Irizar e-mobilityk hirugarren eskaera lortu du Madrilgo ETMtik, eta beraz, guztira Irizar markako 55 autobus elektriko izango ditu bere flotan
Aduna, 2020ko irailak 17
Irizar e-mobilityk beste kontratu bat sinatu du Madrilgo Udaleko Garraio Enpresarekin (EMT Madrid) 20 autobus %100 elektrikorekin hornitzeko, zero emisiokoak eta 12 metroko luzerako Irizar ie bus modelokoak. Hau da Madrilgo ETMk Irizar e-mobilityrengan konfiantza jarri duen hirugarren aldia bere autobus flota berritzeko. Kontratuak 20 kargagailu interoperableren hornikuntza ere jasotzen du, Irizar Taldean garatu eta fabrikatutakoak hauek ere.
Aipatutako modeloa 12 metroko luzera duen Irizar ie busaren belaunaldi berria izango da. Ibilgailu horrek hainbat berrikuntza izango ditu, besteak beste, pisua murriztea, espazioa optimizatzea, bidaiarientzako gaitasun handiagoa eta bateria berriak, horiek guztiak Irizarrek garatu eta fabrikatuak.
Ibilgailu hauek 220 km-ko autonomia dute, eta, horrez gain, 2 ate, 28 eserleku, gidariarentzako eserleku 1, eta gurpildun aulkientzat 2 gune dituzte. Irizar Taldeak garatutako teknologia dute elektronikari eta komunikazioei dagokienez, bai eta osagai eta sistema nagusietan ere. Bateriak ere teknologia propiokoak dira, eta segurtasun elektriko, termiko eta mekanikoko Europako azken araudiak betetzen dituzte: R100.v2, R10.v5 eta UN38.3.
Kargarako 100 kW-ko 20 kargagailu interoperable egingo ditu Irizarrek; ibilgailuak gauez kargatuko dira Combo 2 karga hargune baten bidez.
Irizar e-mobilityk kalitatezko salmenta osteko zerbitzua bermatzea du helburu, eta horretarako teknikari propioak ditu Madrilgo EMTren instalazioetan, hirian ibiltzen diren Irizar autobus elektrikoei zerbitzua emateko.
Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiaren hitzetan, |Madril erreferentziazko hiria izaten ari da garraio publikoaren elektrifikazioan, eta oso harro gaude eraldaketa horretan parte hartzeaz. Hirugarren aldia da gure elektromugikortasun-soluzioetan konfiantza dutela. Madrilgo EMT gure bazkide bihurtu da autobus-flotaren elektrifikazioan. Haiekin dugun harremana hainbat urtetako lanaren konfiantzan oinarritzen da|.
Madrilgo ETMren hirugarren eskaera Irizar e-mobilityri
Madrilgo EMTk Irizar e-mobilityri egin zion lehen eskaera 2017an izan zen, eta 15 autobus % 100eko elektrikok osatzen zuten, Irizar i2e modelokoak, 12 metroko luzerakoak. Autobus horiek 2018. urtearen hasieran jarri ziren martxan hiriburuan. 2019an, Madrilek 12 metro luzeko Irizar ie bus modeloaren 20 unitate berri erosi zituen berriro, eta urte honen hasieran martxan jarri dira.
20 unitateko azken eskaera honekin Madrilek zero emisioko Irizar markako 55 autobus izango ditu. Egiaztatutako fidagarritasunarekin, autobus isil horiek, zero emisiokoak, efizienteak eta seguruak, hiri-ingurune hobeak sortzea ahalbidetzen dute eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute.