Irizar e-mobilityk “Made in Euskadi 2019” saria jaso du, Euskal Industriaren Zigilua mundu osoan zabaltzeagatik
Adunan, 2020ko azaroaren 23an
Irizar e-mobility enpresak “Made in Euskadi 2019” saria jaso du azaroaren 23an (astelehena) Bilboko Guggenheim Museoan izandako Euskal Enpresaren Gaua galan. Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak eman dio saria, Kutxabanken babesarekin, eta enpresen eta erakundeen 200 ordezkarira mugatu da bertan izandakoen kopurua.
Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi Rafael Sterlingek eskertu egin zuen sari entzutetsua: “Harro eta pozarren gaude, sari honek Irizarrek azken urteotan egin duen jauzi estrategiko eta teknologiko handia aintzat hartzen duelako, eta Europako ekoizle independente onenen artean kokatzen gaituelako… Aberastasuna eta enplegua sortzen jarraituko dugu, bezeroak gure jardueren bihotzean kokatuz. Une bakoitzean ahalik eta baliorik handiena emateko eta bezeroen beharrei erantzuteko behar den malgutasunarekin dihardugu, berrikuntzan, garapen teknologikoan eta I-Gn ahalegina eginez, eta betiere Irizar Taldearekin lan egiten edo lankidetzan aritzen diren pertsona guztien gogobetetasun maila handiena lortzeko premisarekin. Denon artean Made in Euskadi proiektu berriak sortzen eta garatzen jarraituko dugu”.
”Daukagun konpromisoa argia da: gure markari indarra ematen dioten balioetan inbertitzen jarraituko dugu, eta ahaleginak egingo ditugu berrikuntzan, garapen teknologikoan eta I+G+Baren garapenean, etorkizuneko erronkei behar den gaitasunez eta arintasunez aurre egiteko, gurean aberastasuna eta enplegua sortzeko eta euskal industriaren zigilua mundu osoan zabaltzeko”.
Irizar e-mobility enpresa proiektua 2016. urte amaieran sortu zen. Bere bultzada estrategikoa, hala ere, 2011n iritsi zen, Irizar Taldeak, sektoreko mugimenduei aurrea hartuz, elektromugikortasunaren negozio arloa sortu zuenean.
Oso laburra den denbora tarte batez ari gara, hala ere; ez da hamarkada bat igaro Irizarrek ehuneko ehun elektrikoak eta ‘zero’ igorpenekoak diren mugikortasun soluzioak eraikitzeko ideia izan zuenetik. Gaur egun, euskal industriaren bere zigilua honako hiri hauetan ikus daiteke, besteak beste: Genova, Frankfurt, Dusseldorf, Suitza, Luxenburgo, Orleans, Marsella, Amiens, Euskal Kostaldea – Aturri, Londres, Madril, Bartzelona, Malaga… Donostia, Bilbo eta Gasteizez gainera. Komeni da “euskal industria” nabarmentzea, proiektua ikuspegi ‘integralarekin’ pentsatu zelako, hau da, mugikortasun sarea osatzen duten elementu guztien garapena barne hartuz. Nabarmendu behar da, gainera, Irizar Taldearen teknologia propioarekin egin izana, horrek urteetako garapen lan handia ekarri baitu.
Hiru urte eskasetan, Irizar e-mobility gai izan da fakturazioa 11 milioi eurotik 75 milioi eurora igotzeko, plantillan zero pertsonatik 240ra pasatzeko eta inguruan enplegua sortzeko, laguntzaileen eta hornitzaileen sare bat eratuz, Irizar Taldeak toki mailan aberastasuna eta enplegua sortzeko duen ezinbesteko konpromiso gisa. Irizarren ibilgailuak Europako zortzi herrialdetan dabiltza. Urtean 1.000 ibilgailu ekoizteko ahalmena du, eta helburua Europako merkatuetan hazten eta kokatzen joatea da. Ekoizpen erritmoa areagotu egin da urrian, eta 2021erako aurreikuspenak are hobeak dira.
Irizar e-mobility euskal industria sarearen adibiderik onenetakoa bihurtu da. Etorkizuneko erronkei aurrea hartu die; horretarako, ekonomia berde eta iraunkorrean oinarritzen diren estrategiak darabiltza, eta balio erantsi handikoa eta konplexutasun tekniko, estetiko eta erosotasun handikoa den produktu bat lantzen du. Egindako apustu bereziak hainbat mugarri izan ditu: 2011n elektromugikortasunaren negozio arloa sortu zen, Taldeko enpresa guztien ezagutza eta esperientzia bateratuz; 2012an ZeUs Proiektu Europarrean sartu zen, EBn negozio hori dinamizatzeko sortua; handik urtebetera, Irizarrek 12 metroko luzera zeukan lehen autobusa eraiki zuen. 2014an, Irizar izan zen ZeEUS proiektu europarraren barruan Bartzelonako hiriari bi ibilgailu entregatu zizkion sektoreko lehen fabrikatzaile europarra; urte berean, lehen autobus elektrikoa aurkeztu zen Donostian.
