Irizar e-mobility Next Mobility Exhibition azokan Milanen
Milan, 2026ko maiatzaren 13a
Irizar e-mobilityk Next Mobility Exhibition azokan parte hartu du, mugikortasun adimentsu eta jasangarriari eskainitako topaketa nagusietako batean, Fiera Milanon (Rho), beste behin ere enpresa erakusle gisa. Irizar e-mobilityk ekitaldi honetan duen presentziak indartu egiten du berrikuntza teknologikoarekin eta zero emisioko garraio publikoko soluzioen garapenarekin enpresak daukan konpromisoa.
Edizio honetan, Irizar e-mobilityk 12 metroko Irizar ie bus Efficient bat, markaren hiriko gamaren barruan belaunaldi berri bat irudikatzen duen ibilgailu %100 elektriko bat, erakutsiko du; hain zuzen ere, D01 E10 standean, 11P pabiloian. 2025eko urrian aurkeztu zen ofizialki modelo hau, eta 10, 12 eta 18 metroko bertsioetan dago eskuragarri. Jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua da, eraginkortasun, diseinu eta jasangarritasunari dagokienez.
Irizar ie bus Efficient plataforma berriak hobekuntza esanguratsuak ditu, eta horregatik kokatzen da hiri elektromugikortasunaren abangoardian. Bere aurrerapen nagusien artean, nabarmentzekoa da aurreko sorkuntzarekin alderatuta energia kontsumoa %10eraino murriztu dela, baita pisua gutxitu dela ere (1.000 kg inguru), eta horrek aukera ematen du bidaiarientzako edukiera handitzeko.
Barne diseinua ere optimizatu egin da, bidaia esperientzia erosoagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko. Ateak eta korridoreak handitu egin dira, eta horri esker, sarbide errazagoa, erosoagoa eta inklusiboagoa bermatzen da pertsona guztientzat. Espazio handiagoa eta argitasun hobea izatea lortu da, eta, hala, bidaiarientzat gune erosoagoa eta giro atseginagoa sortu da. Gainera, gidatzeko guneko klimatizazio independentea hobetu da, eta ibilgailuaren altuera eta pisua murriztu, gidariaren erosotasuna hobetzeko.
Kanpoko diseinuari dagokionez, markaren gainerako modeloetan inspiratutakoa, Irizar ie bus Efficient berria bere nortasun indartsuagatik nabarmentzen da. Dauzkan lerro markatuek, aurrealdeko estetika definitu batekin batera, autobusaren izaera bereizgarria indartzen dute. Alboko elementuak bisualki integratzen dira, beirak, panelak eta ateak multzo harmoniatsu bakar batean uztartzen dituen diseinu baten bidez.
Irizar e-mobilityk jasangarritasunarekin duen konpromisoarekin bat etorrita, plataforma berri honetan, jatorri birziklatuko materialen erabileran aurrerapen nabarmena lortu du: aurreko plataformarekin alderatuta, bikoitza.
Era berean, autobusak merkatuan indarrean dauden araudi zorrotzenak betetzen ditu, eta denik eta segurtasunik handiena bermatzen du une oro.
Irizar ie bus Efficientek ‘2026ko Urteko Autobusa’ saria jaso berri du Espainiako estatuan. Garraioaren Sari Nazionalen epaimahaiak emandako sari bat da, eta sari horiek Espainiako urteko ibilgailu industrial onenak aitortzen dituzte. Sektoreko profesionalen eta garraio enpresa nagusietako operadoreen ordezkaritza handi batek osatzen du epaimahaia.
Next Mobility Exhibitionen parte hartzea estrategikoa da Irizar e-mobilityrentzat, bere posizionamendua eta Italiako merkatuan mugikortasun elektrikoan duen presentzia eta soluzioak zabaltzen jarraitzeko apustua indartzen baitu, eta, hala, garraio publiko jasangarriago, eraginkorrago eta seguruago bat izaten laguntzen du.