Irizar e-mobilityk zero emisioko 49 autobus %100 elektriko fabrikatuko ditu Estrasburgoko Eurometropoleko garraio publikoaren sarearentzat
Aduna, 2020ko urriak 1
Irizar e-mobilityk bere elektromugikortasun irtenbideak Frantzian zehar hedatzen jarraitzen du. Oraingo honetan Estrasburgoko Eurometropole izan da Irizarrengan konfiantza jarri duena haien hirian garraio erabat iraunkorra ezartzeko.
CTSk (Compagnie des Transports Strasbourgeois) egindako eskaerak Irizar ie bus modeloko belaunaldi berriko zero emisioko 49 autobus % 100 elektriko aurreikusten ditu, 12 metroko luzerakoak. Autobus hauek ingurumena errespetatzen dute eta Estrasburgoko autobus sarea elektrifikatzen lagunduko dute.
Unitate horiek 3 ate, 23 eserleku (haietako 4 MUPentzat) eta gurpildun aulkientzat 2 gune dituzte. Autobusak gauez kargatuko dira karga motel bidez. Irisgarritasuna bermatuta dago, gurpildun aulkian doazen pertsonek baliatzeko arrapala elektrikoa baitute. Abisu akustikorako AVAS (Acoustic Vehicle Alerting System) sistema du, R138 araudia betetzen duena. Beste ezaugarri batzuen artean, gidariarentzako ate babesle bat instalatzea dago.
Ibilgailuek daramatzaten bateriak Irizar e-mobilityn garatu eta fabrikatu dira. Elektronika eta komunikazioak nahiz osagai eta sistema nagusiak ere Irizar Taldeak garatu ditu.
Lehen ibilgailuak urte honen bukaeran entregatzea aurreikusten da.
Saldu osteko zerbitzuari dagokionez, aditu teknikoek eta han inguruan kontratatutako pertsonek kudeatuko dute, eta, horrela, tokiko aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko da.
Irizar ibilgailu elektrikoak Amiens, Baiona, Aix-en-Provence, Marseilla eta Le Havre hirietan dabiltza dagoeneko, eta laster Orleanseko kaleetan ere ibiliko dira.
Kontratu berri honekin, Irizar e-mobilityk bateriadun ibilgailu elektrikoen Frantziako merkatu zorrotzean duen lidergoa indartu du, eta markaren eta pertsonalizatutako proiektuen aldeko apustu estrategiko sendoarekin jarraitzen du Frantzian.