Irizar e-mobilityk Bulgarian duen posizioa sendotu du, herrialdearen bihotzean dagoen Stara Zagora hirirako beste eskaera bat tarteko
Aduna, 2021eko azaroaren 12a
Irizar e-mobilityri 33 autobus elektrikoko beste eskaera bat egin diote Bulgaria erdi-erdian dagoen Stara Zagora hirirako, eta, horrenbestez, indartu egingo du herrialde horretan duen posizioa.
Hiriko udal operadorearen flotan txertatuko diren lehen autobus elektrikoak izango dira, Irizar ie bus modelokoak, 12 metro luze direnak. Nabarmentzekoa da diseinu moderno eta berritzailea dutela; izan ere, operadoreak Irizar ie tram-en zenbait ezaugarri estetiko gehitzea erabaki du, ibilgailua berezia eta erakargarria izan dadin, gidarientzako eta bidaiarientzako erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna maximizatuz.
Irizar ie busa autobus elektriko bat da, hainbat ingurumen onura dakartzana: besteak beste, CO2 igorpenik ez eta zarata maila txikia. Gainera, autonomia eta ustiapen kostu ezin hobea bermatzen du.
Ibilgailu horiek 26 eserleku, aulki gurpildunentzako gune bat, MUPentzako 4 eserleku eta 77 bidaiari garraiatzeko gaitasuna dute. Irisgarritasuna errazteko, 3 ate dituzte, eta horiei esker, zirkulazioa arina da barruan.
Autobusaren barnealdearen diseinuan, ekipamendu berritzailea eta barne espazioa hobetzeko zenbait erosotasun eta neurri bereizten dira, irekiera eta argitasun sentipena eragiten dutenak, bidaiarien zein gidariaren bidaia ezin hobea izan dadin. Esate baterako, beirazko albo panelak, USBak kargatzeko atakak, beira tolesgarriak eta argiaren islapena areagotzen duten besaulki gardenak.
Bidaiarien segurtasuna areagotzeko, operadoreak bideo zaintzako sistema bat aukeratu du, bai eta eCo3 aire arazgailua ere, birusik, mikroorganismorik, bakteriorik, germenik, alergenorik eta hauts partikularik gabeko giroa sortzeko.
Eskaera hau, herrialdeko bigarren garrantzitsuena, Burgas hiriak egindakoari gehitzen zaio, eta, horrenbestez, berretsi egin da Irizar e-mobililtyk Bulgarian duen posizio sendoa.