Irizar e-mobility, Milango Next Mobility Exhibition azokan
Milan, 2022ko urriaren 12a
Irizar e-mobilityk elektromugikortasunarekin lotutako bere azken aurrerapenak eta berrikuntzak aurkeztuko ditu Milanen (Italia), urriaren 12an, 13an eta 14an egingo den Next Mobility Exhibition azokan.
6.hallean Irizarrek izango duen D38E49 zenbakiko 330 m2-ko standean, Irizar Taldearen autobus jasangarrien gamako bi ibilgailu ikusi ahal izango dira. Irizar ie tram bat, 12,160 metroko luzerakoa, eta Irizar i3le hibrido bat, 12,750 metrokoa.
Irizar ie tram-en ezaugarriak dira ibilgailu abangoardista dela eta ingurumenarekiko errespetuz jokatzen duela. Azokan ikusgai egongo den ie tram-ak Irizarren azken belaunaldiko 430 kWh-ko bateriak ditu, eta 240 kW-ko trakzio motorrarekin hornituta dago. 3 ate ditu, 22 eserleku bidaiarientzat (horietatik 4 MUPentzat), 2 gune aulki gurpildunentzat eta orgatxoentzat, arrapala elbarrientzat eta 74 bidaiari har ditzake guztira. Unitate honetan karga motela egiten da combo 2 motako mahuka duten kotxetegietan, baina zero igorpeneko Irizar autobusek pantografo bidez kargatzeko aukera ere eskaintzen dute (pantografo alderantzikatua edo sabaian muntatua). Autobus honen bertute handienetako batzuk, hain zuzen, diseinu futurista, pertsonalizazio maila handia, edukiera handia, barrura sartzeko erraztasuna eta erosotasuna dira. Autobusa %100 elektrikoa da, zero igorpenekoa, eta bidaiarien esperientzia aberasteko helburua dauka. Autobus modelo hori 12 eta 18 metrotan dago eskuragarri, eta Irizar Taldearen teknologia du, energia kargatzeko, trakziorako eta biltegiratzeko sistemei dagokienez.
Irizar i3le modeloa, berriz, low entry ibilgailua da, eta funtzionaltasuna eta irisgarritasuna ditu ezaugarri nagusi. Erakusgai dagoen unitateak full-hybrid Scania txasisaren gainean dauka karrozeria, eta 9 litroko eta 320CV-ko diesel motorra, 12 martxako Scania Opticruise abiadura aldagailua eta 130kW-ko motor elektrikoa ditu, azken hori diesel motorraren eta abiadura aldagailuaren artean. Transmisioan txertatutako motor elektriko indartsu horrek 3 km-rainoko autonomia eskaintzen du modu elektrikoan, eta erregaia %30era arte aurrezteko aukera ematen du. Modelo hori 10,95 metrotik 15 metrora arteko luzeretan dago eskuragarri. Ateek hainbat konfigurazio eta kokapen dituzte (orri bikoitza, orri sinplea) eta MUPentzako arrapalak (eskuzkoa edo automatikoa) aurreko atean edo ate nagusian. Irizar i3le hainbat antolamendutara egokitzen da, eserita zein zutik dauden bidaiarien kopurua maximizatu eta zerbitzuaren eskakizuna betetzeko.
Bi autobus horiek isilak dira eta ingurumena errespetatzen dute. Itxura denez, mugikortasun kolektibo jasangarrirako funtsezko elementu bihurtuko dira, ingurumen inpaktua nabarmen murrizten eta herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen baitute.
Gaur bere standean emandako prentsaurrekoan, Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak esan du “elektromugikortasunaren merkatua aurrerapauso erraldoiak” ematen ari dela, eta “datozen hilabeteetarako hazkunde aurreikuspenak positiboak” direla. “Gure zero igorpeneko autobusek oso harrera ona izaten jarraitzen dute Europako merkatuan”, esan du, eta konpainiak besteak beste Parisen, Madrilen, Londresen, Estrasburgon, Burgasen, Bernan edo Zaragozan izan dituen azken esleipen garrantzitsuenetako batzuk aipatu ditu. Italiako merkatuari dagokionez, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak zera esan du: “Italia merkatu garrantzitsua eta estrategikoa da guretzat. Merkatu horretan elektromugikortasunak hazkunde handia izango du datozen urteetan. Zero igorpeneko garraio sistemen horniduran dugun esperientziak ezin hobeto egiten du bat herrialde hau hartzen ari den norabidearekin”. Eta honela amaitu du Etxeberriak bere diskurtsoa: “Gure ibilgailuen eraginkortasuna eta automatizazioa handitzeko lanean jarraitzen dugu, baterien garapen berrietan lanean eta segurtasun estandar berriak inplementatzen”.
Irizar, Italian erreferente
Irizar Italiaren lehen urratsak 1993koak dira, urte hartan hasi baitzuen Irizarrek jarduna Mediterraneo iparraldeko herrialde horretan. Irizar Italiak eskaintzen duen produktu sorta zabala da, merkatuko osoenetako bat, eta teknologia handiko autobusak sortzen ditu Premium segmenturako, baita hiriarteko autobusak, teknologia hibridoa edo biodiesela duten II klaseko modeloak eta zero igorpeneko I klaseko hiriko autobus elektrikoak ere. Gainera, saldu osteko sare bat du, herrialde osoan zerbitzua ematen duena.
Irizar e-mobilityri buruz
Irizar e-mobility elektromugikortasunean aritzen den enpresa da, Irizar Taldekoa. Adunan dago, Donostiatik 20 kilometro eskasera. Han, Irizarrek hiri ibilgailuak egiten ditu, %100 elektrikoak eta zero igorpenekoak. Ibilgailu horiek bateria sistema propioak dituzte, baita karga azpiegiturak ere, eta floten kudeaketaren digitalizazioa dakarte. Hori guztia Irizar Taldearen teknologiarekin eta tokiko zentro teknologikoen sarearen laguntzarekin garatu da, eta horrek etorkizuneko enpleguan eta lurraldeko aberastasunean laguntzen du.
Irizar Taldeari buruz
Irizar nazioartean presentzia duen enpresa talde bat da, eta gaur egun jarduera dauka honako sektore hauetan: bidaiarien garraioa, elektromugikortasuna, elektronika, motor eta sorgailu elektrikoak, konektibitatea eta energia.
Taldea 7 enpresak osatzen dute (Irizar, Irizar e-mobility, Alconza, Datik, Hispacold, Masats eta Jema) eta haien jarduna 13 lantegitan egiten dute Espainian, Marokon, Brasilen, Mexikon eta Hegoafrikan. Gainera, I+G Zentro bat ere badu, zeinak Taldearen beraren produktu eta sistemen ikerketa aplikatua eta garapen teknologikoa dituen helburu.
Irizar S. Coop da Taldeko enpresa matrizea eta egoitza nagusia Ormaiztegin dago. Han dago Creatio ere, Irizar taldearen Ikerketa eta Garapenerako Zentroa.
1889an sortu zen Irizar Taldea, eta gaur egun dagoeneko talde sendoa da. 3.500etik gora pertsonak osatzen dute, geografikoki eta industrialki dibertsifikatuta dago, etengabe hazten ari da, eta apustu irmoa du egina markaren, teknologiaren eta iraunkortasunaren alde.