dira.
Aukeratutako modeloa Irizar ie bus da, 12 metroko luzerakoa. Ibilgailuak 500 kWh-tik gorako 3. Belaunaldiko Irizar bateriak izango dituzte, eta pantografo bidez kargatuko dira, aukerako kargarekin. 3 ate izango dituzte, 1 arrapala, 34 jarleku (horietako 4 mugikortasun urriko pertsonentzat), gurpil aulkietarako espazioak, atzerako ispiluak kamera digitalekin eta azken belaunaldiko segurtasun sistemak.
Irizar e-mobilityrentzat, gaur egun, Suitza da autobus elektriko gehien hornitu dituen hirugarren herrialdea. 2019tik, Schaffhausen, Berna edo Geneva bezalako hiriek jarri dute konfiantza haren elektromugikortasun soluzioetan, beren hirietarako etorkizun jasangarriago eta eraginkorragoa bultzatzeko.
Aipatu beharra dago Irizar e-mobilityk laguntza tekniko, ordezko pieza eta logistika zerbitzuak eskaintzen dituela, Visa Saxon kolaboratzaile suitzarraren bidez. Visa Saxon, halaber, laguntza komertzial garrantzitsua da merkatu honetarako, produktua hedatzen eta sendotzen laguntzen baitu.