TMBk Irizar e-mobilityren zero igorpeneko beste 29 autobus elektriko erosi ditu Bartzelonarako
Aduna, 2021eko irailaren 22a
Transports Metropolitans de Barcelona (TMB) garraio publikoko operadoreak konfiantza osoa jarri du berriz ere Irizar e-mobilityrengan, eta zero igorpeneko 29 autobus erosi ditu, bere autobus elektrikoen flotarako.
Autobus horiek oraintxe hiriko H16 linean dabiltzan hamahiru autobusei batuko zaizkie. Eta horixe da, hain zuzen, erabat elektrikoa den lehen linea.
Ie tram modeloko 29 autobus artikulatu dira, 18 metroko luzerakoak eta aukera kargarako pantografoa daukatenak. 2022ko irailean entregatuko dira.
Autobus horiek ioi-litiozko Irizar bateria izango dute, 150 kWh-ko gaitasunarekin, eta ibilbidean zehar kargatuko dira pantografo bidezko karga azkarraren bidez. Seguruago eta eraginkorrago gidatzeko, ibilgailuek gidatzeko laguntza sistemak izango dituzte, eta, gainera, bi kamera digital, irudiak gidariaren postuan dauden pantailetan proiektatzen dituztenak, horrek gidariaren ikuspena eta segurtasuna hobetzen baitu.
Autobus horiek lagungarriak izango dira Bartzelonako autobus sareak datozen urteetan igorpenak murrizteko daukan helburua betetzeko, eta, horrela, gero eta iraunkorragoa izango den eta ingurumenean inpaktu txikiagoa eragingo duen garraio publikoa lortzen lagunduko dute.
“Horrelako ibilgailuak eskuratzeko TMBtik jaso dugun hirugarren eskaera da. Oso harro gaude berriro ere TMBk energia trantsizioaren alde egin duen apustuan bidaide izateaz, eta benetan eskertuta gure elektromugikortasuneko soluzioetan jartzen duten konfiantzagatik”, adierazi du Imanol Regok, Irizar e-mobilityko zuzendariak.
Eskaera berri horren bidez, Irizar e-mobilityk mugikortasun iraunkor eta adimentsuaren eragile giltzarri bihurtzeko estrategia berresten du, eta mugikortasun publiko kolektiboaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, igorpen kutsatzaileen maila murriztuz, garraiobideen konektibitatea ahalbidetuz flotak hobeto kudeatzeko, erabiltzaileentzako informazioa hobetuz, eta garapen teknologiko berriak sartuz bidaiarien segurtasuna handitzeko eta esperientzia hobetzeko helburuarekin.