Irizarrek Espainiako zero isurpeneko autobus elektrikoen bi kontraturik handienak lortu ditu
Aduna, 2019ko ekainaren 14a
Irizar Taldeak arrakasta izaten jarraitzen du Europako merkatuetan. Amiens hiriko proiektu anbiziotsua martxan jarri eta gero, eta Europa iparraldean Alemaniako Dusseldorf eta Suitzako Schaffhaus hirietako kontratu berriak lortu dituelarik, Madrilen eta Gasteizen sinatu berri dituen akordioak gehitu behar dira orain.
Espainian gaur egun zero isurpeneko autobus elektrikoen proiekturik handienak dira.
Madrilgo EMTk konfiantza jarri du berriro Irizar e-mobilityn, eta, iaz bere flotara 15 autobus gehitu ondoren, orain kontratu bat sinatu du beste 20 autobus elektriko hornitzeko.
Gasteizi dagokionez, kontratuan zero isurpeneko 13 autobusen hornidura sartzen da, euren karga elektrikoko sistemekin eta mantentze lanekin, hiriko Bus Elektriko Adimendunaren proiektuaren barruan (BEA).
Oraingoan, Madrilgo EMTk 12 metroko autobus modeloaren bigarren belaunaldia eskuratuko du, Irizar ie bus, azken berrikuntza teknologikoekin eta diseinukoekin, horien artean nabarmentzen direlarik, besteak beste: pisua %10 murriztea, bidaiariak hartzeko ahalmena hobetzea hainbat herrialdetako arauetara egokitzeko, eta baterien belaunaldi efizienteagoa eta kargatzen azkarragoa barneratzea, guztia ala guztia Irizarrek garatu eta fabrikatua. Ibilgailuak 2019. urtean entregatuko dira.
Gasteizi dagokionez, proiektuan sartzen da hiriko zero isurpeneko lehen linea %100 elektrikoa ezartzea, eta, horretarako, Irizarrek Yarritu eraikitzailearen eta LKSren lankidetza dauka, zeinek ingeniaritza, obra zibil, seinaleztapen, komunikazio eta abarretarako lanak egingo baitituzte.
Irizarrek zero isurpeneko 13 autobus hornituko ditu, karga azkarreko sistemekin eta kotxetegiko kargarekin, guztiak ere interoperableak, eta mantentze lanez ere arduratuko da. Horietako zazpi 18 metroko autobus artikulatuak dira, eta gainerako seiak 12 metrokoak, biak ere Irizar ie tram modelokoak.
Halaber, kontratuan sartzen da pantografo bidez noiznahi kargatzeko estazio interoperableak instalatzea, ibilbideko bi puntutan; horri esker, autobusak ibilbidean eta 4 minutuan kargatu ahal izango dira. Gainera, kargagailu adimendunak instalatuko dira kotxetegietan, horiek ere interoperableak, Irizarrek garatu eta hornitutako sistemak izanik. Lehen ibilgailuak 2020. urtearen erdialdean entregatuko dira.
Bus Elektriko Adimenduna ezarrita (BEA), Gasteizek urrats irmoa egingo du mugikortasun jasangarriaren alde.
Martxan da Europako karga azkarreko BRT flota interoperable elektrikorik handiena (zero isurpeneko 43 autobus)
Martxan da dagoeneko BRT Ametis zerbitzuko linea berrien proiektu anbiziotsua, Amiens hirian Irizar ie tram modeloko zero isurpeneko 43 autobus elektriko jarri baitira martxan, Irizar Taldeak kargarako garatu eta hornitutako azpiegiturekin batera.
Autobus elektrikoak 4 Nemo lineetatik hirutan dabiltza. BRT linea horiek (maiztasun handiko autobusak) goizaldeko lauetatik gauerdiraino bermatzen dute zerbitzua, 8-10 minutuko maiztasunarekin, eta ibilbidean kargatzen dira, 4 minutuan, hiriko hainbat gunetan instalatuta dauden pantografo bidezko karga azkarreko sei azpiegituraren bitartez.
Gaueko kargarako, beste 43 kargagailu adimendun instalatu dira Riveryko kotxetegietan. Kargarako azpiegitura guztia, halaber, Irizar Taldeak garatu eta hornitu du.
Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak nabarmendu duenez, |funtsezko proiektu bat da Irizar Taldearentzat. Giltza eskura erako proiektu bat da, karga azkarreko Europako azpiegiturarik handiena duena. Amiens eskala horretako gure lehen sarea da diseinuari, fabrikazioari eta karga sistemei dagokienez, eta, zalantzarik gabe, etorkizuneko proiektuetarako erakusleihoa izango da|.
Horrez gain, Irizar Taldea 12 metroko Irizar ie tram autobusaren 16 unitate entregatzen ari da Aix en Provence hirirako, eta 18 metroko Irizar ie tram modeloko 10 unitate Baionarako, zeinak irailean jarriko baitira martxan.