Irizar e-mobilityk 78 autobus elektriko hornituko dizkio KVB Koloniari, eta Alemanian duen presentzia sendotuko du
Alemaniako Kölner Verkehrs-Betriebe AG (KVB) operadoreak Irizar e-mobilityri esleitu dio Kolonia hirirako 78 autobus erabat elektriko hornitzeko kontratua. Irizar e-mobilityk Alemanian duen Jebsen & Jessen Industrial Solutions GmbH banatzailearen bidez sinatu da kontratua.
KVBk hautatutako modeloa Irizar ie bus Efficient berria da, konpainiak orain dela gutxi aurkeztu duena. Ibilgailu berri honek aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eraginkortasunari, gaitasunari, irisgarritasunari, erosotasunari, segurtasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Erosketa honekin, Kolonia izango da ibilgailu berri hori zirkulazioan jarriko duen lehen hirietako bat.
Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak 2026 amaieran entregatuko dira, eta gainerako flota, 2027an. Horietatik 40 unitate 12 metroko luzerakoak izango dira, eta, 38, 18 metrokoak. Ibilgailu berri horiekin, KVBk martxan izango duen flotaren bi heren %100 elektrikoak izango dira.
Ibilgailuak Combo 2ko karga hargune bidez edo pantografo bidez kargatu ahal izango dira (bottom up) eta KVBko kotxetegietako karga sekuentzialeko sisteman integratuko dira. Irizar e-mobilityk garatutako bateria berriak izango dituzte, baita motor trinkoago bat ere.
Irizar ie bus Efficient autobusaren barne diseinua bidaia esperientzia hobetzeko sortu da: espazio zabalagoak, argitasun handiagoa eta korridore zabalagoak. Gainera, klimatizazio sistema optimizatua eta gidatzeko postu digitalizatua ditu, azken hori gidariari ingurune ergonomiko eta erosoa eskaintzeko diseinatua.
Ibilgailuak merkatuan indarrean dauden araudi zorrotzenak betetzen ditu, eta denik eta segurtasunik handiena bermatzen du.
12 metroko unitateek 2 ate, 32 eserleku eta aulki gurpildunetarako edo orgetarako gune 1 izango dituzte; 18 metroko ibilgailuek, berriz, 3 ate, 46 eserleku eta aulki gurpildunetarako edo orgetarako 2 gune.
Irizar ie bus modeloak Alemaniako beste hiri batzuetan ere eskaintzen du zerbitzua, hala nola Düsseldorfen, Frankfurten, Bremenen eta Wormsen, baina Kolonia izango da lehena Efficient bertsioa bere flotan sartzen.
Kontratu hau mugarri eta urrats garrantzitsua izango da Irizar e-mobilityk Alemaniako mugikortasun elektrikoaren merkatuan duen posizionamenduan.
Irizar ie bus Efficient berria
Soluzio jasangarriak eta errendimendu handikoak eskaintzeko konpromisoari leial, Irizar e-mobilityk bere ibilgailuen bilakaeran beste pauso bat eman du Irizar ie bus berri hau abiarazita, orain Efficient gamaren barruan integratuta.
Irizar ie bus Efficient berri honen hobekuntza nagusien artean nabarmentzekoa da egitura kontzeptu berri bati esker pisua arindu duela, eta horrek bidaiari gehiago sartzeko aukera eman du. Gainera, aurreko autobus belaunaldiarekin alderatuta, energia kontsumoa murriztea lortu da; besteak beste, motor trinkoago bat, bateria eraginkorragoak eta kudeatzaile termiko berri bat gehitu direlako. Jatorri birziklatuko materialen erabilera ere %50 handitu da.
Irisgarritasunari dagokionez, eredu berriak ate eta korridore zabalagoak ditu, baita bidaiarien fluxu optimizatuak ere, eta horrek sarbide errazagoa, erosoagoa eta inklusiboagoa bermatzen die erabiltzaile guztiei.
Kanpoko diseinua nortasun sendoagatik nabarmentzen da, markaren gainerako modeloak izan baititu inspirazio iturri. Dauzkan lerro markatuek, aurrealdeko estetika definitu batekin batera, autobusaren izaera bereizgarria indartzen dute. Alboko elementuak bisualki integratzen dira, beirak, panelak eta ateak multzo harmoniatsu bakar batean uztartzen dituen diseinu baten bidez.