Irunek Irizar e-mobilityren autobus elektrikoen aldeko apustua egin du
Aduna, 2022ko irailaren 19a
Irungo Udalak Irizar e-mobilityri esleitu dio zero igorpeneko lau autobus eta horien karga azpiegitura egiteko eta hornitzeko kontratua. Hiru autobus karga azkarrekoak izango dira, eta bat gauez kargatzekoa.
Autobus horiek Irunbuseko 2. linean (Bentak-Erdigunea) erabiliko dira, eta urtean 400.000 bidaiari baino gehiago garraiatzeko aukera emango dute. Garraiobide berritzaile eta iraunkorra da, eta, zalantzarik gabe, bidaiarien esperientzia hobetuko du.
- urte erdialdean entregatzea aurreikusten da.
Txema Otero Irizar e-mobilityko Espainia eta Portugalgo Zuzendari Komertzialaren hitzetan: “Oso harro gaude Irungo hiriari gure elektromugikortasun irtenbideak eskura eman ahal izateagatik, eta, era horretan, Irunek deskarbonizazioraekin eta mugikortasun iraunkorrarekin lotuta dituen helburuetan laguntzeagatik. Gure ekoizpen lantegia Irundik 30 km eskasera dago, eta hemen garatzen eta fabrikatzen ditugu gure ibilgailuak, bateriak eta kargarako azpiegiturak. Hauek dira autobusen ezaugarri bereziak: diseinua, irisgarritasuna eta pertsonalizazio maila handia. Gainera, erabat isilak dira eta errespetuz jokatzen dute ingurumenarekin; horrenbestez, baliagarriak izango dira irundarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Bestalde, Borja Olazabal Irungo Udaleko Mugikortasuneko ordezkariak adierazi duenez, "Hirian mugikortasun iraunkorrago baten alde emango dugun beste pauso bat da. 2019az geroztik, L-1 linea elektrikoa dugu, eta laster L-2 linea ere halakoxea izango da. Era horretan, gure garraio publikoen %90 metodo garbiagoekin mugituko dira, eta, hartara, aurre egingo zaie klima aldaketak gure inguruan eragiten dituen ondorioei".
Ibilgailuak Irizar ie tram modelokoak dira eta 12 metroko luzera dute. 22 eserleku, gidariarentzako besaulki bat eta gurpil aulki edo orgatxoentzako 2 gune dituzte, eta 75 bidaiarentzako tokia. Bidaiarien irisgarritasuna eta erosotasuna errazteko, ibilgailuek 3 ate, 2 arrapala, gurpil aulkientzako eta orgatxoentzako guneak eta braillez idatzitako gelditzeko sakagailuak dituzte.
Autobus horiek Irizar teknologiako azken belaunaldiko bateriak dituzte (430 kWh gaueko kargako ibilgailuek eta 90 kWh karga azkarreko ibilgailuek), eta 206 kW-ko trakzio motorrak. Era berean, Irizar e-mobilityk karga azkarreko estazio bat hornituko du, 2. linearen buruan (suhiltzaileen gunean) jarriko dena, eta gaueko karga sistema bat ere ezarriko du. Kargagailuak Jema Energy markakoak dira, Irizar Taldeko enpresakoak.
Autobusek kamera bidezko atzerako ispilu digitalak dituzte, hiriko autobusentzako irtenbide berritzaile eta eraginkorra; alegia, atzerako ispiluen ordez, bereizmen handiko kamerak eta barruko pantailak dituena, ikuspen optimizatua eta ergonomia hobetua izateko.