Skip to main content
Irizar ie truck, 2021eko Espainiako Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa

Irizar ie truck, 2021eko Espainiako Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa

Aduna, 2021eko urtarrilaren 13a

Irizar ie truck kamioi %100 elektrikoak beste sari bat jaso du, 2021eko Espainiako Urteko Ibilgailu Industrial Elektrikoa izendatu baitute. Sari hori Editec taldeak (Transporte 3 eta Viajeros aldizkariak barne hartzen dituen argitaletxea) ematen du.

Epaimahaia automobilgintzako berrogeita hamar enpresaburu eta profesionalek osatu dute, eta erabaki dute aitorpen horixe egitea Irizar ie truck kamioiari.

Sari hori 2019an eta 2020an lortutakoei gehitu behar zaie; izan ere, Irizar ie truck kamioiak, FCC Medio Ambiente enpresarekin batera garatutako txasis-plataforma elektriko moldakorra eta multifuntzionala,  World Smart City Awards saria irabazi zuen Ideia Berritzailearen kategorian, Smart City Expo World Congress 2019ren esparruan, bai eta Enpresarentzako Europako Ingurumen Saria ere (EBAE sariak), Produktua edota zerbitzua izeneko kategorian.

Hirugarren aldia da Irizar e-mobilityren ibilgailuek Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoaren saria jasotzen dutela. 2016an i2e autobus elektrikoak irabazi zuen saria. Bi urte geroago, 2018an, Irizar ie tram ibilgailuak sari hori jaso zuen, eta aurten Irizar ie truck kamioi elektrikoak eraman du.

Irizar e-mobilityren zuzendari nagusi Imanol Regok adierazi duenez, “Sari hau, hain zuzen, hiri ingurunean edo metropolian elektromugikortasunaren alorrean berrikuntzarako egin ditugun ahaleginen aitorpena da. Oso harro gaude soinu eta kutsadura igorpenak eta CO2 igorpenak nabarmen murrizten laguntzen duen irtenbidea aurkitu dugulako”.

Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoa, zehazki, Garraioaren Sari Nazionalen kategoria mistoa da, eta kategoria horretan bidaiarientzako zein salgaientzako modeloek parte hartzen dute.

 

Irizar ie truck

Irizar ie truck kamioia %100 elektrikoa da, eta horri esker, merkatuan dauden era askotako premiei erantzuteko aukera eta hirietan zein hiri inguruetan ibiltzeko aukera ematen du, inolako atmosferaren kutsadurarik zein kutsadura akustikorik sortu gabe. Horren eraginez, hiri garbiagoa eta ingurune iraunkorragoa lortuko dugu herritarrentzat.

Irizar markako produktu guztien diseinua da, zalantzarik gabe, kamioiaren ezaugarri nagusietako bat, eta, azken batean, estetika apurtzailea, erakargarria eta eskuragarria duen ibilgailua da.

Trakzio elektrikoaren, energia biltegiratzearen eta kontrol elektronikaren arloan Taldeak dituen teknologia guztiak biltzen ditu.

Ingurumena errespetatzen duen ibilgailua denez, hirietako igorpen gutxiko eremuetara sar daiteke. Eta zarata txikia egiten duenez, goizean goiz edo gauean egin daitezke lanak.

 

Irisgarritasuna eta segurtasuna

Kabinako sarrerak maila irisgarri bakarra dauka, eta horri esker, modu seguruan sar daitezke nola gidaria hala laguntzaileak. Irizar ie truck kamioia da merkatuan gaur egun sarbide garaiera txikiena duen ibilgailua, 370 mm-ko maila baino ez baitu.

Konforta eta segurtasuna funtseko ezaugarriak izan dira gidari postua osatzeko. Postu horretan, inguruaren ikusmen eremu ezin hobea dago bermatuta, bai eta irismen ergonomikoa ere aginteetara, kontroletara eta aginte mahaiko pantailara.

 

Bereziki hirirako diseinatua

Nola txasisa hala kabina Irizar diseinuarekin egindakoak dira, eta horrek integraziorako malgutasun handia eskaintzen du.

Ezin konta ahala aplikaziotan erabil daitekeen ibilgailua da: bai hondakinak biltzeko, bai hiri banaketako lanetarako.

Irizar ie truck kamoiak 18 tona arteko karga har dezake.

Gaur egun dauden karrozeria mota guztietara egokitzen da, ia egokitzapenik egin behar izan gabe.

 

Lehenengo erabilera: hondakinak biltzea

Lehenengo ie truck kamioia hondakinak biltzera bideratu da, FCC Medio Ambienterekin egindako lankidetzaren ondorioz, eta hainbat hilabetez proba arrakastatsuak egin ditu Espainiako hainbat hiritan, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Iruñean, Badajozen, Zaragozan edo Vigon.

Irizar txasisa 8 metroko luzera duen 6×2 bertsioa da, eta 18 tonako garraio ahalmena dauka.

CNG maila hedatzaile bat dauka, eta horri esker, modu elektrikoan ibil daiteke hirietan; gainera, GNC gas naturalarekin dabilen motor baten bidez autonomia luzatzeko aukera ere badauka.