Iruñerrian Irizar e-mobilityko zero emisioko 20 autobus berri ibiliko dira
2022ko irailak 23
Irizar e-mobilityk kontratu bat itxi du Moventis taldeko Transports Ciutat Comtalekin (TCC) zero emisioko hogei autobus % 100 elektrikoz hornitzeko. Talde hori arduratzen da Iruñerriko Hiri Garraioko flota kudeatzeaz. Abangoardiako eta etorkizuneko diseinuak paper garrantzitsua izango du autobus horietan. Lehen unitateak 2023. urtearen erdialdean entregatzea aurreikusten da.
Irizar ie tram modeloko autobusak dira, 12 metroko luzerakoak. Tranbiaren ezaugarri estetikoak dituen autobusa, irisgarria eta ingurumena errespetatzen duena, bidaiarien esperientzia aberastera deitua dagoena.
Iñigo Azconak, Irizar e-mobilityko Espainiako eta Portugalgo komertzial arduradunak, honako hau gehitu du: "Oso pozik gaude Iruñerriko Mankomunitatea garraio publiko jasangarriaren arloan egiten ari den proiektu anbiziotsuetan laguntzeko aukera izateaz. Guretzat estrategikoa da Iruñerria bezalako eskualde batek gertuko eta eduki teknologiko handiko produktu baten alde egitea. Aukeratu duten ibilgailuaren modeloa, Irizar ie tram, gure intsignia da. Ie tram-aren ezaugarria da hirietako elektromugikortasuna iraultzen ari den produktu erakargarri bat dela. Bere pertsonalizazio maila handia, gaitasun handia, irisgarritasun nabarmena eta erosotasuna dira bere bertute handienetako batzuk. Espero dugu Iruñerriko herritarrek laster gozatzea ibilgailu honek eskaintzen dituen abantaila guztiez”.
Azken belaunaldiko Irizar bateriak dituzte, 430 kWh-koak, eta 206 kW-ko trakzio-motorrak. Ibilgailu horiek 3 ate dituzte, bidaiarientzako 25 besaulki (horietako 4 MUPentzat), gurpildun aulkientzako eta orgatxoentzako 2 gune, elbarrientzako arrapala, eta 80 bidaiari har ditzakete guztira. Autobusak pantografo alderantzikatuaren bidez kargatu ahal izango dira, edo kotxetegietan karga motelean.
Teknologiaren adibide gisa, atzerako ispiluen ordez, ibilgailu honek bi kamera digital ditu, gidatzeko postuan dauden pantailetan irudiak proiektatzen dituztenak, eta horrek argiztapen baldintza guztietan ikuspen bikaina bermatzen du. Gainera, bereziki azpimarratzen da ingurunearen segurtasun pasiboa, ADAS sistemek (gidatzeko laguntza sistema aurreratuak) gidatzean sor daitezkeen arrisku egoerak minimizatzen laguntzen baitute.
Iruñeko TCCk 159 autobuseko flota du eta haietako 135ek puntako orduetan ematen dute zerbitzua. Sareak 553 geraleku ditu (horien artean 328 markesina) eguneko 24 hiri-lineatan eta gaueko 10 lineatan.
Iruñerrian gertatzen ari den hirigintza hazkunde handiaren ondorioz, azken urteotan igo egin da Eskualdeko Hiri Garraioko bidaia kopurua.