Irizar e-mobilityren hamabi autobus elektriko Palmarako
Aduna, 2022ko irailaren 27a
Irizar e-mobilityk zero igorpeneko hamabi autobus %100 elektriko hornituko dizkio Palmako EMTri. Lehenengo unitateak 2023. urtearen hasieran entregatzea aurreikusten da, eta Mallorca uharteko hiriburua deskarbonizatzeko prozesua azkartzen eta trantsizio energetikoa egiten lagunduko dute.
Nobedade gisa, ibilgailu horiek eguzki plakak izango dituzte goiko aldean, autobusaren sistema osagarriak elikatzeko.
Astelehen honetan, Irizar e-mobilityk Jose Hila Palmako alkatea, Francesc Dalmau Mugikortasun Iraunkorreko zinegotzia eta Mateu Marcus Udal Garraio Enpresako (EMT Palma) gerentea hartu ditu Adunan (Gipuzkoa) dituen instalazioetan, bisitan etorri baitira. Han egon direnean, instalazioak eta beren autobusak egingo diren ekoizpen planta ikusteaz gain, laster beren flotara sartuko diren autobusen zehaztapen teknikoak berrikusi ahal izan dituzte, Irizar e-mobilityko ordezkariekin batera.
Bisitaldian, Palmako alkateak hau esan zuen: “hiri iraunkorrago baten alde lan egiten dugu, eta, hori lortzeko, garraio publikoa funtsezkoa da. EMTk energia garbiak erabiltzen dituzten autobusak eduki behar ditu, eta hori egiten ari gara”.
Txema Oterok, Irizar e-mobilityko España & Portugaleko zuzendari komertzialak, berriz, hau adierazi du: “eskari hau estrategikoa da guretzat, Palmak merkatu turistiko gisa duen ikusgarritasunagatik. Oso harro gaude Palmako herritarren bizi kalitatea hobetzen lagundu ahal izateagatik. Ibilgailu hauek Irizar baterien teknologia izango dute, eta isilak izango dira eta ez dute igorpen kutsatzailerik sortuko. Irizar ie tram ibilgailuaren ezaugarri bereizgarria da diseinu minimalista eta apaingarririk gabekoa duen autobusa dela, eta bere ezaugarri guztiek alderdi funtzional zehatzei erantzuten dietela, erabiltzaileek berehala identifikatu ahal izango dituzten identitatea eta irudia sortu ahal izateko.
Ibilgailuek (Irizar ie tram modeloa) 12 metroko luzera izango dute, eta hiru ate, 22 eserleku (horietako lau MUPentzat dira), aulki gurpildunetarako gune bat edukiko dituzte. Gehienez, 70 bidaiari hartu ahal izango dituzte. 430 kWh-ko Irizar bateriak izango dituzte, eta pantografo alderantzikatu baten bidez edo Combo 2 karga hargunearen bidez kargatu ahal izango dira. Unitate eragilea 206 kW-ko motor zentral bat izango da.
Irisgarritasunak, segurtasunak, zirkulazio fluxuak eta bidaiariaren erosotasunak inspiratu dute Irizar ie tramen barrualdeko arkitektura. Alboetako leiho handiek eta barruko LED argiztapenak eta "open Air" gisako erdiko gangak emango dioten argitasunari esker, bidaiariek leku zabal, atsegin eta seguruan bidaiatzen ari direla sentituko dute.
Proiektuak Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsen finantzaketa jaso du, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez.
Eskaera hori Palmako EMT enpresaren flotaren berritzeko bigarren fasearen barruan sartzen da. Urtarrilaren amaieran hasi zen, eta guztira 59 autobus berritu behar dira energia garbiak dituzten ibilgailuekin. Horri esker, 8.000 tona dioxido gutxiago isuriko dira.
Eskaera berri honekin, Irizar e-mobilityk hiriei giltza eskuarerako elektromugikortasuneko soluzioak eskaintzen liderra dela berretsi du. Gainera, energia alternatiboetan eta proiektu handietan inbertitzen jarraitzen du, etorkizunean mugikortasuna iraunkorra, segurua eta konektatua izan dadin laguntzeko.