Harrezkero, hiriei eta herritarrei mugikortasun sistema osoak eskaintzen hasi zen; bai %100 elektrikoak diren autobusak, bai energia kargatzeko, eramateko eta biltegiratzeko azpiegitura nagusiak; denak ere %100ean Taldearena den teknologiarekin diseinatu eta fabrikatuak.
2016a ere aurrerapauso handia izan zen Irizarrentzat. Lehen autobus artikulatua fabrikatu zen eta kontratu bat lortu zen Frantziako hiri elektromugikortasuneko lehen linean aritzeko, Marseillan, sei unitaterekin. Urtebete geroago, Irizar ie tram-a merkaturatu zen. Aldi berean, Irizarren autobus modeloek ‘Urteko Autobusa Espainian’ eta ‘Ibilgailu Industrial Ekologikoa Espainian’ sariak jaso zituzten.
2018an, Irizarrek elektromugikortasuneko lehen planta europarra inauguratu zuen, ibilbide laburreko kamioi eta autobus %100 elektrikoak eta zero igorpenekoak, karga azpiegiturak eta bateria propioak fabrikatzeko. Planta hori eraikitzeko 75 milioi euroko inbertsioa egin zen. 18.000 metro koadroko azalera eraikia du, lau hektareako lursail baten gainean, non proba pistak eta saiakuntza bankuak dauden. Gainera, planta horrek A eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria lortu zuen, inaugurazioaren datan Europan lortutako kalifikazio gorena.
2019an Irizar ie truck modeloa aurkeztu zen, hasiera batean hondakinak biltzeko pentsatua zegoen zero igorpeneko kamioia. Proiektu horrek sari ugari jaso ditu dagoeneko, eta, ondorioz, Irizar sektorearen abangoardian dago berriro ere, hiri iraunkortasuneko garapenekin lerrokatuz eta tokiko zein Europako berrikuntza gaitasunak bultzatuz.
Iraunkortasunarekiko konpromiso irmoarekin, eta bere ingurumen inpaktua minimizatze aldera, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko eguzki parke fotovoltaiko handienean inbertitu du; horrek eman dio, hain zuzen ere, energia berdeko plantaren izendapena. Gainera, Irizar e-mobilityk bigarren bizitza eskaintzen die bateriei, Ibil enpresarekin sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker, zeinaren bitartez bateriak energia biltegiratzeko elementu gisa berrerabiltzen baitira.
Prozesu hori guztia posible izan da berrikuntza eta garapen teknologikoan eta I+G+Bn egindako ahalegin handiari esker. Izan ere, horiek oinarri sendoak dira hiriek, operadoreak eta bidaiariek behar dituzten premia espezifiko bakoitzera egokitutako soluzio eta zerbitzu pertsonalizatuak erabiltzeko prest emateko behar den arintasuna eta gaitasuna izateko.
Irizar e-mobilityk, gainera, bere “Battery pack” propioak diseinatu, fabrikatu eta muntatzen ditu, izan ere, dagoeneko 40MWh gainditzen du, eta energia biltegiratzeko sistemen hornikuntzarako ahalmen handiena duen estatuko enpresa bihurtu da. Jarduera hori, mugikortasun iraunkorraren sektorean ez ezik, beste arlo eta aplikazio egonkor batzuetan ere indartzen ari da, esaterako, energia iturri berriztagarrien bidezko energia sorkuntzan eta sareen egonkortzean.
Irizar, gaur egun, hirien elektrifikazioaren eta bidaiarien garraio publikoaren etorkizunerako garrantzi handikoak diren proiektu europarretan murgilduta dago, hala nola energiaren biltegiratzean, gidatze autonomoan, eraginkortasun energetikoan, karga sistemetan, konektibitatean – Big Datan eta eraldaketa digitalean.
Eta hori guztia, ahaztu gabe lehen mailako euskal teknologia eta ikerketa zentroen ekarpena eta Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien laguntza instituzionala, “Made in Euskadi” erreferentziako industria sarea elikatzen jarraitzeko, Europaren eta munduaren beharrak asetzeko, eta ekonomia eta tokiko enpleguaren sorrera indartzeko.
Irizar e-mobility, azken batean, lider teknologiko sendoa da mundu osoan, erabiltzeko prest soluzioak eskaintzen ditu eta mugikortasun iraunkorra eta autobusa etorkizuneko alternatiba gisa erabiltzea bultzatzen du modu integralean, garraio kolektiboak segurua, eraginkorra, konektatua eta kutsadura eta soinu igorpenik gabea izaten jarrai dezan. Proiektuak abangoardian jartzen du euskal industria hiriko elektromugikortasunaren munduan, eta tokiko talentuaren alde egiten jarraituko du, merkatua garatzeko estrategiak eta I+G+B arloko beharrak elikatzeko.