Bulgariako Burgas hirian, lehen Irizar e-mobility autobus elektrikoak aurkeztu dituzte
Aduna, 2021eko urriaren 22a
BurgasBus operadorearen egoitzan aurkeztu dizkiete Burgasko (Bulgaria) herritarrei hiri horretan martxan jarriko diren Irizarren zero igorpeneko autobusak.
Bulgariako hiri horretako lehen elektromugikortasun proiektua da.
Irizar e-mobilityren zero igorpeneko bi autobus berritzaile dotore-dotore eraman dituzte aurkezpenera.
Urriaren 20an, asteazkenean, BurgasBus operadorearen egoitzan aurkeztu zizkieten herritarrei zero igorpeneko autobusak eta horien karga azpiegiturak. Autobus horiek martxan jarriko dira Burgas hirian, eta hau izango da hiri horren lehen elektromugikortasun proiektua.
Ekitaldian izan ziren Dimitar Nikolov Burgasko alkatea, Alejandro Polanco Espainiak Bulgarian duen enbaxadorea eta Roberto Ruiz ICEXeko Ekonomia eta Merkataritza kontseilaria eta gainerako ordezkari eta agintariak. Ekitaldiagatik jakin-minez zeuden herritar ugariren aurrean egin dute aurkezpena. Duela gutxi entregatutako 12 eta 18m-ko bi ibilgailu elektrikoek kolore urdina eta operadoreak zehaztutako ezaugarriak dituzte, hiriaren identifikagarri.
Gogoratu behar da elektromugikortasuneko lehen proiektu honetarako BurgasBus operadoreak 12 metroko hogeita hamalau unitate eta 18 metroko hamar unitate esleitu zizkiola Irizarri, bai eta Jema Energyren (Irizar Taldeko enpresa) 44 kargagailu elkarreragile ere.
Zero igorpeneko Irizar autobusak, beraz, hiriko udal operadorearen flotari batuko zaizkio. CO2 igorpenik gabeko ingurumen onurak eta zarata maila txikiak eskaintzeaz gainera, autobusek diseinu modernoa eta erakargarria dute, operadoreak erabaki baitu Irizar ie-tramen ezaugarri estetiko batzuk sartzea flota horretan. Hala, erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna areagotzen dituen ibilgailua, gainerakoetatik bereizten dena, sortu du.
Ibilgailu horiek irtenbideak dituzte MUP eta gurpil aulkientzat, irisgarritasuna errazteko asmoz, eta, era horretan, autobus barruko zirkulazioa arina da.
Autobusaren barnealdearen diseinuan, ekipamendu berritzailea eta barne espazioa hobetzeko zenbait erosotasun eta neurri bereizten dira, irekiera eta argitasun sentipena eragiten dutenak, bidaiarien zein gidariaren bidaia ezin hobea izan dadin. Horren adibide dira alboko panel beiraztatuak.
Burgas Bulgariako laugarren hiririk handiena da. Bere autobus flota elektrifikatzeko egiten ari den apustu indartsuak aurrerapen handia ekarriko dio hiriari, eta bertako biztanleak zein bisitariak modu garbiagoan eta eraginkorragoan konektatuko ditu.
“Gertaera eta proiektu hau oso garrantzitsua da guretzat. Benetan pozik nago Bulgariako hiri honek Irizarren eskutik garraio publikoaren eraldaketan aurrera egitea erabaki duelako. Irizar e-mobilityren irtenbideak erreferentzia garrantzitsu bihurtu dira herrialde honetan, eta lagungarriak dira autobus flota elektrifikatzeko asmo handiko helburuak lortzeko. Zalantzarik gabe, lorpen bat da hori, eta sendotu egiten du giltza eskuraerako mugikortasuneko irtenbide integralak eskaintzeko daukagun estrategia”, esan du Imanol Regok, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.