Madrilgo EMTk konfiantza osoa jarri du berriz ere Irizar e-mobilityrengan eta 30 autobus elektriko gehitu ditu bere flotan
Aduna, 2021eko irailaren 24a
Madrilgo Udal Garraio Enpresak (EMT) tinko jarraitzen du bere autobus flota elektrifikatzeko konpromisoarekin, eta laugarren aldiz 30 autobus elektrikoren eskaera esleitu dio Irizar e-mobilityri. Azken eskaera honekin, Madrilgo EMTk Irizar markako eta zero igorpeneko 85 autobus izango ditu, guztira, bere flotan.
Berriz aukeratu dute Irizar ie bus modeloa, 12 metroko luzerakoa, zeina Madrilgo bideetatik dabilen 2019az geroztik. Zero igorpeneko autobus guztiz segurua da, irisgarria, autonomia eta eraginkortasuna behar bezala egiaztatuta dituena, eta pertsonalizatzeko aukera handiak eskaintzen dituena.
Ibilgailuek Irizar bateriak izango dituzte, eta 2 ate, bidaiarientzako 28 eserleku, gidarientzako besaulki bat eta 2 gune aulki gurpildunentzat. Irizar e-mobilityk, halaber, Jema Energy etxeko (Irizar Taldeko enpresa) ECI-100 kargagailu elkarreragile hornituko ditu, 100 kWeko karga adimenduneko sistemarekin. Horiei esker, hiru orduan kargatuko dituzte ibilgailuak Combo 2 kargatze hargunearen bidez. Pantografo alderantzikatu baten bidez kargatzeko aukera ere izango da. Ibilgailuek Irizar Taldeko Datik enpresaren telemonitorizazio sistema izango dute.
Autobus horiek lagungarriak izango dira Madrilgo hiria sustatzen ari den iraunkortasun helburuak lortzeko, eta, horrez gain, madrildarrei onura izugarriak ekarriko dizkiete ingurumenari eta zaratari begira.
“Madrilgo EMT erreferentea da munduan elektromugikortasunari dagokionez, eta harro gaude haren iraunkortasun estrategian laguntzeaz, lehendik daukan flotari hogeita hamar ibilgailu berri gehituz”, adierazi du Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.