Irizar e-mobilityren elektromugikortasun soluzioak Adunatik Tolosara
Aduna, 2021eko uztailaren 9a
Gaurtik aurrera Irizar ie tram autobus %100 elektrikoa martxan jarriko du Gipuzkoako Tolosa herriak.
Ibilgailu moderno, abangoardista eta irisgarria da, tranbiaren estetika duena, Irizar e-mobility enpresak ekoiztua, bertako teknologia eta talentuarekin.
Gaur aurkeztu dute Egoitz Sorozabal Lurralde Arloko arduradunak, Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak, Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak eta Iñigo Azcona Irizar e-mobilityko komertzial arduradunak Irizar ie tram autobus elektriko berria.
Tolosa herri jasangarriagoa bilakatzeko helburuaren baitan kokatzen da Legealdi Planean jasotako Hiribus elektrikoaren proiektua, estrategiko bezain garrantzitsua dena eta dagoeneko martxan dagoena.
Egoitz Sorozabal, Lurralde Arloko arduradunaren hitzetan: “Aldaketa klimatikoaren erronka globalari tokikotasunetik ere erantzun behar diogu eta zentzu horretan, elektromugikortasuna eta trantsizio energetikoa lan lerro garrantzitsuak dira guretzat, horregatik, klima ekintzarekiko konpromisotik kutsadura murrizteko politika publikoak sustatzen eta egitasmo eta proiektu berriak abiarazten ari gara klima aldaketari modu integralean erantzuteko eta bide horretan, autobus elektriko berria proiektu estrategikoa da”.
Garraio publikoaren eta tokiko ekoizpenaren aldeko apustua
Tolosako hiri garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu berriaren baitan eskainiko da Hiribus zerbitzua zero igorpeneko autobus bidez.
Kontratu berria Autobuses Cuadra S.L. enpresari esleitu zaio 5 urtez eta kontratuaren barruan, Irizar e-mobility enpresak diseinatu, garatu eta ekoiztu du autobusa.
Imanol Rego, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak Tolosako Udalari eta Autobuses Cuadrari eskerrak eman nahi izan dizkie tokiko ekoizpenaren alde egindako apustuagatik eta Irizar e-mobilityrengan jarritako konfiantzagatik “Harrotasunez betetzen gaitu gure autobus elektriko bat Tolosan operazioan ikusteak, gure lantegitik 12 kilometrotara. Irizar taldearen %100 teknologiarekin diseinatuta dagoen autobusa Adunan, Europako lehen elektromugikortasun lantegian, ekoiztu da bertako talentuarekin” azpimarratu du.
Patxi Amantegi ingurumen zinegotziaren hitzetan, “Mugikortasun jasangarriaren bidean, garraio publikoa indartu eta hobetu beharreko lan ildoa da; horregatik, hasiera honetan ibilbideak, ordutegiak eta tarifak mantenduko badira ere, jada ari gara Mugikortasun Plan berriaren baitan jasota dauden neurriak aztertzen eta autobusaren ibilbide eta ordutegian aldaketak txertatzen joango gara herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko eta Hiribusa MUGI sisteman txertatzeko lanean ere bagabiltza”.
Irizar ie tram
Irizar ie tram autobusa erabat elektrikoa, 0 igorpenekoa eta irisgarria da. Ibilgailu moderno eta abangoardista, tranbia baten ezaugarri estetikoak dituen autobusa. Xehetasun txikienak ere zaindu dira tranbiaren estetika lortzeko, adibidez, abatz-estalkiak edo atzerako ispiluak; azken horiek kamerekin ordezkatu dira eta irudiak gidariaren bi aldeetan dauden pantailetan agertzen dira ibilgailu barruan. Leiho baxuak ere gehitu dira, horrela bidaiariek zabaltasun eta argitasun-sentsazioa dute autobusaren barrualdean.
Ibilgailu honek 3 ate, 21 eserleku (horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzako) eta aulki gurpildunentzako eta ume kotxeentzat 2 gune ditu. Guztira 81 pertsona garraiatzeko gaitasuna du. Irisgarritasuna bermatuta dago, gurpildun aulkian doazen pertsonek baliatzeko arrapala elektrikoa baitu.
Ibilgailu hau ioi-litiozko Irizar bateriaz hornituta dago. Halaber, Irizarrek Jema Energyren (Irizar Taldeko enpresa) 100 kW-ko kargagailua ere hornitu du. Kargagailu honek hiru ordutan kargatuko du autobusa Combo 2 karga hartunearen bidez.
Entretenimenduari dagokionez, USB kargagailuak, WiFia, Braillez adierazitako pultsadoreak, bidaiariarentzako informazioa, etab. gehitu dira.
Irisgarritasunak, segurtasunak, zirkulazio-fluxuak eta bidaiarien erosotasunak ibilgailu honen barne-arkitektura inspiratzen dute.