Irizar e-mobilityren 29 autobus Orleansen garraio sistema publiko erabat elektrikoa ezartzeko
Aduna, 2020ko apirilaren 24a
Orleans Métropolek (Frantzia) Irizar e-mobility aukeratu du zero igorpeneko 29 autobus elektrikoz hornitzeko. Autobus hauek Irizar ie tam modelokoak izango dira.
Akordio hori Orléans Métropole enpresak bere autobus flotaren energia-konbertsioa gauzatzeko eta 2025. urterako bere lurraldeko garraio publiko erabat elektrikoko sistema bat izateko duen estrategiaren barruan kokatzen da.
Autobusak 12 metro luze dira eta 220 kilometroko autonomia izango dute. Irizar Taldeak garatutako teknologia dute elektronikari eta komunikazioei dagokienez, bai eta osagai eta sistema nagusietan ere. Bateriak ere teknologia propiokoak dira, eta segurtasun elektriko, termiko eta mekanikoko Europako azken araudiei jarraitzen diete: R100.v2, R10.v5 eta UN38.3.
Lehen unitateak 2021. urtearen erdialdean entregatzea aurreikusten da.
Ibilgailuen ustiapena optimizatzeko asmoz, kasu honetan Keolis Métropole Orléans operadoreak, Irizarrek bermatu egiten du saldu osteko zerbitzu esklusiboa eta kalitatezkoa, aditu teknikoek eta han kontratatutako pertsonek kudeatua, eta horrek, aldi berean, aberastasuna eta tokiko enplegua sortzen laguntzen du.
Irizar e-mobility erabat konprometituta dago ingurumenarekin, eta trantsizio energetiko horretan lagundu nahi du. Euskal Herriko eguzki parke fotovoltaiko handienean inbertitu du, han sortutako energia fotovoltaikoa bere autobusak egiteko erabiltzeko helburuarekin, eta, horrela, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko.
Gainera, baterien bigarren bizitza bat eskaintzen du. Bateriak berrerabili ahal dira, autobusen bizitza erabilgarriaren zikloa osatu ondoren, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituretan eta zerbitzuguneetan biltegiratzeko elementu gisa.
Kontratu honekin Irizarrek bere presentzia sendotu du Frantzian, iaz hiru proiektu BRT ezarri ondoren Amiens, Aix-en-Provence eta Baionan. Marseilla eta Le Havre hiriek ere Irizar e-mobility ibilgailu elektrikoak dituzte.
Eta giltza eskura irtenbideak eta zerbitzuak eskaintzeko estrategiarekin jarraitzen du, eta, zalantzarik gabe, balio erantsi handia ematen laguntzen dute, eraginkortasunari, errentagarritasunari, segurtasunari eta iraunkortasunari dagokienez.