Irizar e-mobilityko zero emisioko 30 autobus Valladoliderako
Aduna, 2022ko ekainaren 27a
AUVASA (Autobuses Urbanos de Valladolid) garraio publikoko operadoreak Irizar e-mobility enpresarekin akordio marko bat sinatu du, Irizar ie tram modeloko zero emisioko 30 autobus eta karga-azpiegiturak barne hartzen dituena. Unitate horiek bi urtetan banatuko dira, eta 2022aren amaieran lehenengo 11 unitateak entregatuko dira. Gaur egun ibilgailu mota hori dabilen lineetan txertatuko diren 18 metro luzeko zero emisioko lehen autobus artikulatuak dira.
Irizar e-mobilityk honako hauen bisita jaso du astelehen honetan: Oscar Puente, Valladolideko Udaleko alkatea; Luis Ángel Vélez, Valladolideko Udaleko Mugikortasun eta Hiri Espazioko zinegotzia; eta Álvaro Fernández, AUVASAko gerentea. Bisitan, Valladolideko Udaleko, AUVASAko eta Irizar e-mobilityko kideek ibilgailuen azken xehetasunak eta zehaztapenak berrikusi ahal izan dituzte, lehenengo unitateak ekoizten hasi aurretik, baita instalazioak eta ekoizpen-lerroa bisitatu ere.
"Oso harro gaude AUVASAk eta Valladolidek beren flotaren eraldaketa elektrikoa hasteko guregan jarri duten konfiantzaz. Irizar ie tram da aukera, bere diseinu moderno eta berritzaileagatik hiria bereizten duen erakargarritasuna eskaintzen duen autobusa, eta, aldi berean, gidariarentzako eta bidaiarientzako erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna maximizatzen dituena. CO2 eta zarata emisio baxuek eta bidaiariari eskaintzen dion esperientzia handiak Irizar ie tram autobus berezi bihurtzen dute, hiriko erdiguneetan erabiltzeko egokia” gaineratu du Txema Oterok, Irizar e-mobilityko Espainiako eta Portugaleko Zuzendari Komertzialak.
Irizar e-mobilityk hornituko dituen ibilgailuak azken belaunaldiko bateriez elikatuko dira, 630 kWh-ko gaitasuna izango dute eta karga sistema bikoitza, pantografo alderantzikatua izango dute eta kotxetegietan entxufe adimendunaren bidez kargatuko dira, Jema Energyk, Irizar Taldeko enpresak, egindakoak.
Pantografo alderantzikatu bidezko karga sistemari esker, autobusa kotxetegietara iristen denean, autobusaren eta kargagailuaren arteko komunikazioa ezartzen da, eta pantografoa automatikoki jaisten da. Sistema hori bateragarria da merkatuko ia autobus elektriko guztiekin, eta ibilgailua egunero kargatzeko prozesua errazten du.
Autobus honen barrualdea erosoa eta berritzailea denez, irekitasun eta argitasun sentsazioa ematen du, bai bidaiariei eta baita gidariari ere. Ibilgailuek 43 eserleku, aulki gurpildunentzako 3 gune , MUPentzako 4 eserleku eta 105 bidaiari garraiatzeko gaitasuna dute. Gainera, barruan CO2 neurgailuak ditu, bai eta multimedia eta informazio sistema ere, 29´´ko pantailekin eta USB karga atariekin.
Barruan nahiz kanpoan sarbidea eta joan-etorri arina errazteko, 4 ate ditu. Eta segurtasuna hobetzeko eta bidaiarientzat bidaia erosoa bermatzeko, autobusek atzerako ispiluak ordezkatzen dituzten kamerak izango dituzte, aurreko, alboko eta atzeko ikuspena handitzen dutenak, gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak (ADAS) eta oinezkoen eta txirrindularien babesa, bidaia lekua kontrolatzen duten telebista zirkuitu itxiez gain (CCTV).
Horrela, Valladolidek apustu handia egin du garraio publikoa aukera berritzaileago eta hiritarrekiko eta ingurumenarekiko begirunetsuago bihurtzeko. Zero emisioko Irizar ie tramek ingurumen onurak dakartza; besteak beste, CO2 igorpenik ez eta zarata maila txikia. Gainera, autonomia eta ustiapen kostu ezin hobea bermatzen du.