Irizar e-mobilityk autobus elektrikoen Europako kontratu handienetako bat lortu du Pariserako
Aduna, 2021eko uztailaren 28a
Irizar e-mobilityk akordio marko bat sinatu du RATPrekin (La Régie Autonome des Transports Parisiens), zero igorpeneko autobus elektrikoz hornitzeko. Autobus elektrikoak erosteko Europako proiektu handienetako bat da.
Irizar e-mobilityk frantses merkatuan sendotzen jarraitzen du eta Paris izango da bere autobus elektrikoen hurrengo helmuga nagusia.
Zero igorpeneko autobus %100 elektrikoak izango dira, Irizar ie bus modeloko belaunaldi berrikoak. Lehen bi urteetan, Irizar e-mobilityk modelo honetako 113 unitate entregatuko ditu.
Ibilgailu horiek 12 metroko luzera dute, 350 kWh-ko Irizar bateriak izango dituzte, eta zama geldoaren bidez kargatuko dira kotxetegietan. Elektronika, komunikazioak, eta osagai nagusiak nahiz sistemak Irizar taldearen teknologia dira, zeina aitzindaria izan baita bisio holistikoa duten elektromugikortasun soluzioak ematen hirientzako.
“Eskerrak eman nahi dizkiogu RATPri, autobus-flota berritzeko gugan jarri duten konfiantzagatik. Paris bezalako hiri batean gure elektromugikortasun soluzioak inplementatu ahal izatea, mundu mailan elektromugikortasunean erreferente den hirian, erronka handia da guretzat eta ezin gara harroago egon. Zalantzarik gabe, oso proiektu anbiziotsua da, Frantziako merkatuko gure posizionamenduan aurrerapauso izugarria. Soluzioak eta giltza eskura erako zerbitzuak eskaintzeko gure estrategia berresten du, hala garraio iraunkor, eraginkor, adimendun, irisgarri, seguru eta konektatua lortzeko" adierazi du Imanol Rego, Irizar e-mobilityko Zuzendari Nagusiak.
Bere estrategiaren ondorioz, Irizar e-mobilityk salmenta ondoko zerbitzu bat izango du Parisen, teknikari adituek eta han kontratatutako pertsonek kudeatua, eta, horrela, aldi berean, tokiko aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko du.
Autobus isil eta ingurumenarekiko begirunetsu hauekin, Irizar e-mobilityk trantsizio energetikoa egiten eta Paris hiriaren asmo handiko helburuak lortzen lagunduko du. Proiektu hau Île-de-France Mobilités-ek finantzatutako RATPren Bus2025 programaren barruan sartzen da. Programa horrek RATPek operatutako autobus guztiak elektrikoetara eta biogasera bihurtzea du helburu 2025erako. Plan horrekin, RATPren karbono aztarna % 50murriztuko da (2015eko erreferentzia*).
Irizarrek sendo jarraitzen du frantses merkatuaren aldeko apustuarekin. 2016an, Marseillako lehen linea 100% elektrikoa jarri zuen martxan, Irizarko sei autobus elektrikorekin. Hiri honek bigarren aldiz eman dio konfiantza Irizarri autobus flota berritzeko. Hiru urte beranduago Amiensen asmo handiko proiektua iritsi zen, BRT flota elektrikoa, karga ultra azkarreko Europako flota interoperable handiena. Urte berean, Irizarrek beste bi BRT proiektu jarri zituen martxan Aix-en-Provence hirian eta Baionan. Itxitako azken kontratuak Orleans eta Estrasburgoren eskaerak izan dira. Zalantzarik gabe, Parisek egindako eskaera honekin, Irizarrek Frantziako merkatuan duen lidergoa indartu du, eta bere markaren apustu estrategiko indartsuarekin eta Frantzian pertsonalizatutako proiektuekin jarraitu du.