Irizar e-mobilityk nazioartera zabaldu ditu bere mugikortasun irtenbideak Latinoamerikara iritsiz, non 32 autobus %100 elektriko hornituko baititu Mexikoko Yucatan estatuan
Aduna, 2023ko abenduaren 14a
Irizar e-mobility nazioarteko merkatura iritsi da, eta zero igorpeneko 32 autobus %100 elektriko hornituko ditu Yucatan estatuan. Lehenengo unitateak abenduaren 30ean jarriko dira martxan Va-y-Ven garraio publikoko sisteman. Nabarmentzekoa da %100 ibilbide elektrikoa izango dela, bakarra Latinoamerika osoan, eta lehena herrialdearen hego-ekialde osoan. Ibilgailu horiek egingo duten ibilbideak 500.000 bidaiari baino gehiago garraiatuko ditu astero.
Proiektu aitzindaria da Mexikoko estatu horrentzat, eta helburua da Maya trenaren terminala, Uman, Kanasin, UADYko Ingeniaritza fakultatea eta Teya Meridako Plancha parkearekin lotzea, %100 ibilbide elektrikoekin.
Irizar ie tram da aukeratutako modeloa, konpainiako autobusik enblematikoena. Diseinu abangoardista dauka eta zarata maila txikia, argitasuna, segurtasuna, irisgarritasuna eta pertsonalizazio maila handia ditu ezaugarri nagusi. Hirietan elektromugikortasuna iraultzen ari den autobusa da.
Ie tram autobusaren lehen unitateen aurkezpen ofiziala atzo egin zen, 2023ko abenduaren 13an, Meridako La Plancha Parke Handiaren barruan dagoen IE-TRAM estazioan ,Mexikon. Ekitaldian izan ziren, Mauricio Vila Dosal, gobernadorea; Rafael Hernández Kotasek, Yucatango Garraio Agentziaren titularra; Iñigo Etxeberria, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusia, eta Iñigo Azcona, Irizar e-mobilityko zuzendari komertziala.
Mauricio Vila Dosal gobernadorearen hitzetan, "Ibilgailu hauekin 750 unitate berri sartuko dira Va-Y-Ven garraio publikoaren sisteman, eta horiek lagunduko dute aldaketak azkarrago egiten, bai eta garraio publikoaren eta gure herritarren zerbitzuaren kalitatea hobetzen eta mantentzen ere".
Aurkezpen ekitaldian, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Iñigo Etxeberria hau adierazi zuen: “Irizar Taldean Mexikon dagoeneko ezarrita dauden negozio kanalen konbergentzia aprobetxatuko dugu proiektu honi gure babes osoa emateko eta, horrela, Latinoamerikan erreferente izatea lortzeko”. Etxeberriak eskerrak eman nahi izan dizkio Yucatango gobernuari emandako konfiantzagatik. “Guretzat oso proiektu garrantzitsua da, gure elektromugikortasun soluzioak Europako merkatutik haratago ezartzen ditugun lehen aldia baita. Erronka horri ilusio handiz egin behar diogu aurre, eta espero dugu, gainera, Yucatango herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzea”.
Ibilgailuek 12 metroko luzera dute, eta hiru ate, 33 eserleku (horietako lau MUPentzat dira), aulki gurpildunetarako gune 1 eta ezinduentzako arrapala edukiko dituzte. Gehienez, 80 bidaiari hartu ahal izango dituzte. Azkenik, edozein unetan pantografo alderantzikatuaren bidez kargatzeko aukera izango dute, edo kotxetegietan Combo 2 karga hartunearen bidez. Ibilbide eta unitate hauek MOBILITY ADOk operatuko ditu, hainbat herrialdetan operazioak dituen enpresa mexikarrak.
Segurtasuna hobetzeko eta bidaiarien erosotasuna bermatzeko, autobusek atzerako ispiluak ordezten dituzten kamerak izango dituzte, aurreko, alboko eta atzeko ikuspena areagotzeko.