Skip to main content
Lehen Irizar ie tramak 358 linean zirkulatzen hasi dira, Londresen

Lehen Irizar ie tramak 358 linean zirkulatzen hasi dira, Londresen

Gaurtik aurrera, lehen Irizar ie tramak martxan jarriko dira Londresko autobus linea luzeenetako batean: Crystal Palace eta Orpington artean. Proiektu horrekin, Irizar e-mobilityk Londresko karga ultra azkarreko lehen autobus linea elektrifikatuko du.

Oso pozik gaude proiektu honetan laguntzeaz, Londresko trantsizio ekologikoan beste pauso bat baita. Proiektu hau Londresen ezartzea, Londres mundu mailako erakusleiho bat dela jakinik, mugarri bat da gure enpresarentzat eta urrats garrantzitsua Erresuma Batuan dugun posizionamenduan. Benetan espero dugu londrestarrek Irizar ie tram autobus moderno, dotore eta jasangarrietan bidaiatzeko esperientziaz gozatzea”, esan du Iñigo Etxeberriak, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak, gaur Crystal Palaceko autobus geltokian egin den autobusen aurkezpenean. 

Go Aheadek erositako 12 metroko luzera duten 20 autobus %100 elektriko horiek eskuinetik gidatzeko fabrikatzen diren lehenak dira, bai eta Erresuma Batuan sartzen diren lehenak ere. Zero igorpenen, zarata eta bibrazio maila baxuaren eta segurtasun eta irisgarritasun ezaugarrien ondorioz, autobus bereziki egokia da Londres bezalako hiri batean erabiltzeko. Irizar e-mobilityk, era berean, Jema Energyren (Irizar Taldearen enpresa filiala) 450kW-eko bi kargagailu ultra azkar hornitu ditu ibilbideko terminaletarako, eta 100kW-eko kargagailuak kotxetegietarako, aldi berean bi autobus 50kW-era kargatzeko gai direnak.

Autobusek Irizar Taldearen azken belaunaldiko bateriak izango dituzte, eta sistema alderantzikatuko karga ultra azkarreko bi pantograforen bidez kargatuko dira. Horiei esker, autobusak 6 minutu baino gutxiagoan kargatu, eta eskatutako zerbitzua erraz egin ahal izango dute. Ibilbidea amaitutakoan, autobusek birkarga labur bat jasoko dute, kotxetegietako kargagailuak erabiliz.

Irizar ie tram modeloaren aurrealdeko diseinuak Transport for London (TFL) enpresaren 2024ko oinezkoen babesari buruzko segurtasun araudiak betetzen ditu. Autobus horiek, gainera, azken segurtasun soluzioak dituzte, hala nola abiadura mugatzeko teknologia eta oinezkoak ohartarazteko abisu akustikoak.