Gaur aurkeztu da 12 metroko Irizar ie tram ibilgailua Gasteizen
Gasteiz, 2020ko uztailak 14
BEIri (Autobus Elektriko Adimenduna) zerbitzua emango dion hamahiru ibilgailuetatik lehena da
Ekitaldian aurkeztu den 12 metroko Irizar ie tram ibilgailuak bidaiaririk gabeko probak egingo ditu datozen hilabetetan TUVISAren 2. lineako ibilbidean, eta 2021ko erdialdean hasiko da zerbitzua ematen
Irizarren zero igorpeneko autobusen teknologia guztia eta osagai nagusiak Irizarren bertan guk garatu eta ekoitzitakoak dira
Ekitaldi ofiziala gaur egin da Europa Jauregian eta bertan parte hartu dute Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiak eta Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak.
Irizar ie tram autobusa Arabako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko da datozen hilabeteetan, aurrerago abiarazi aurretik bidaiaririk gabeko probak egiteko. Herritarrek, bestalde, ibilgailua bertatik bertara ezagutzeko eta barrura sartzeko aukera ere izango dute, uztailaren 14tik 20ra bitartean, hiriko hainbat tokitan. Gaur goizeko hitzorduak, gainera, BEIren irudi berria eta garraio sistema iraultzaile horrekin lotutako informazio guztia bilduko duen webgunea aurkezteko balio izan du.
Gaur aurkeztu den modeloa Irizar ie tram izenekoa da, 12 metro luze, 3 ate ditu eta 22 leku bidaiarientzat. Ibilgailuaren motorra 180 kW artekoa da, ion-litiozko bateriek elikatuko dute, zein Irizar e-mobilityk Adunan (Gipuzkoa) dituen instalazioetan garatu eta egin baitira. Ibilbidean direlarik, ibilgailuak 4 minututan kargatuko dira, kargatze-sistema ultra-arin eta elkarreragingarri bati esker. Proiektu honetarako, Irizar e-mobilityk Yarritu enpresa eraikitzailearen eta LKSren kolaborazioa izan du; bi enpresa horiek ingeniaritza, obra zibil, seinaleztapen, komunikazio eta beste lan batzuez arduratzen dira.
Azken egunotan instalatu dira baita ibilgailuen bateriak arin kargatzeko erabiliko diren pantografoak, Mendizorretzeko eta Bulebarreko geltokietan. Zutoin horiei esker, bateria 4 minutu eskasetan kargatu ahalko da. Gauean egingo da autobusen kargatze geldoa, BEIren kotxetegi berrietan paratuko den Kargatze-unitate funtzionalean. Irizar taldeak garatu eta hornitu du kargatze-azpiegitura guztia.
Proba horietan, besteak beste, lineen eta ibilgailu-moten gidatzearen eraginkortasuna eta kontsumoa kudeatzeko software-sistemaren testak ere egingo dira. BEIrako diseinatutako software berezi horrek abisuak eta alarmak sortu ahal izango ditu, gidariek eta aretoko kontrol-langileek gorabehera posibleak kudeatu ahal izateko. Azken helburua da ingurumen-onurak lortzea, dirua aurreztea, ibilgailuaren mantentze-lanak murriztea eta bidaiarien erosotasuna areagotzea, unitateak hobeto gidatuta.
Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxearen hitzetan, |Gasteiz eta Euskadi osoko lehen linea erabat elektrikoa izango da, zalantza gabe Arabako hiriburuaren hiri-garraioaren sistema goitik behera eraldatuko duen iraultza, Europan erreferente izatera deitua. Gehiago ere esan du: |Gure autobus elektrikoak Euskadin diseinatu eta eginak dira, Araban dagoen Ekian eguzki-parke fotovoltaikotik datorren energia berdearen bitartez. Harro gaude gure elektromugikortasun proposamenak gure geure lurrean berean ezartzeaz. Gure autobusak guztiz isilak dira, eta erabat errespetatzen dute ingurumena|.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azpimarratu du Gasteiz erreferentea izango da Euskadin, Estatuan eta Europan garraio publikoaren elektrifikazioaren alorrean. |Gure hiriko joan-etorrien erdia ibilgailu elektrikoetan izan daitezela lortu nahi dugu|, esan du. Gasteizko alkateak nabarmendu ditu, baita, erakundeen ahalegina auzoak modu eraginkor eta natura errespetatzen duen batean lotzearen alde, bai eta koronabirusaren pandemiaren ostean garraio publikoan konfiantza berreskuratu beharra ere. |Mugikortasun Planaren zutabeetako bat da. Garraio publiko eta kolektiboaren garapena sustatu behar dugu, halakoa gero eta gehiago eskainiz, eraginkortasunez, eta edozein pertsonak erabiltzeko moduan, betiere intermodalitatearen alde|, azaldu du. Ildo horretan, alkateak nabarmendu egin du zenbait proiekturen pisu espezifikoa, esaterako tranbia Salburura eta Zabalganera luzatzeko proiektua, eta abiadura handiko trena Gasteizera ekarri eta lurperatzekoa.
Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiaren aburuz, mugikortasuna |funtsezko elementua da klimaren aldaketaren aurkako lehian|, eta esan du euskal industria prest dagoela iraunkortasun-irispideen araberako mugikortasunaren erronkari ekiteko, |basque mobility| estrategiari jarraiki. Sailburuak Gasteizko BEI |konponbide teknologiko berritzailetzat| jo du, zeinaren bidez |karbonoren menpekotasuna aldika-aldika murriztuko duen mugikortasun baterantz joateko| bidea egiteko aukera emango diguna. Euskal energia- eta mugikortasun-sistemaren etorkizunak hazteko aukera emango dio industria-ehunari.
Tapiaren hitzetan, |Euskadi Europako Batzordearekin lerrokatzen da, eta Green Deal delakoaren aldeko apustua abagunea da epe luzean hazkuntza eta enplegua bermatzeko, eta gizartea, ingurumena eta ekonomiarentzat balio erantsia sortzen, modu arduratsuan sortu ere|. Horrez gain, esan du |garraio adimentsurako aukera ematen digun konektibitate digitala eta osagai gero eta berritzaileagoen garapena| giltzarri direla etorkizuneko garraioa diseinatzerako orduan. Sailburuak uste du BEAk eta dagoeneko hasiak diren Salbururako tranbiaren lanek |irauli egingo dute hiriko barne-mugikortasuna|. Tapiak jakinarazi du Gasteizen edukiera handiko garraio publikoa elektrifikatzearen aldeko erronka Donostiara eramango dela datozen asteetan, hain zuzen ere Dbus konpainiaren 17. linean.
Azkenik, ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek beste alderdi bati ekin dio, hain zuzen ere |Gasteiz Green eta Araba berdearen lidergoari trantsizio energetikoaren prozesuan eta natura errespetatzen duen mugikortasunaren alorrean. Duela egun batzuk Ekienearen aurkezpenean izan ginen, hain zuzen ere Araban egingo den proiektu fotovoltaico handi batean; horrez gain, energia eolikoaren zenbait proiektu garatzen ari dira; eta gaur urrats bat gehiago eman dugu Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektuan. Lidergoa, beraz, soil-soilik berrikuntzatik bideratu daitekeena|, esan du. Horrez gain, Araban inbertsio handiak egitea ahalbidetzen duen erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du. Bere mintzaldia amaitzeko, Arabako ahaldun nagusiak berriro azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak Gasteizekin duen konpromisoa: |Hiriburua aldatzen ari da, aurrerapausoak ematen, eta Aldundia prozesu horretan dago, buru-belarri|.
Erronka sendoa garraio publiko eta iraunkortasun-irizpideen gainean eraikiaren alde
Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEI; helburuak ditu hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, 2021eko udatik aurrera, puntako teknologia erabiliko duten Irizar markako 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza, Unibertsitatea eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Sistema berri horrek erabat eraldatuko du Gasteizko garraio publikoa. Lineako 10 kilometroko ibilbidean 23 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen lekuan.