Irizar e-mobilityren 39 autobus %100 elektriko Herbehereetarako
Aduna, 2026ko urtarrilaren 22a
Irizar e-mobilityren autobus elektrikoak lehen aldiz lehorreratuko dira Herbehereetan, Arriva Personenvervoer Netherlands operadorearen eskutik. Guztira 39 izango dira Irizar e-mobilityk Arriva operadoreari hornituko dizkion unitateak. 18 autobus 12 metroko luzerakoak izango dira, eta gainerako 21 unitateak 18 metroko artikulatuak, guztiak ere Irizar ie tram modelokoak. Ekialdeko Brabante eskualdeko hainbat hiritan emango dute zerbitzua. Eta aurreikuspenen arabera, autobusak 2026ko abenduan entregatuko dira.
Irizar e-mobiltiyk 39 autobus %100 elektriko hornituko dizkio Arriva Personenvervoer Netherlands operadoreari, eta Ekialdeko Brabante eskualdean jarriko dituzte martxan, zehazki Tilburg eta ‘s-Hertogenbosch hirietan. Autobus horiek Arriva Netherlandsen garraio publikoko sarean sartuko dira, eta gaitasun handiko BRT linea batean ibiliko dira.
Irizar e-mobilityk lehenengoz hornituko ditu autobus elektrikoak herrialde horretan. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Arrivari, erakutsitako konfiantzagatik. Guretzat eskaera hau oso garrantzitsua da, gure portfolioan beste herrialde bat sartzeko aukera eman digulako, eta, era horretan, gure elektromugikortasun soluzioak zabaltzen eta hedatzen jarraituko dugulako. Autobus berri horiek Ekialdeko Brabante eskualdean zirkulazioan ikusteko irrikan gaude, bai eta hango herritarrek Irizar ie tram berrietan bidaiatzeko esperientzia nola gozatzen duten ikusteko ere”, zioen duela gutxi Jose Antonio Solak, Irizar e-mobilityko Salmenta Orokorreko zuzendariak.
“Autobus bikain hauekin benetan gustura gaude. Ezin hobeto egokitzen baitira Tilburg eta 's‑Hertogenbosch hirietako frekuentzia handiko linea jendetsuen beharretara. Argitasun handia, espazio zabala, bizkor sartzeko aukera eta diseinu bereizgarri eta futurista”, adierazi du Jan Pieter Been Arriva Netherlandseko Hegoaldeko zuzendariak. “Itxaropentsu gaude ibilgailu horiek direla tarteko, eta abenduan zerbitzuan jartzeko irrikan gaude”.
Ibilgailuek 615 kWh-tik gorako Irizar bateriak izango dituzte, eta kotxetegietan kargatuko dira, Combo 2 karga sistemaren bidez. Arrapala elektriko bat eta eskuzko beste bat izango dituzte, irisgarritasun handiagoa lortzeko. Horrez gain, operadoreak erabaki du hiriarteko diseinuko besaulki batzuk txertatzea, eta horrek erosotasun handiagoa emango die bidaiariei.
Ezaugarri berezi gisa, gidariaren besaulkiak posizio pertsonalizatuko memoria izango du, eta, horri esker, pertsona bakoitzaren arabera, besaulkiaren konfigurazioa automatikoki doitu daiteke, ergonomia hobetzeko eta erosoago gidatzeko.
Irizar ie tram diseinu abangoardistagatik nabarmentzen da, eta berrikuntzaren zein teknologiaren sinonimo izaten jarraitzen du. Diseinu hori, hain zuzen, gure planeta errespetatzen duten ingurune bizigarriagoen aldeko apustua egiten duten hiri modernoentzat dago pentsatuta.
Eskaera honekin, Irizar e-mobilityk Beneluxen duen presentzia indartu du, eta merkatu estrategikoa denez, hango beste hiri batzuetan ere bere soluzioak hedatzen jarraitzea espero du.