Irizar e-mobilityk zazpi autobus elektriko entregatuko dizkio EMT Fuenlabrada enpresari
Aduna, 2022ko abenduaren 20a
Irizar e-mobilityk merkatu nazionalaren buru izaten jarraitzen du, eta beste kontratu bat gehitu dio bere eskaera zorroari; hain zuzen, EMT Fuenlabrada enpresarekin sinatutakoa, zero igorpeneko zazpi autobus %100 elektriko hornitzeko.
Operadoreak aukeratu duen modeloa 12 metroko luzerako Irizar ie tram da. Diseinu abangoardista eta berritzailea duen ibilgailua da, tranbia baten antzekoa, Fuenlabrada hirian garraio publikoak orain arte izandako irudia aldatzea ekarriko duena.
Besteak beste, ateratzen duen zarata txikiagatik (70 dB-tik behera, aire girotua martxan dagoela), edukiera handiagatik, sarbide errazagatik eta barruko bidaiarientzako espazio zabalagatik nabarmentzen den ibilgailua da. Autobuseko bidaiarien eremua argitsua, erosoa, zabala, atsegina eta segurua da. USB konektoreak ditu, bidaiariek beren sakelako telefonoen bateriak karga ditzaten.
Irisgarritasunari dagokionez, solairu bakarreko ibilgailua da, eta arrapala bat, espazioak eta lehentasunezko eserlekuak ditu mugikortasun urriko pertsonentzat, baita atea irekitzeko sakagailuak seinale akustiko eta argitsuekin, edo gelditzeko eskaera braillez egiteko aukera ere.
Autobus erabat segurua da, eta, besteak beste, bideozaintzako kamerak eta oztopoen hurbileko radarrak ditu.
EMT Fuenlabrada enpresaren flotara sartuko diren ibilgailuek hiru ate eta 26 eserleku izango dituzte, eta 80 bidaiari ere hartu ahal izango dituzte. 430 kWh-ko Irizar bateriak izango dituzte, eta pantografo alderantzikatu baten bidez edo Combo 2 karga hargunearen bidez kargatu ahal izango dira. Unitate eragilea 206 kW-ko motor zentral bat izango da. Ie tramek 16 orduz zerbitzua emateko behar besteko autonomia izango dute.
Zalantzarik gabe, ibilgailu iraunkor eta berritzaile horiek lagungarriak izango dira Fuenlabradako garraio publikoa deskarbonizatzeko proiektuan.