Skip to main content
Irizar e-mobilityk 80 autobus %100 elektriko hornituko ditu Poloniako hainbat hiritarako

Irizar e-mobilityk 80 autobus %100 elektriko hornituko ditu Poloniako hainbat hiritarako

Aduna, 2025eko azaroaren 18a

Irizar e-mobilityk autobus elektrikoak hornitzeko kontratu gehiago sinatu ditu Polonian, eta herrialde hartan duen presentzia indartuko du. 

Irizar e-mobilityk autobus elektrikoak hornitzeko kontratuak sinatu berri ditu Poloniako garraio publikoko hainbat operadorerekin. Kasu guztietan, Irizar ie bus modeloa izan da aukeratutakoa. 

Duela aste batzuk, Irizar e-mobilityk 10 metroko luzera duten 10 autobus hornitzeko kontratua sinatu zuen MZA Varsovia operadorearekin (Miejskie Zakłady Autobusowe sp. z o.o.). Ibilgailu horiek 2026. urte amaieran entregatuko dira, eta Poloniako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko dira. Berrikuntza gisa, ibilgailu berriek 1 kW-tik gorako panel fotovoltaikoak izango dituzte. Kontratuak, gainera, eskaera 10 unitate gehigarrirekin handitzeko aukera ere jasotzen du.

Bestalde, MPK Cracoviak (Miejskie Przedsiębiorstwo Komunikacyjne S.A.) Irizar e-mobilityren autobus elektrikoen aldeko apustua egin du berriz ere, eta 12 metro luze diren 22 autobus berri hornitzeko bigarren kontratua itxi du. Unitate berri horiek datorren urtearen erdialdean martxan jartzea aurreikusita dago. Hiriaren erdigunean zehar ibiliko dira. Era horretan, MPK Cracoviak Irizar e-mobilityren 26 autobus elektriko izango ditu bere flotan, unitate berri horiek 2023. urtetik hirian dabiltzan 4 Irizar ie bus autobusei gehituko baitzaizkie. 

Bielsko-Białako Udal Garraio Agintaritzak ere (Miejski Zakład Komunikacyjny w Bielsku-Białej) 12 metroko luzera duten Irizar e-mobilityren 12 autobus berri izango ditu. Lehen entregak 2026ko lehen seihilekorako daude aurreikusita.

Era berean, GZM Katowice poloniar operadoreak bere flota modernizatzea erabaki du, 31 autobus elektriko gehituta: horietatik 16, 18 metroko artikulatuak, eta gainerako 15ak, 12 metrokoak. Ibilgailu berri horiek hainbat hiritan ibiliko dira: Sosnowiec, Swierlaniec, Katowice, Gliwice, etab. 

Azkenik, MPK Nowy Sącz-ek (Miejskie Przedsiębiorstwo Komunikacyjne Sp. z o.o.) 10 metroko luzera duten Irizar e-mobilityren 5 autobus elektriko gehituko ditu bere hiri garraio sarean. Nowy Sącz hirian ibiliko dira, eta aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan entregatuko dira. 

Operadore horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, gure elektromugikortasun soluzioetan konfiantza izateagatik. Oso pozik gaude gure autobus elektrikoak Polonian zabaltzen ari direla ikusita. Espero dugu herritarrek bidaia esperientzia erosoa, isila eta ingurumena errespetatzen duena izatea”, zioen berriki Mikel Irizarrek, Irizar e-mobilityko Ekialdeko Europako arduradun komertzialak.