Irizar e-mobilityk autobus elektrikoen kontratu bat lortu du Frantziako beste metropoli batean. RATP Dev, Brest Métropoleren kontura diharduen Bibus sarearen operadorea, Irizarren beste hamar autobus elektrikorekin hasiko da zerbitzua ematen 2025eko uztailaren erdialdean.
Operadoreak Irizar ie bus modeloko autobusa aukeratu du, 12 metroko luzerakoa. Eraginkortasuna, isiltasuna eta irisgarritasuna dira autobus horren ezaugarri bereizgarriak. Irizarren 470 kWh-ko baterien azken belaunaldiarekin hornituta egongo da. Autobusak hiru ate, arrapala elektriko bat, 24 plaza eta aulki gurpildunetarako bi espazio ditu.
“Euskal Hirigune Elkargoak berriki egin digun eskaeraren ondoren, pozgarria da guretzat iragartzea RATP Dev-ekin beste kontratu bat izenpetu dugula Brest Métropolerako. Frantzia herrialde garrantzitsua da guretzat. Irizarren 200 autobus elektriko baino gehiago dabiltza dagoeneko Frantziako hainbat hiritan. Irizar e-mobilityn agintzen dugu Brest Métropoleri gure laguntza osoa eskainiko diogula. Pozik gaude hiri berdeagoak eta emisiorik gabekoak bihurtzeko egiten ari diren bidean lagundu ahal diegulako”, adierazi du Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.