Irizar e-mobilityk Londresko karga ultra azkarreko lehen autobus linea elektrifikatuko du
Aduna, 2022ko urriaren 27a
Irizar e-mobilityk eta Londresko Go-Aheadek hogei autobus eta kargarako azpiegiturak hornitzeko kontratu bat sinatu dute, eta, horren bidez, Londresko hegoaldeko 358. linea elektrifikatuko dute, Erresuma Batuko hiriburuan karga ultra azkarreko lehenengoa.
Akordio horrekin, Go-Aheadek, Londresko autobus operadorerik handienak, Irizar e-mobilityrengan konfiantza izan du berriz ere, eta hogei autobus elektriko eta horiek kargatzeko azpiegitura erosteko kontratua sinatu du. Jema Energyk (Irizar Taldearen enpresa filiala) 450 kW-eko bi kargagailu ultra azkar emango ditu ibilbideko terminaletarako, eta 100 kW-eko kargagailuak kotxetegietarako, aldi berean bi autobus 50 kW-era kargatzeko gai direnak.
Diseinu zirraragarria eta modernoa duenez, aukeratu duten modeloa Irizar ie tram da, 12 metroko luzerakoa. Gidariaren tokia eskuineko aldean duela fabrikatzen den lehen autobusa izango da, baita Erresuma Batuan sartzen den lehena ere. Zero igorpenen, zarata eta bibrazio maila baxuaren eta segurtasun eta irisgarritasun ezaugarrien ondorioz, autobus bereziki egokia da Londres bezalako hiri batean erabiltzeko.
Autobusek Irizar Taldearen azken belaunaldiko bateriak izango dituzte, eta ibilbidean zehar instalatutako sistema alderantzikatuko karga azkarreko bi pantograforen bidez kargatuko dira (Crystal Palaceko eta Orpington Bus geltokietan). Pantografo horiei esker, autobusak 5 minutu baino gutxiagoan kargatuko dira. Ibilbidea amaitutakoan, autobusek birkarga labur bat jasoko dute, kotxetegietako kargagailuak erabiliz.
Irizar ie tram, tranbia baten antzeko diseinu dotorearekin, beste autobus batzuetatik bereizten da, edukiera handia, sarbide erraza eta barruan bidaiarientzako espazioa zabala eta hiri autobusen moldagarritasuna uztartzen dituelako. Autobuseko bidaiarien eremua argitsua, erosoa, zabala, atsegina eta segurua da.
Bere ekipamendu berritzailea eta bidaiarientzako eta oinezkoentzako segurtasun pasiboaren maila dira operadorea ibilgailu hori aukeratzera eraman duten alderdi bereizgarriak, izan ere, Irizar ie tramek, bere diseinu frontalagatik, oinezkoen babesari buruzko Transport for Londonen (TFL) 2024 segurtasun araudia betetzen du.
Irizar e-mobilityren zero igorpeneko autobusak Crystal Palace eta Orpingthon lotzen dituen 358. linean ibiliko dira, eta 2022aren amaieran entregatzea aurreikusita dago.
"Ilusio handiz gaude Go-Aheadek, Londresko autobus operadore handienak, gure teknologia aukeratu duelako. Gugan jarritako konfiantzaren eta produktu horien kalitatearen eta fidagarritasunaren erakusgarri argia da. Londres garraio publiko jasangarri baterako konponbideetan asko inbertitzen ari den hiri bat da, eta harro gaude helburu horren parte izateaz. Gure karrera teknologikoarekin jarraitzen dugu, eta eragiketa honekin karga ultra azkarreko Londresko lehen linea ezarriko dugu, Transport for Londonen (TFL) eskakizun zorrotzak betez”, adierazi du Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
Birminghameko Euro Bus Expo azokara bertaratzen direnek lehen autobusa bisitatzeko aukera izango dute, A10 standean egongo baita ikusgai azaroaren 1ean, 2an eta 3an. Irizar gamako autokarrak eta Irizar Taldearen beste teknologia batzuk ere egongo dira erakusketan.
Kontratu berri horrekin, Irizar taldeak erakutsi du teknologia eta berrikuntzarako izugarrizko gaitasuna daukala, eta hiri mugikortasunean lider gisa posizionatzeko asmoa berretsi du, hirietan ingurumen jasangarritasunaren eta hobekuntzaren alde egiteko konpromiso irmoarekin.