Irizar e-mobilityk proiektu bat garatu du EMT Madrilekin eta Iberdrolarekin batera, bateria elektrikoek bigarren bizitza izan dezaten
- Irizar e-mobility deskarbonizazio soluzioen partner estrategikoa da.
- Proiektu honek erantzun bat eman nahi dio baterien lehen bizitzaren amaierari, beste aplikazio batzuekin bizitza baliagarria luzatuta, eta, horrela, ingurumenarekin duen konpromisoa azpimarratzen du.
- Proiektu pilotua EMTko eragiketa zentroan dago, Fuencarralen, eta kotxetegiaren kontsumoa optimizatzeko biltegiratze sistema integratzea dauka helburutzat.
Irizar e-mobility, EMT Madrid eta Iberdrola bateria elektrikoak berrerabiltzeko proiektu bat garatzen ari dira EMTk Fuencarralen duen eragiketa zentroan. Gune horretan energia elektrikoaren biltegiratze estatikorako sistema bat instalatu da, zeinek lehen bizitzaren amaierara iritsi diren bateriak dituen txertatuta.
Irizar e-mobilityk zazpi urte baino gehiago daramatza bateria propioak diseinatzen eta fabrikatzen, eta bateria horiek erabiltzen ditu bere autobus elektriko guztietan. Konpainiak beti eman dio lehentasuna bateriak berrerabiltzeari eta horiei bigarren bizitza emateari, eta, horregatik, hainbat erakunderekin lankidetzan aritzen da arlo horretan ekonomia zirkularra bultzatzeko.
Bateriak autobus elektrikoen funtsezko osagaiak dira, motorrak ibilgailua mugitzeko behar duen energia elektrikoa biltegiratzen baitute, eta, beraz, ibilgailuaren autonomia, neurri handi batean, bateriak une bakoitzean duen gaitasunaren araberakoa baita. Bateriek egunero izaten dituzte karga zikloak, eta, horrek dakar, pixkana-pixkana, trakzio bateria gisa erabiltzeko duten biltegiratze ahalmena murriztea. Horren guztiaren ondorioz, bateriek izaten duten degradazio mailaren arabera, ordezkatu egin behar izaten dira, autobuseko eragiketan maila optimoak bermatzeko.
Proiektu honetan, bateriei bigarren bizitza ematearen aldeko apustua egin da, EMTko autobusak kargatzeko lagungarri izan daitezen. Hala, bateria horiek smartcharging sisteman integratutako elementu gisa erabiliko dira, bateriak kargatzeko ohiko orduetan potentzia eta eskaera pikoak murriztu ahal izateko, era horretan birkarga prozesua optimizatuko baita eta horri lotutako kostuak murriztuko baitira. Elektrizitate kontsumorako ordu tarte merkeenean kargatzen da edukiontzia, energiari lotutako prezioak optimizatzeko. Hala, kostu energetikoa murriztu, eta energia berdearen erabilera areagotzen da. Biltegiratzeko 1MWh-ko eta kargatzeko eta deskargatzeko 500 kW-ko gehieneko energia eta potentzia ditu, hurrenez hurren, eta Irizar e-mobility markako 3 ibilgailutatik kendutako hamabost bateria rackek osatzen dute. Gainera, edukiontzia EMTko smartcharging sistemaren bidez kudeatu daiteke, udal enpresako autobus elektrikoen flota egunero kargatzeko erabiliko baita Fuencarraleko eragikera zentroan.
Era berean, proiektuak, baterien kargari soluzio praktiko eta ekonomikoa eskaintzeaz gainera, ingurumen jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra bultzatzen ditu; izan ere, baterien bizitza erabilgarria luzatzeak berriak fabrikatzeko beharra murriztea dakar, eta horren ondorioz, lehengai jakin batzuen erabilera murrizten da, bai eta ingurumen eta gizarte inpaktua ere. Eta hori guztia lagungarria da garraio publiko garbi, eraginkor eta arduratsuagoa finkatzeko.
Proiektu hau PERTE VEC (CAPITAL) programaren esparruan garatu da.