Zaragozako Udalak eta Avanzak Irizar e-mobilityko autobus elektrikoen aldeko apustua egin dute flota berritzeko
Aduna, 2021eko ekainaren 18a
68 unitate erosiko dira guztira, horietatik 51 unitate 12 metrokoak izango dira eta 17 artikulatuak. Autobus horiek arian-arian sartuko dira zerbitzuan, datorren urteko azken seihilekotik aurrera eta Avanzak operatuko ditu.
Irizar e-mobilityrentzat autobus elektrikoen orain arteko proiekturik handiena da. Zalantzarik gabe, proiektu aitzindaria eta erreferentea da, herritarren bizi kalitatea hobetzen eta atmosferari CO2 tonak kentzen lagunduko duena.
Zaragozako Udalak gaur aurkeztu du autobus elektriko modelo berria; horretan oinarrituko da bere flota berritzeko datorren urtearen amaieratik aurrera. Irizar e-mobilityren ie tram bat da, diseinu futuristako autobus %100 elektrikoa, zeinarekin zero igorpeneko teknologia batera aldatzea bistako bihurtzeaz gain Zaragozako hiri autobusen alderdi estetikoari bira bat emango zaion. Ibilgailu hori datozen hiru asteetan probatan ibiliko da hirian zehar, eta autobus bikoitzekin lan egiteko gaitasuna duten hainbat lineatan emango du zerbitzua, hala nola 23an.
Aurkezpenean Jorge Azcón Zaragozako alkateak, Natalia Chueca Zerbitzu Publiko eta Mugikortasun sailburuak eta Valentín Alonso Avanza taldeko zuzendari nagusiak hartu dute parte. Gainera, Guillermo Ríos Zaragozako Avanzako zuzendaria eta Txema Otero Irizar e-mobilityko Espainia eta Portugaleko zuzendari komertziala ere bertan izan dira.
Zaragozako Gobernuak erabaki berri du hemendik aurrera Zaragozan zerbitzua ematen hasiko diren autobus guztiak elektrikoak izango direla. Zaragozak hiri klimatikoki neutroaren aldeko apustua bikoiztu du horrela. Gaur egun, hiriak mota honetako (zero igorpen) 4 autobus ditu eta 111 hibrido. Gainerakoak, 352ra arte, dieselak dira.
Autobus diesel bakoitzaren ordez elektriko bat jartzeak bizitza erabilgarri osoan zehar isuriko dituen 1.700 tona CO2 aurreztea dakar. Kalkuluen arabera, flota osoa ibilgailu elektrikoekin ordezkatzen denean, Zaragozak 621.000 tona CO2 isuri aurreztuko ditu.
Flota elektriko baterako trantsizioa bat dator Next Generation EU Planaren barruan kokatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planarekin. Plan horrek, ziurrenik, Europaren finantzaketa jasoko du, eta, beraz, Zaragoza ondo kokatuta dago hurrengo deialdietan laguntzak jaso ahal izateko. Hain zuzen ere, alde horretatik, autobus horiek hornitzeko Europako enpresa bat hautatzea erabakigarria da Europako laguntza ekonomiko horiek berme handiagoekin lortzeko. Eta Zaragozako udalarentzat pisuzko elementua izan da Irizarren ie tram aukeratzeko orduan.
Harro egoteko modukoa da Irizar e-mobilityrentzat Zaragozako hiriaren deskarbonizazioaren helburuak lortzen lagundu ahal izatea eta Avanzarekin lankidetzan aritzea, azken hau mugikortasun iraunkorraren aldeko eta zero igorpeneko trantsizioan lider izateko apustu irmoa egiten ari baita hiri inguruneak hobetzeko, azken urrats honek erakusten duen bezala.
Diseinua eta azken belaunaldiko teknologia
Irizar ie tram autobusa %100 elektrikoa da eta zero igorpenekoa. Tranbiaren ezaugarri estetikoak ditu. Horrenbestez, konbinatu egiten ditu tranbiak berezkoak dituen gaitasun handia, sarbide erraztasuna eta barneko zirkulazioa, eta hiri autobus baten malgutasuna. Modelo hau 12 m-tik 18 m-ra (artikulatua) arteko bertsioetan garatzen da, eta 145 pertsonarentzako edukiera dauka. Litio-ioizko bateriak Irizarrek garatu eta fabrikatutakoak dira.
Irizar ie tram hizkuntza estetiko minimalistatik abiatzen da, apaingarririk gabe, eta bere ezaugarri guztiek alderdi funtzional zehatzei erantzuten diete. Horri esker, erabiltzaileek berehala identifikatzen dituzten identitatea eta irudia dauzka. Irisgarritasuna, segurtasuna, zirkulazio fluxua eta bidaiariaren erosotasuna hartu dira kontuan. Beraz, leku argitsu, eroso, zabal, atsegin eta segurua da.