Skip to main content
Irizar ie bus Efficientek ‘2026ko Urteko Autobusa’ saria jaso du

Irizar ie bus Efficientek ‘2026ko Urteko Autobusa’ saria jaso du

Aduna, 2026ko otsailaren 5a

Irizar ie bus Efficientek ‘2026ko Urteko Autobusa’ saria jaso du, hots, Garraio Sari Nazionaletako epaimahaiak emandako saria.

Sariak banatzeko ekitaldia atzo izan zen, Novotel Madrid Center hotelean. Iñigo Azconak, Irizar e-mobilityko Espainia eta Portugaleko Zuzendari Komertzialak, jaso zuen sari hori konpainiaren izenean. Irizar e-mobilityk esker ona helarazi nahi izan zien bai epaimahaikideei bai antolakuntzari, errekonozimendu horrengatik.

Ibilgailu berriak, erabat elektrikoa denak, aurrerapen garrantzitsuak dakartza eraginkortasunari, gaitasunari, irisgarritasunari, erosotasunari, segurtasunari eta jasangarritasunari dagokienez, eta Irizar e-mobilityk hiri autobus elektrikoen sektorean daukan 15 urtetik gorako esperientzian oinarrituta diseinatu da. Irizar ie bus Efficient berria konpainia osatzen duten pertsona guztiek egindako lan handiaren emaitza da, eta haiei eskaini zaie, hain zuzen, saria.  

Garraio Sari Nazionaletako epaimahaiak Irizar e-mobilityko autobusei sari hori ematen dien laugarren aldia da hau. 2015ean, garai hartako i2e izenekoak jaso zuen saria; hiru urte geroago, 2018an, Irizar ie tramak jaso zuen sari hori. Eta, gainera, Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria eraman zuen. Eta 2021ean, belaunaldi berriko Irizar ie busak jaso zuen berriro saria. 

Garraio Sari Nazionalek Espainiako urteko ibilgailu industrial onenak saritzen dituzte. Sektoreko profesionalen eta garraio enpresa nagusietako operadoreen ordezkaritza handi batek osatzen du epaimahaia. 

Irizar ie bus Efficient berria 

Irizar e-mobilityk 2025eko urrian aurkeztu zuen Irizar ie bus Efficient berria, hots, 10, 12 eta 18 metroko luzeretan eskuragarri dauden autobusen belaunaldi berria. Plataforma berri honekin, konpainiak jauzi kualitatiboa zein kuantitatiboa eman, eta posizioa hartu du elektromugikortasunaren abangoardia teknologikoan.  

Gaitasun handiagoa. Erosotasun handiagoa. Eraginkorragoa.

Plataforma berri honen hobekuntza nagusien artean nabarmentzekoa da egitura kontzeptu berri bati esker pisua ia 1.000 kg arindu duela, eta horrek bidaiari gehiago sartzeko aukera eman duela. 

Gainera, aurreko autobus belaunaldiarekin alderatuta, autobus berri honetan, energia kontsumoa %10 murriztea lortu da; besteak beste, motor trinkoago bat eta eraginkorragoak diren punta-puntako bateriak gehitu direlako. 

Irisgarritasunari dagokionez, modelo berri honek ate eta korridore zabalagoak ditu, baita bidaiarien fluxu optimizatuak ere, eta horrek sarbide errazagoa, erosoagoa eta inklusiboagoa bermatzen die erabiltzaile guztiei. 

Pertsona guztiek bidaiaz goza dezaten diseinatuta dago ibilgailua. Horregatik, gidatzeko guneko klimatizazio independentea hobetu da, eta ibilgailuaren altuera eta pisua murriztu, gidariaren erosotasuna hobetzeko. Gainera, espazio handiagoa eta argitasun hobea lortu da barruan, eta, hala, bidaiarientzat gune erosoagoa eta giro atseginagoa sortu da.

Nortasun propioa duen diseinua 

Irizar ie bus berriaren kanpoko diseinua nortasun indartsuagatik nabarmentzen da, zeina markaren gainerako modeloetan dagoen inspiratuta. Dauzkan lerro markatuek, aurrealdeko estetika definitu batekin batera, autobusaren izaera bereizgarria indartzen dute. Alboko elementuak bisualki integratzen dira, beirak, panelak eta ateak multzo harmoniatsu bakar batean uztartzen dituen diseinu baten bidez.

Konpromisoa jasangarritasunarekin 

Plataforma berri honetan, jatorri birziklatuko materialen erabileran aurrerapen nabarmena lortu da: aurreko plataformarekin alderatuta, bikoitza. Mugarri horrek ondo islatzen du Irizar e-mobilityk jasangarritasunarekin eta garraioaren etorkizunarekin duen konpromisoa.