
Irizar, FIAA azokan
Madril, 2026ko irailaren 22a
Irizar Taldeak II. klaseko Irizar i3 Normal Floor elektrikoaren 15 metroko bertsio berria aurkeztuko du Ifeman, Madrilen, FIAA Nazioarteko Azokan, baita Irizar ie tram Efficient ere, mugikortasun iraunkorreko bere gamaren berrikuntza nagusietako bi.
Irizar Taldeak berrikuntza eta teknologia gaitasun handia daukala erakutsiko du FIAAn, ibilgailu eraginkor eta jasangarrien gama berria aurkeztuko baitu, bai eta mugikortasunaren eta deskarbonizazioaren etorkizunerako giltzarri izango diren berrikuntza teknologiko ugari ere.
9. halleko 9C06 standean, Irizarrek eta Irizar e-mobilityk azken belaunaldiko lau Irizar ibilgailu erakutsiko dituzte: II. klaseko Irizar i3 elektrikoaren 15 metroko bertsio berria, Irizar ie tram Efficient berria, Irizar i6S Efficient bat eta Irizar i8 bat.
15 metroko Irizar i3 Normal Floor ibilgailuaren bertsio berria, %100 elektrikoa eta isila
Irizarrek, II. klaseko Irizar i3 modelo elektriko integralaren 15 metroko bertsio berria aurkeztuko du, primizian. Irizar i3 gama berriaren diseinu abangoardista galdu gabe, bertsio berri honek bidaiari kopurua maximizatzen du, baita maletategiaren edukiera ere, baina Irizar ibilgailuen gama osoaren prestazio guztiak mantenduta.
500 km-tik gorako autonomia daukan plataforma berri hau, gainera, prestazio handiko altzairuzko profilekin erabat arindutako eta indartutako bertsio batean iritsi da.
Aurreko bertsioek bezala, ibilgailuak segurtasun estandar gorenak betetzen ditu GSR2 araudi berriaren esparruan. Hala, osagai aurreratuak ditu txertatuta, besteak beste, kamera eta radarrak, gidariaren eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Eta zibersegurtasuna kudeatzeko sistemari eta ibilgailuetan softwarea eguneratzeari buruzko Europako R155 eta R156 araudiak betetzen ditu. Gainera, aurrealdeko kolpeetan energia xurgatzeko egitura du, R29, gidariaren eta bidaiarien segurtasuna bermatze aldera.
Irizar i3 elektriko berriaren karrozeria eskuragarri dago konfigurazio autosostengatzaile integralean, baita txasis elektriko desberdinekin ere.
* Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu ibilgailuaren fitxa teknikoa eta katalogo tekniko berria.
Irizar ie tram Efficient, %100 elektrikoa eta zero emisioduna
Irizar ie tram berria Efficient gamakoa da, Irizar ie bus Efficienten arrastoari jarraituz egindakoa, eta hiri askotan joera markatu duen ibilgailu baten bilakaeran beste pauso bat eman duena.
Ibilgailu erabat berria eta berritua da, 2011z gero eskuratu dugun know-howan oinarrituta garatu duguna, eta Europako 55 hiritan egindako 200dik gora kilometroren bermea duena. Hala, ibilgailu are eraginkorragoa, fidagarriagoa, seguruagoa, irisgarriagoa eta egungo hiri inguruneetako premia errealetara egokitua eskaini nahi izan dugu.
Efficient plataformaren parte denez gero, Irizar ie tram berriak Irizar ie bus Efficient proiektuan ezarritako berrikuntza eta hobekuntza guztiak dauzka. Besteak beste, energia kontsumoa %10eraino murriztu du –eta horrek esan nahi du pisua 1.000 kg inguru murriztu dela–, klimatizazio sistema eraginkorrago bat dauka, motor trinkoago bat, punta-puntako bateriak, eta jatorri birziklatuko materialen erabileran %50eko hazkundea izan du. Eta hori guztia merkatuko araudi zorrotzenak betez eta segurtasun estandar gorenak bermatuz. Hobekuntza horiei esker, aurrerapausoak eman daitezke, aldi berean, emisioen murrizketan, baliabideen erabilera eraginkorrean eta gure bezeroen lehiakortasun operatiboan.
Ergonomia
Aurrerapen teknologiko nagusien artean, nabarmentzekoa da aurrealdearen birdiseinu osoa: ikusgaitasuna hobetu, eta ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Gainera, gidariaren postua Alemaniako erreferentziazko VDV araudiaren arabera diseinatu da.
Fidagarritasuna, erabilgarritasuna eta iraunkortasuna
Ibilgailu berri honek punta-puntako txasis bat du, fidagarritasuna optimizatzeko diseinatua. Aldi berean, lan handia egin da ibilgailuaren fidagarritasuna eta iraunkortasuna indartzeko, helburu argi batekin: konpromisoen beharrik gabe aritzeko gai den soluzio bat asmatzea. Ezaugarri horren arabera, erabilgarritasun optimoa lortzen da zerbitzu baldintza errealetan.
