Bulgaria, Irizarren zero igorpeneko 44 autobusen helmuga
Aduna, 2021eko martxoaren 25a
Irizar e-mobilityk Europan zehar hedatzen jarraitzen du, eta bere elektromugikortasun soluzioak Bulgariara iritsi dira, zehazki Burgas hirira. Burgasek lehen aldiz sartuko ditu bere flotan %100 elektrikoak eta zero igorpenekoak diren 44 autobus Irizar ie bus. Hiri horretako lehen elektromugikortasun proiektua da, eta gaur egun Bulgariako handienetako bat.
Burgas Bus arduratuko da autobus horien kudeaketaz; alegia, Bulgariako garraio publikoko operadorea. Operadore horrek 130 ibilgailu baino gehiago ditu bere flotan.
Hornitu beharreko autobusak bi luzerakoak dira: 12 metroko luzera duten hogeita hamalau autobus eta 18 metroko hamar autobus. 12 metroko luzera duen ie busak 3 ate, 26 eserleku (horietatik 4 MUPentzat) eta aulki gurpildunentzako gune bat izango ditu. 18 metroko luzera duen ie busak, berriz, 4 ate pneumatiko, 32 eserleku (horietatik 4 MUPentzat) eta aulki gurpildunentzako gune bat izango ditu.
Ibilgailu horiek ioi-litiozko Irizar bateria izango dute. Halaber, Irizarrek Jema Energyren (Irizar Taldeko enpresa) 100 kW-ko 44 kargagailu elkarreragile hornituko ditu, karga sistema adimenduna dutenak. Kargagailu horiek hiru orduan kargatuko dituzte ibilgailuak, Combo 2 karga hartunearen bidez.
Gainera, Irizar Taldeko Datik enpresaren telemetria sistemak izango dituzte txertatuta. Sistema horien bidez, operadoreak une oro monitorizatu eta kudeatu ahal izango du bere ibilgailu elektrikoen flota, eta ahalik eta etekin handiena atera ahal izango dio eragiketari.
Proiektu honetarako, Irizar e-mobilityk Burgas Bus enpresarekin lan estua egin du, flota horri diseinu moderno eta erakargarria emateko. Horretarako, ie bus eta Irizar ie tram autobusaren ezaugarri estetikoak konbinatu ditu. Hala, autobusaren espazioaren argitasuna maximizatzen duen ibilgailu misto bat sortu dute.
Lehen autobusak 2021. urteko irailean entregatzea aurreikusten da.
Bulgariako laugarren hiririk handiena da Burgas. Autobus flota elektrifikatzeko egiten ari den apustu indartsuak aurrerapen handia ekarriko dio hiriari, eta bertako biztanleak zein bisitariak modu garbiagoan eta eraginkorragoan konektatuko ditu.