Irizar autobus elektrikoek 750.000 km baino gehiago eta 60.000 karga ultra azkar egin dituzte Suitzako Schaffhausen hirian
Aduna, 2022ko uztailaren 8a
Hala, Irizar Taldeak hiri horretako elektromugikortasun proiektu handinahia sendotu du, zeinaren bidez, hiriko baldintza zehatz batzuen arabera autobusak eta karga estazioak hornitu, eta soluzioak eskura emateko gaitasuna erakusten duen.
Bahnhofstrassen kargatzeko azpiegitura abian jarri zenetik, duela urtebete, zero igorpeneko Irizar ie tram autobusak egunero ibiltzen dira Shaffhauseneko kaleetan, non 750.000 km baino gehiago egin dituzten. Kargaren portaerari dagokionez, autobus hauek aurreikusitako helburuak bete dituzte eta 60.000 karga ultra-azkar baino gehiago egin dituzte.
Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko Esportazio Zuzendari Komertzialak proiektuaren amaiera ekitaldian esan zuen bezala, “Eskerrak eman nahi dizkiogu VBSHri eta Schaffhausen hiriari, gugan jarri duten konfiantzagatik. Oso harro gaude hiri honetan gure elektromugikortasun soluzioak eskura eman ahal izateaz. Zalantzarik gabe, proiektu honen arrakastaren gakoa VBSHrekin eta gainerako laguntzaileekin lankidetza estuan aritzea izan da”.
Proiektu aitzindaria eta herrialdearentzat garrantzi handikoa da, izan ere, bere balio kate osoan zero igorpeneko aukerako karga duen autobus elektrikoen lehen proiektua da eta, zalantzarik gabe, Suitzako gainerako hirietarako erakusleiho izango da.
Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu bakarra dela, nola Suitzan, hala Europan. Hiri horretako Bahnhofstrasse kalean, 600 kW-eko karga azkarreko hamabi puntu jarri dira. Gainera, karga estazioetarako energia SH Power zentral hidroelektrikoan sortzen da, Rhin ibaiko uren indarrak bultzatuta, Schaffhausen parean, eta, hala, iraunkortasunari laguntzen zaio.
VBSHk eta Irizar e-mobilityk erakusten dute garraio publikoa iraunkorra, eraginkorra, adimenduna, irisgarria, segurua eta konektatua izan daitekeela eta, aldi berean, Europako herritarren itxaropenak bete ditzakeela.
Proiektuaren datuak
Autobus elektrikoen proiektuak zero igorpeneko Irizar ie tram ereduko hamabost autobus elektriko (hamabi metroko zortzi eta hemezortzi metroko zazpi), 600 kW-eko hamahiru kargagailu ultra-azkar eta kotxetegietako hamasei karga estazio barne hartzen ditu. Jemak, Irizar Taldeko enpresak, garatu eta fabrikatu ditu kargagailuak.