Irizar e-mobilityren autobus elektrikoak Krakoviako kaleetan barrena ibiliko dira datorren urtean, Polonian
Aduna, 2022ko azaroaren 25a
Irizar e-mobilityk Europako iparraldean merkatu berriak lortzen jarraitzen du, eta kontratu bat sinatu du MPK Krakow poloniar operadorearekin (Miejskie Przedsiebiorstwo Komunikacyjne), zero emisioko lau autobus %100 elektriko hornitzeko. Kontratuak hiru autobus gehiago entregatzeko aukera aurreikusten du.
Horrenbestez, Krakovia Poloniako lehenengo hiria da bere flotan Irizar e-mobility autobus elektrikoak gehitzen.
Operadoreak aukeratu duen modeloa 12 metroko luzerako Irizar ie bus da. Autobus isil, seguru eta erosoa da, eta, zalantzarik gabe, lagundu egingo du hiri horren trantsizio energetikoan eta mugikortasun jasangarriaren arloan dituen helburu handiak betetzen.
Ibilgailuek Irizar teknologia propioko bateriak dituzte, eta 3 ate, gidariarentzako eserlekua, 26 eserleku eta 91 bidaiari eramateko lekua. Irtenbideak dituzte mugikortasun urriko pertsonentzat eta gurpil aulkietarako guneak, irisgarritasuna errazteko eta autobus barruko zirkulazioa arintzeko. Bottom-up pantografo baten bidez kargatu ahal izango dira, edo kotxetegietan, Combo 2 motako karga hartune baten bidez 1. ardatzean. Kargagailuen horniduraz Irizar Taldeko Jema Energy enpresa arduratuko da.
Segurtasun sistemei dagokienez, besteak beste, autobusek CCTV sistema osoak dituzte, pertsonak zenbatzeko sentsoreak eta angelu hiletarako kamerak.
“Oso pozik gaude Krakoviako bidaiariek urtebetean Irizar e-mobilityko autobus elektriko berrietan bidaiatuko dutelako. Hau izango da Poloniako lehen elektromugikortasun proiektua konpainia horrentzat. Etorkizunean lankidetza ona espero dugu Irizar e-mobility-rekin”, dio Marek Gancarczyk MPK Krakoviako bozeramaileak.
“Lehenengo aldia da gure mugikortasun jasangarriko soluzioak Poloniako hiri batean ezartzen ditugula, eta horrek harrotasunez eta pozez betetzen gaitu. Gure autobus elektrikoekin, espero dugu Krakoviako hiritarren bidaien esperientzia aberastea, eta haien bizi kalitatean eragin positiboa lortzea”, adierazi du Mikel Irizarrek, Irizar e-mobilityko Europa ekialdeko arduradun komertzialak.
Aurtengo urtarrilean, hiriko biztanleek Irizar e-mobilityren autobus elektriko batean bidaiatzeko aukera izan zuten, zehazki, ie tram batean, zeina probak egiten ibili zen Europako hainbat hiritan.
Zalantzarik gabe, kontratua beste urrats bat da Irizar Taldea Europako merkatuan mugikortasun jasangarrirako soluzioen inguruan posizionatzeko estrategiaren barruan.