Madrilgo Udalak Irizar e-mobilityren ie tram-ak aurkeztu ditu, hiriko lehen BRT linea elektrikoa martxan jartzeko
Aduna, 2023ko otsailaren 8a
- Guztira %100 elektrikoak diren hamar Irizar ie tram autobus izango dira. Bakoitzak 100 bidaiari garraiatzeko edukiera izango du, eta 8 eta 12 minutu bitarteko maiztasuna izango dute
- Autobusek diseinu minimalista eta modernoa izango dute, tranbia baten antzekoa, eta horrek bereiziko ditu udal flotako gainerako ibilgailuetatik
- Lineak 31 kilometroko luzera du guztira, horietatik 19 bide esklusiboetatik bereizita, eta lehen aldiz, 68 bidegurutzetako semaforoetan lehentasuna izanda
Astearte honetan aurkeztu da Madrilen maiatzean hirian zirkulatzen hasiko den lehen Bus Rapid linea. Madrilerako edukiera handiko autobus azkarreko lehen linea elektrikoa izango da, Valdebebas eta Sanchinarro auzoak Ramon y Cajal Ospitalearekin errei bereizi baten bidez lotuko dituen sistema eta, lehen aldiz, semaforoetan lehentasuna izango duena.
Aurkezpen ekitaldia Fuerzas Armadas hiribidean egin da, Valdebebasen; zehazki, BRT hau –ingelesezko Bus Rapid Transit izenetik datozen siglak– ezartzeko obrak egiten ari diren ibilbideko zati batean. Lineak Irizar ie tram modeloko hamar autobuseko flota izango du.
10 autobus horiekin, Madrilgo EMTk zero igorpeneko Irizarren 175 autobus izango ditu, guztira, bere flotan.
Irizar ie tram - Edukiera eta erosotasun handia, tranbia baten ezaugarriekin
Madrilerako edukiera handiko lehen linea azkarrak hamar autobus erabat elektriko izango ditu: 12 metroko luzerako Irizar ie tram modeloko ibilgailuak. Ibilgailu horrek hiri autobus baten berezko malgutasuna eta tranbia baten edukiera eta barne zirkulaziorako erraztasuna uztartzen ditu. Diseinu moderno eta minimalista dauka: arku perimetral kromatua, kristal gainazal handia alboetan, eta, horrenbestez, erraz bereizten da gainerako udal flotatik.
Ibilgailuak atzerako ispiluen ordez kamerak ditu, eta horiek gidariaren eserlekuaren alde banatan dauden bi pantailetan proiektatzen dituzte beren irudiak. Barruan, elementuen kokapena erabiltzaileentzako erosotasun eta irisgarritasun unibertsalerako berme guztiak dituen edukiera handia onartzeko pentsatuta dago. Ibilgailuek sarrera eta irteera ateak dituzte eskuin albotik eta orri bakarreko aurreko atea.
Irizarren zero igorpeneko ibilgailu horiek 430 kWh-tik gorako azken belaunaldiko bateriak dituzte. Eta unitate eragilea 206 kW-ko motor zentral bat da.
Ibilbide azkarragoa eta arinagoa
Linea honi esleitutako ibilgailuak bereziki diseinatu dira gainerako zirkulaziotik bereizitako bideetatik joateko, eta gehienez 100 bidaiari garraiatzeko. Noranzko bakoitzeko tarteetan 19 geltokik osatutako ibilbide baten bidez (gehi geltoki buru bat Valdebebasen eta beste bat Ramon y Cajal ospitalearen ondoan), bus azkarreko lehen linea honek gainerako zirkulazio erreietatik bereizitako plataforma bat erabiliko du, berezitasun honekin: galtzadaren erdialdea lehenesten da, ahal den guztietan, gainerako ibilgailuekiko gatazka guneak saihesteko. Tarteko 12 geltokik mezularitza panel aldakorrak dituzte.
Linea hirigunetik igaroko da, eta ibilbide horretako bidegurutzeetan lehentasuna izango du semaforoetan. Hartara, ibilbide azkarrago eta arinago bat lortuko da, eta bidaia denborak nabarmen murriztuko dira. Lineak 8 eta 12 minutu bitarteko maiztasuna izango du puntako orduetan, eta EMTko beste linea konbentzional batzuk baino batez besteko abiadura handiagoan ibiliko da.
Egungo Udal Gobernu taldearen kalkuluen arabera, linea berri hau Madril 360 Ingurumen Jasangarritasun Estrategiaren esparruan jarri da abian, eta auto partikularrean egin ohi diren joan-etorriak aintzat hartuta, urtean 700.000 kilometro baino gehiago aurreztuko dira, eta 125 tona CO2 inguru eta 200 tona NOx gutxiago isuriko dira.