Irizar e-mobility European Mobility Expo 2024an parte hartzen ari da, Estrasburgon
Urriaren 1etik 3ra Frantziako Estrasburgo hirian egiten ari den European Mobility Expo 2024 azokan dago Irizar e-mobility. Bere standean 12 metroko luzera duen Irizar ie tram bat dago ikusgai, konpainiaren bereizgarria den ibilgailua.
Bi urtean behin egiten den eta garraio publikoa ardatz duen ekitaldia da European Mobility Expo, eta mugikortasun jasangarriaren sektoreko enpresa eta erakunde nagusiak biltzen dira bertan.
Irizar e-mobilityk azokara doazen guztiak gonbidatzen ditu bere standera, 1 Hallean dagoen 14 zenbakiko standera, bertan ikusi ahal izango dute-eta 12 metroko luzera duen Irizar ie tram motako autobus elektrikoa. Autobus hori, zehazki, Orleans Métropolerena da, eta egindako azken eskaera sortakoa da.
Iaz Orleans Métropolek berriro aukeratu zituen Irizar e-mobilityren ie tram modeloko autobusak. 2021ean 12 metroko 29 ie trams abian jarri ondoren, Orleans Métropolek Irizar e-mobilityren ibilgailu elektrikoez pentsatu zuen berriro, eta eskaera errepikatu zuen, oraingoan zazpi unitate gehiagokoa (modelo bera eta luzera bera).
Aurten Euskal Hirigune Elkargoak ere berriro aukeratu ditu Irizar e-mobilityren ie tram autobus elektrikoak. Zazpi unitate 18 metroko luzerakoak izango dira, eta lau 12 metrokoak. Ibilgailu berri horiek, beraz, 2019az geroztik Frantziako eskualde horretan dabiltzan hemezortzi ie tramei gehitu zaizkie.
Bi hiriek berriro jo dute Irizar e-mobilityren elektromugikortasuneko soluzioetara. Parisen, berriz, RATPk 12 metroko luzera duten lehenengo autobusak jarri ditu zirkulazioan, eta guztira 60 ie bus izango dira.
Ie tramaren diseinu berritzaile eta modernoak mundu osoko hiri ugari liluratu ditu eta zirkulatzen ikus dezakegu Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Espainia), Londresen (Ingalaterra), Genevan (Suitza), Meridan (Mexiko), Baionan (Frantzia) edo Schaffhausenen (Suitza), besteak beste.
Bere produktu gamaren barruan, Irizar e-mobilityk 10, 12 eta 18 metroko bertsioetan ere badu eskuragarri Irizar ie bus modeloa. Irizar autokarren ezaugarri estetikoetara hurbiltzen den diseinua du ibilgailuak. Barrualdeko diseinuari dagokionez, bertsio estandarrak zehaztapen klasikoagoa duen arren, Irizar ie tram modeloaren aukerako elementu batzuk txerta daitezke: beira baxuak, alboko argiztapena edo pantailak hodietan, besteak beste.
Urte honen hasieratik, konpainia bere autobus elektrikoen belaunaldi berria entregatzen ari da bezeroei. Belaunaldi berriak hobekuntzak dakartza segurtasunean, GSR2 ADAS araudi berria integratuta, zeinak, halaber, ibilgailuaren zibersegurtasuna aintzat hartzen duen. Gainera, kontsumo txikiagoa eta autonomia handiagoa duten baterien belaunaldi berritua du, eta horrek egiten du BOLeko eta EOLeko energia erabilgarria %30 gehiago izatea. Diseinu arinagoa eta trinkoagoa duen sistema traktore berriak %26raino murrizten du bere pisua eta, gainera, pertsonalizaziorik handiena ahalbidetzen duen HMI digital berri bat integratu da.
Irizar e-mobilityren autobus elektriko gehiago Bibus sarerako, Brest Métropolen, Bretainian
Irizar e-mobilityk autobus elektrikoen kontratu bat lortu du Frantziako beste metropoli batean. RATP Dev, Brest Métropoleren kontura diharduen Bibus sarearen operadorea, Irizarren beste hamar autobus elektrikorekin hasiko da zerbitzua ematen 2025eko uztailaren erdialdean.
Operadoreak Irizar ie bus modeloko autobusa aukeratu du, 12 metroko luzerakoa. Eraginkortasuna, isiltasuna eta irisgarritasuna dira autobus horren ezaugarri bereizgarriak. Irizarren 470 kWh-ko baterien azken belaunaldiarekin hornituta egongo da. Autobusak hiru ate, arrapala elektriko bat, 24 plaza eta aulki gurpildunetarako bi espazio ditu.
“Euskal Hirigune Elkargoak berriki egin digun eskaeraren ondoren, pozgarria da guretzat iragartzea RATP Dev-ekin beste kontratu bat izenpetu dugula Brest Métropolerako. Frantzia herrialde garrantzitsua da guretzat. Irizarren 200 autobus elektriko baino gehiago dabiltza dagoeneko Frantziako hainbat hiritan. Irizar e-mobilityn agintzen dugu Brest Métropoleri gure laguntza osoa eskainiko diogula. Pozik gaude hiri berdeagoak eta emisiorik gabekoak bihurtzeko egiten ari diren bidean lagundu ahal diegulako”, adierazi du Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
Irizar e-mobilityk 1.000. autobus elektrikoa entregatuko du
Irizar e- mobilityk aurki entregatuko du bere 1.000. autobusa. Zifra garrantzitsua, euskal konpainia sortu zela zortzi urte baino ez direla kontuan hartuta. “1.000. ibilgailua zifra bat baino gehiago da guretzat, konpainia handi hau osatzen dugun pertsona guztien ahalegina, talde lana eta konpromisoa esan nahi du. Enpresa ertain bat gara, tokiko ekoizpenarekin, marka handiak dituen nazioarteko merkatu batean lehiatzen dena. Berrikuntza eta teknologia dira merkatu zorrotz honen mailan egoteko gakoa. Ibilgailu eta baterien belaunaldi berriak lantzen jarraitzen dugu operadoreen eta merkatuaren beharretara egokitzeko”, adierazi du Iñigo Etxeberriak, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
Irizar ie busak 2020tik dabiltza Estrasburgon
Azkenik, aipatzekoa da Irizar e-mobilityko 49 autobus elektriko 2020. urte amaieratik dabiltzala EuMo 2024 azoka honen anfitrioia den hiri honetan. Estrasburgoko Eurometropolek Irizar e-mobilityren autobus elektrikoetan konfiantza izan zuen bere hirian garraio guztiz jasangarria ezartzeko. Aukeratutako modeloa Irizarren ie bus izan zen, 12 metroko luzerakoa.
Irizar e-mobilityk nazioartean hedatzen jarraitzen du. Londres, Paris, Bartzelona edo Madril mailako hiriek euren autobus flota eraldatu dute Irizar e-mobility ibilgailu elektrikoak sartuz. Ibilgailu elektriko horiek ere putzua zeharkatu dute, eta Mexikora ere iritsi dira. Han, hogeita hamahiru Irizar ie tram dabiltza aurtengo ekainetik Yucatan Estatuko Meridako kaleetan.