Skip to main content
Tuvisak Irizar e-mobilityren alde egin du berriro, eta bere flota elektrikoa indartuko du bost ie tram berrirekin

Tuvisak Irizar e-mobilityren alde egin du berriro, eta bere flota elektrikoa indartuko du bost ie tram berrirekin

Aduna, 2026ko urriaren 20a

Tuvisak konfiantza jarri du berriz ere Irizar e-mobilityren elektromugikortasun soluzioetan, eta bost autobus %100 elektriko berri sartuko ditu bere flotan. Irizar ie tram modeloa aukeratu du berriro, konpainiaren ikurra. Operazioak 2019an hasitako lankidetza indartzen du, eta operadore gasteiztarrak Irizar e-mobilityren teknologiaren alde egiten duen laugarren aldia da.

“Guretzat oso pozgarria da Tuvisak eta Gasteizko Udalak gure soluzioen alde egitea berriro. Operazio berri honekin, laugarren aldiz jartzen da konfiantza Irizar e-mobilityn, eta 2019an hasi zen lankidetza baten sendotasuna erakusten du. Gainera, bereziki pozgarria da gure ie tramak Adunako lantegitik hain gertu zirkulatzen ikustea, bertan diseinatu eta fabrikatzen baitira. Gasteiz Europako erreferente bat da mugikortasun jasangarrian, eta oso harro gaude hiriari mugikortasun garbi eta eraginkorrago baterako trantsizioan laguntzeaz. Bide honetan elkarrekin aurrera egiten jarraitzea espero dugu, eta urte askoan hiri jasangarriagoak garatzen laguntzea”, esan du Iñigo Azconak, Irizar e-mobilityko Espainiako eta Portugalgo zuzendari komertzialak.

Bost unitate berrietatik hiru 18 metrokoak izango dira, eta gainerakoak 12 metrokoak. Ibilgailu horiek, Gasteizen, berotegi efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen jarraituko dute, hiri ingurune osasungarriagoetara aurrera egiteko aukera eraginkor bat eskainiz.

Irizar e-mobilityren eta Tuvisaren arteko lankidetza 2019an hasi zen, 12 eta 18 metroko hamahiru ie tram erosita, zeinak 2020an entregatu ziren, BEI sistema abian jartzeko (Bus Elektriko Inteligentea). Lau urte geroago, Tuvisak beste hamar ie tram berri sartu zituen bere flotan, eta, 2025ean, bost unitate gehiago. Orain, beste bost ibilgailu erosita, modelo berean jarri du konfiantza.  

Autobus berriek azken belaunaldiko teknologia dute, eta segurtasun, eraginkortasun eta jasangarritasun arloko Europako estandarrik zorrotzenak betetzen dituzte. Era berean, pertsona guztientzat bidaiatzeko esperientzia irisgarri bat eskaintzeko sortu dira, aulki gurpildunetarako eta haurren kotxetxoetarako erreserbatutako espazioekin, sartzeko arrapalekin, braille sistemekin eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako eremuekin.

Ibilgailuak Adunako (Gipuzkoa) Irizar e-mobility lantegian garatu eta fabrikatu dira, Gasteiztik kilometro gutxira, eta, beraz, ekoizpen %100 lokala da. Lantegia garapenarekin eta talentuarekin konprometituta dago, 400 pertsona inguru enplegatzen ditu, eta enpleguaren eta ingurunearen garapen teknologikoaren aldeko apustu sendoa egiten du.  

 Kanpo diseinuari dagokionez, Irizar ie tramak konpainiaren ikurra izaten jarraitzen du. Bere diseinuak, tranbiaren estetikan inspiratuta, “Wow” efektua sortzen jarraitzen du dabilen lekuan dabilela. Ibilgailuak sari ugari jaso ditu dagoeneko, eta bere moldakortasun, eraginkortasun eta hiri autobus tradizionalaren pertzepzioa eraldatzeagatik nabarmentzen da, garraio publikoari irudi moderno, erakargarri eta bereizgarria emanez.

Gasteizek mugikortasun jasangarri eta eraginkorrago batekin duen konpromisoan aurrera egiten jarraitzen du, eta garraio publikoaren elektrifikazioan erreferentziazko hirietako bat da.