Irisgarritasuna eta erosotasuna
Irisgarritasuna izan da garapenaren beste ardatz nagusietako bat. Ate guztiak zabalagoak dira orain; hala, pertsona guztiek izango dute erosoago eta bizkorrago sartzeko aukera. Gainera, ibilgailu berri hau arinagoa da altuera murriztu zaiolako, eta, horri esker, altuera mugatua duten gune historikoetara eta hiriguneetara arazorik gabe sar daiteke. Bidaiarientzako edukiera handiagoa (%5) eta barrualde argitsuagoa ere eskaintzen ditu, eta, horregatik, erosoago bidaiatu ahal izango da.
Konektibitatea eta digitalizazioa
Irizar ie tram berriak araudi eta erregelamendu berrienen arabera diseinatutako datu eredu bat du, eragiketa behar errealekin lerrokatua eta egituratua. Eguneroko eragiketako baldintza guztiak modu koherentean integratzen ditu, eta, hala, plug & play inplementazioa ahalbidetu, eta lehendik dauden eragiketa sistemekiko integrazioa gaitzen du.
* Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu ibilgailuaren fitxa teknikoa.
Zugan pentsatzen duen zerbitzua
Irizarreko standak Irizar Zerbitzuari eskainitako espazio bat izango du lehen aldiz. Bertan, saldu osteko eta ordezko piezen taldeak eskainiko dio arreta bisitariari.
Bisitari guztiekin dugun konpromisoak gure salmenta osteko zerbitzua indartzen eta hobetzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Horregatik, saldu osteko taldea handitu dugu, arreta hurbilagoa, arinagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko, eta gure bezero guztien beharrei erantzuteko gaitasun handiagoa izateko.
Aldi berean, gure diagnostiko tresnaren garapen berriak lantzen ari gara, dauzkan gaitasunak areagotzeko, eta, hala, gero eta zerbitzu osoagoa eskaintzeko. Garapen horiei esker, honako hauek egin ahal izango dira:
- Gure ibilgailu integraletako sistema gehiago diagnostikatu eta landu, esku hartzeko gaitasunak handitu, eta mantentze eta konponketa lanak erraztu.
- i3Bevi zerbitzua eman, gure bezeroei lagun egiteko eta laguntza emateko beharrezkoak diren gaitasunak gure ibilgailu elektrikoen gaman ere txertatuta.
Jasangarriak gara, zirkularrak gara
Jasangarritasunaren alde egiten dugun apustu irmoaren isla, FIAAko standak, aurten ere, soilik jasangarritasunari eskainitako gune bat izango du, non deskarbonizazioarekiko dugun konpromisoa erakutsiko dugun, baita Izir produktuen sorta osoa ere, gure ekonomia zirkularreko marka, gure ekoizpenetik sobera geratutako materialetatik sortutako produktuekin osatua.
Ekonomia zirkularra Irizarren ingurumen kudeaketaren ardatz nagusietako bat da. Horri esker, gure soberakinen eta hondakinen %63,50 balorizatzen dugu gaur egun, eta ekoizpen ziklo berrietara itzultzea bultzatzen dugu. Gainera, gure ibilgailuek, batez beste, %97,44ko eta %92,95eko berreskuragarritasuna eta birziklagarritasuna dute, hurrenez hurren.
Jasangarritasuna ere gure ibilgailuen diseinu prozesuaren parte da. Ekodiseinu irizpideen bidez, lanean dihardugu lehengaien erabilera optimizatzeko, osagaien iraunkortasuna handitzeko, bizitza baliagarriaren amaieran berreskuratzea errazteko eta produktuarekin lotutako ingurumen inpaktuak minimizatzeko.
Gainera, gure ibilgailuen garapenean txertatuta dago Bizitza Zikloaren Analisian (BZA) oinarritutako ikuspegi egituratua, ISO 14040 eta ISO 14044 nazioarteko arauekin bat etorriz garatua, horiek ibilgailuaren etapa guztiak kontuan hartzen baitituzte: hasi lehengaiak erauztetik eta fabrikatzetik, eta ibilgailuaren bizitza baliagarriaren erabilera eta amaieraraino.
Testuinguru horretan, aurrerapausoak eman ditugu Bizitza Zikloaren Analisia, Produktuaren Ingurumen Adierazpenak eta pareko tresnak ezartzeko prozesuan, ISO 14025 arauaren arabera landuak; izan ere, horiek aukera ematen digute gure produktuei lotutako ingurumen inpaktuak modu garden eta egiaztagarrian kuantifikatu eta jakinarazteko.
Hala, azken urte honetan, Produktuaren Ingurumen Adierazpenak lortu ditugu hauentzat: Irizar i3 elektrikoa, Irizar i4 GNC arindua, Irizar ie bus Efficient (12 eta 18 metrokoak) eta Irizar ie tram (18 metrokoa). Ziurtagiri horiek aurretik lortutakoei batu behar zaizkie; hots, Irizar i6 FCEVek eta Irizar ie bus Efficientek 2025ean eta Irizar i6S Efficientek eta Irizar i4 arinduak 2024an lortutakoei. Ziurtagiri horiek ingurumen gardentasunarekin dugun konpromisoa indartzen dute, eta gure ibilgailuek beren bizitza ziklo osoan zehar duten ingurumen portaerari buruzko informazio objektiboa, egiaztagarria eta alderagarria eskaintzen diete bezeroei eta operadoreei.